Zenbat mezu elektroniko jasotzen dituzue egun batean? Ziurrenik, asko, eta lan benetan zaila izaten da mezu horiek guztiak modu eraginkorrean kudeatzea. Horregatik, garrantzitsua da soluzio arin, malgu, oso eta eguneratu bat aukeratzea.

Posta elektronikoa komunikatzeko eta informazioa trukatzeko bide nagusietako bat da, bai barruan, langileen artean, bai kanpoan, hornitzaile, bezero eta kontaktuekin.

Datuak (kasu askotan, bereziki babestuak edo, are, konfidentzialak), bilerak, kontaktuen agenda... langile gehienen "Sarrerako ontzia"n egon ohi dira; beraz, ez da dudarik oso garrantzitsua dela posta elektronikoko hornitzaile on bat aukeratzea.

Zer abantaila lortuko dituzue posta elektronikoa kudeatzeko soluzio profesional eta zuen beharretara egokitutako batekin?

  • Eraginkorrago eta arinago lan egiteaz gainera, lasaiago arituko zarete enpresako komunikazioetan.

  • Segurtasun- eta pribatutasun-arloko araudiak hobetuko eta beteko dituzue.

  • Zuen mezu elektronikoak ez dira interpretatuko jaso nahi ez dituzuen mezu gisa, eta, beraz, ez dira spameko iragazkietan sartuko.

  • Datuen segurtasun-kopiak izango dituzue. Nork ez du aurreko mezuren bat bilatu han esaten zena kontsultatzeko? Posta elektronikoa informazioa trukatzeko bide nagusietako bat da; horregatik, ohikoa da han agertzea beste inon gordeta ez dauden datuak.

  • Nortasun korporatiboa indartuko duzue, profesionaltasun-irudia transmititzen duen domeinu pertsonalizatu bat izango baituzue.

Posta elektronikoa, beraz, erabakigarria da enpresaren eguneroko jardueran, eta emailing-zerbitzua ematen duten aukera ugari daude merkatuan. Ezagunenetako batzuk errepasatuko ditugu.

Erabilienak eta ezagunenak

Outlook

Enpresa handietan, hots, informazio- eta kontaktu-kantitate handiak kudeatu behar dituztenetan, gehien erabiltzen den posta-soluzioetako bat da Outlook.

Posta, egutegia, kontaktuak eta zereginak toki berean biltzeaz gain, beste funtzio batzuk ere baditu, hala nola bilera-aretoak erreserbatzeko aukera, bileretara joango direnen baieztapenen jarraipena egiteko aukera, eta bidaiak eta fakturak egutegian automatikoki eranstekoa.

Outlook Microsoft 365 Empresa soluzioaren parte da, eta aukera ematen du ekipoa une oro konektatua izateko eta enpresaren informazio orotara edozein gailutatik irispidea izateko, modu bizkor eta seguruan.

Gmail

Bizitza pertsonalean eta profesionalean gehien erabiltzen den posta-zerbitzuetako bat da Gmail.

Aukera ematen du posta elektronikoa enpresaren formatuarekin pertsonalizatzeko eta langile guztiei domeinuaren izeneko helbide elektroniko profesional bat esleitzeko.

Banaketa-zerrendak ere sor ditzakezue, eta, horretaz gainera, txateatzeko, bideo-deiak eta ahots-deiak egiteko edo fitxategiak eta zereginak partekatzeko aukera ere ematen du.

Gmailek segurtasuna babesteko funtzio aurreratuak ditu; ikaskuntza automatikoko ereduei esker, gai da spamaren, identitatea ordezkatzeko erasoen (phishing) eta software maltzurraren %99,9 baino gehiago blokeatzeko.

iCloud Mail

Apple etxearen posta elektronikoa da. Edozein sistemarekin erabil daitekeen arren, bereziki interesgarria da macOS, iOS eta watchOS sistema eragileak dituzten gailuekin lan eginez gero, haiekin bateragarria da eta.

iCloud Driverekin erraz parteka daitezke fitxategiak eta dokumentuak, enpresaren barruko zein kanpoko pertsonekin.

Gainera, hodeian biltegiratzeko zerbitzu berariazko bat du, ezkutuan nabigatzeko aukera ematen du, bai eta bost domeinu pertsonalizatu eta, domeinu bakoitzeko, hiru helbide elektroniko pertsonalizatu erabiltzekoa ere.

Ziur asko ezagutzen ez dituzun beste batzuk

Proton For Business

Proton For Business posta elektronikoko zerbitzu espezializatu bat da; pribatutasuna eta segurtasuna eskaintzen die negozioei, printzipio hau ardatz harturik: "zure datuak, zure arauak".

Enpresaren komunikazio, bilera eta dokumentu guztiak azken belaunaldiko zifratze-sistema baten eta segurtasun-funtzio aurreratuen bidez babesten dira.

Posta, egutegiak eta VPN dira zerbitzuaren ardatzak; beraz, hiru aukera bereizi ematen ditu: Proton Mail, Proton Calendar eta Proton VPN.

Proton, posta elektronikoko soluzio honen ardura duen enpresa, zientzialari batzuek sortua da, eta kode irekiko aplikazioak bakarrik erabiltzen ditu, betiere kanpoko ikuskariek aztertuak.

Zoho Mail

Zoho Mail posta elektronikoko zerbitzu segurua eta enkriptatua da, pribatutasuna bermatzen du eta ez du iragarkirik.

Aukera ematen du enpresarentzako domeinu bat sortzeko eta domeinu horretako helbideak konfiguratzeko erabiltzaileentzat.

Kontrol-panel zabala du, ezarpen, konfigurazio eta pertsonalizazio guztietara erraz sartzeko. Horrez gainera, Streams eskaintzen du, postako postontziei sare sozialen itxura emateko modu original bat, taldeak sortzeko, iruzkinak egiteko eta txatak eransteko aukera ere ematen duena.

Titan

Titan Mail enpresetarako posta elektronikoko zerbitzu osatu bat da, lehentasuna ematen diona xehetasun guztiak zaintzeari bezeroekiko harremanetan.

Edozein gailu mugikorretatik sar daiteke, bai Android bai iOS sistema eragilekoetatik.

Aukera ematen du zenbait kontu aldi berean administratzeko eta mezu elektronikoen bidalketak programatzeko; gainera, bilaketa aurreratuak ere egin daitezke, bidaltzailearen, gaiaren, dataren edo gako-hitzaren araberakoak.

Gogoan izan Euskaltelen bi aukera eskaintzen dizkizugula soluzio egokia kontratatzeko: Microsoft 365 essentials, negozioan txertatzeko tresna errazak behar dituzten ETEentzat pentsatua, eta Microsoft 365 premium, urrunetik lan egiteko soluzio osoago bat behar dutenentzat.

Gure lehentasunetako bat da kolaboratzaile adituak izatea beti, hots, teknologia-aukera osoena eta berritzaileena eskaintzeko gai diren profesionalak izatea, hala zuen enpresari arrakasta lortzen laguntzeko.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei edo Microsoft 365 empresa soluzioari buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez.