Ozeano Atlantikoaren beste aldean, ez gara atzean gelditu. Euskadin ere arnasten da berrikuntza-haizea. Hemen ere badugu enpresa hasi berrien geure booma. Hauek dira Euskadi nazioarteko enpresa-berrikuntzaren maparen erdigunean kokatu nahian dabiltzan protagonista batzuk:
DECORAMUS, GOZATU ETXEA DEKORATZEN
Decoramus onlineko plataforma bat da, eta dekorazioaren unibertsoa du ardatz. Sortzaileetako bat da Ruth Guerrero, eta harekin hitz egin dugu.
Euskaltel bloga: Zer da Decoramus?Ruth Guerrero: Decoramusen, erabiltzaileei beren etxeak eta negozioak dekoratzen laguntzen saiatzen gara. Prozesu horretan, nahiko galdurik egoten gara gehienak, eta, horregatik, hainbat gauza konbinatzen ditugu: online erosteko aukera, informazioa eta inspirazioa proiektuen argazkien eta artikuluen bidez, eta sektoreko profesionalei aholkua eskatzeko aukera.
EKT bloga: Zein zarete bazkide sortzaileak?R.G: Loida, Naiara eta ni, Ruth. Loidak enpresa-ikasketak egin ditu, Naiara ingeniaria eta web-garapenean aditua da, eta nire profila mistoa da. Ikus-entzunezkoen komunikazioan lizentziaduna naiz, eta Interneteko proiektuak garatu ditut nire ibilbide profesional osoan, bai programatzaile gisa, bai zuzendari gisa.
EKT bloga: Nola sortu zen Decoramusen ideia?R.G: Geure esperientzian oinarrituta. Izan ere, infernu bilakatu zitzaigun berez dibertigarria dirudien zerbait, etxea dekoratzea. Ezin genituen aurkitu aldizkarietan edo telebistan ikusten genituen gauzak, eta prozesu hori errazteko modua bilatu genuen.
EKT bloga: Nola lortu zenuten hasteko dirua?R.G: Kanpoko batere finantziaziorik gabe abiarazi genuen jarduera. Muturreraino eraman dugu bootstrappinga! Fakturatzen hasi ginenean, eta negozio-eredua bazebilela frogatzen, errazagoa izan zen finantziazio-saio txiki bat ixtea hazteko.
EKT bloga: Zer bilakaera izan du enpresak eta zein da zuen egoera gaur egun?R.G: 2013ko maiatzean utzi genituen beste batzuen kontura genituen lanpostuak, lanaldi osoan Decoramusen aritzeko. Ordutik hona, bikoiztu egin ditugu salmentak hiru hilabetetik hiru hilabetera, eta beste negozio-lerro batzuk garatu ditugu: muchohogar.com, etxerako era guztietako produktuak eta ideiak dauzkan gunea, eta personalizatumueble.com, altzariak saltzeko era berritzaile bat, non benetan behar duena soilik ordaintzen baitu bezeroak. Hala lortzen dugu, adibidez, kalitate bikaineko oheak soilik 24 €-an izatea.
EKT bloga: Ekintzaileek izaten dituzten oztopo nagusiak eta egiten dituzten akats nagusiak?R.G: Oztopo nagusia finantziazioa da. Asko kostatzen da lortzea, baldin eta ez baduzu aurrez frogatu diru-sarrerak lor ditzakezula; eta dirua espero baino beranduago iristen da.
Gure akats nagusietako bat izan zen ez lehenago hastea proiektuan lanaldi osoa egiten. Zaila da haztea ez bazara horretan buru-belarri ari.
EKT bloga: Zer esango zenieke beste ekintzaile batzuei?Koltxoi ekonomiko bat izateko, eta Lean Startup deritzon ereduari jarraitzeko, kostu handiegirik ez izateko. Horri buruzko informazio asko dago Interneten!
Nire iHealth, 2.0 prebentzioa eta ongizatea
Gaur aurkezten dugun bigarren enpresa hasi berria Nire iHealth da, eta teknologia eta osasuna bateratzen ditu. Álvaro Martínezekin hitz egin dugu, marketin- eta komunikazio-arduradunarekin.
EKT bloga: Nola definituko zenuke Nire iHealth?Álvaro Martínez: Nire iHealth enpresa hasi berriak eduki teknologiko handia du. Medikuen eta osasungintzako beste espezialista batzuen urruneko sorospenarekin, erabiltzaileen bizimodua zaintzen eta kontrolatzen laguntzen du. Sistemak pertsona bakoitzaren osasun-egoera eta gustuak interpretatzen ditu, eta, haietan oinarrituta, neurrira prestatutako osasun-aholkuak ematen ditu. Hala, norberaren burua zaintzeko era ezin hobea eskaintzen du.
EKT bloga: Nondik dator ideia?A.M: Etxekide enpresak zaintza soziosanitarioak eskaintzen ditu, eta 2010. urtean konturatu ziren gaixo kronikoei arreta emateko eta biztanle guztien prebentziorako erabil daitekeela teknologia. Enpresa hori José María Arízagak sortu zuen, eta Nire iHealthen bazkide ere bada. Horrela hasi zen dena.
EKT bloga: Nork sortu zuen?A.M: Zenbait profesionalek hartu dute parte Nire iHealthen sorreran: Txaber Gandiaga, Luis Ignacio Arizaga, Ricardo González, José María Arizaga, Gorka Muñekas eta José María Sainz de Vicuña.
EKT bloga: Zein da zuen enpresaren gaur egungo egoera eta zer espero duzue etorkizunean?A.M: Gure bulego nagusiak Bilbon daude, hasi ginen herrian. Eta orain baditugu egoitzak Bogotan eta Abu Dabin ere. Gaur egun, Latinoamerikan finkatzea dugu helburu, eta erabiltzaile-kopurua handitzen joatea.
EKT bloga: Oztopoak eta akatsak?A.M: Gure oztopo nagusia ohiko negozioen erritmoaren eta enpresa hasi berrien erritmoaren arteko desberdintasuna izan da. Gure akats nagusia, berriz, sirenen kantu eztiei jarraitzea; ezagutza eta balioa duten proposamenak aintzat hartzen jakin behar da, eta ez itsutu zifra handiekin.
EKT bloga: Zer aholkatuko zenioke negozio bati ekitekotan dagoen norbaiti?A.M: Bazkideak ondo aukeratzeko eta guztien aholkuak ondo gogoan hartzeko. Bakoitzak bere interesak ditu, hala da hori, , eta, beraz, interes horiek antzemateko gai izan behar duzu, zure negozio-ideiari eragin ez diezaioten.
Artikulu honen bigarren zatirako utziko ditugu beste bi negozio hasi berri. Baietz jateko eta kontzertu batera joateko gogoa piztu!