Laura Marrón elkarrizketatu dugu, BAICeko (Adimen Artifizialaren Euskal Zentroa) zuzendari nagusia. Zentro espezializatu horren (Euskaltel kide da) jarduera-ildo nagusiak, adimen artifizialak euskal enpresa-sarean duen garrantzia eta presentzia, eta etorkizun hurbilerako helburu nagusiak izan ditugu hizpide.
Zer da BAIC (Adimen Artifizialaren Euskal Zentroa)? Noiz eratu zen?
BAIC, Basque Artificial Intelligence Center, 2021eko uztailean eratu zen, zenbait enpresak eta erakundek sustatuta. BAICen helburu nagusia da Euskadi adimen artifizialaren erreferentziazko polo gisa kokatzea, ez bakarrik Estatuan, baita Europan eta nazioartean ere.
Zer jarduera-ildo nagusi ditu?
BAICen jarduera-ildo nagusiak bost ardatzetara bideratuta daude.
Alde batetik, Behatokiaren arloa daukagu, Euskadik adimen artifizialaren arloan zer gaitasun dituen jakiteko, haiek indartzeko, eta nazioartean etikari, araudiari eta abarri dagokienez dauden joerak ezagutzeko.
Bigarren ardatza adimen artifizialeko gaitasunak eta talentua dira. Maila horretako bilakaera teknologikoak pertsonen garapenean inbertsio nabarmen bat egitea eskatzen du.
Hirugarren puntua datuaren estrategia da, adimen artifizialeko algoritmoek datu-multzo handi bat behar baitute. Lan egin behar dugu datu horiek lortzeko, tratatzeko eta modu arduratsu eta kontrolatuan partekatzeko.
Beste ardatz bat proiektuena da. Sortzen ari garen pieza horiek guztiak industriarako benetako erabilera-kasuetara iristeko dira; beraz, sinergiak behar ditugu industriara azkar iritsiko diren proiektuak sortzen eta bizkortzen joateko.
Azkenik, bosgarren ardatza posizionamenduarena izango da; batez ere, adimen artifiziala ikusarazteko, hala maila sozialean nola industrialean adimen hori ezagutu, harekin ohitu eta gure garapen ekonomikorako dituen gaitasunak ezagut ditzagun.
Zenbat enpresak eta erakundek osatzen dute BAIC?
16 bazkide sustatzailek bultzatu dute BAIC, hala nola Euskaltelek. Haien artean daude Euskadiko enpresa eta erakunde nagusiak, sektore hauen ordezkari gisa: industria, adimen artifizialaren hornitzaile diren enpresak, adimen artifizialarekin erlazionatutako startup-ak, ezagutza-agenteak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea. Lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat da, Eusko Jaurlaritzak SPRIren bidez babesten duena.
Laura Marrón: “BAIC lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat da, Eusko Jaurlaritzak SPRIren bidez babesten duena”.
Euskaltel BAICeko kidea da. Zer eginkizun du telekomunikazio-operadore batek horrelako erakunde batean?
Funtsezko eginkizuna du. Adimen artifizialari lotutako irtenbideak ere garatzen ditu Euskaltelek.
Adibide bat da bezeroentzako zerbitzuak hobetzeko adimen artifiziala nola erabiltzen duzuen. Gure bezeroak eta haien kontsumo-joerak hobeto ezagutzen baditugu, algoritmo batzuk aplika ditzakegu salmentak maximizatzeko eta eskain ditzakegun zerbitzuen balio erantsian sakontzeko.
Beste adibide bat da adimen artifiziala aplikatzea terminalen erosketan edo zenbait eragiketatan gerta daitezkeen iruzurrak detektatzeko. Adimen artifizialeko algoritmoak orobat erabil daitezke konexio-sarean, bai Interneten bai telefonian, anomaliak detektatzeko; hori guztia denbora errealean.
Zergatik Adimen Artifizialaren Euskal Zentro bat? Nondik sortu dira beharra eta ekimena?
Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategiaren barruan, adimen artifiziala garapen industrialerako funtsezko palanka gisa identifikatu da. Behar hori ikusita, garrantzitsua da komunitate mailan bultzada orokorra eta zeharkakoa ematea. Bazkide sustatzaile horiek, tartean Euskaltel, batzen dituen interes batekin elkartu dira: guztien artean Euskadiko adimen artifiziala eraikitzeko esparrua sortzea.
Zer esan nahi du BAIC bezalako erakunde batek Euskadirentzat?
Gure gaitasunen ezagutza eskura jar dezakegu, eta gure industria-sareko enpresa guztiak nazioartean kokatzen lagundu. Bakarka ahalegin askoz handiagoa egin beharko genuke, eta, BAICek bultzatzen duen ekosistemari esker, askoz indartsuagoak izango gara kanpora begira.
BAIC adimen artifizialean espezializatutako zentro bat da. Zer aplikazio ditu eta zer presentzia du gaur egun euskal enpresetan?
Adimen artifizialaren aplikazioak nahiko garatuta daude Euskadin. Hala ere, ezarpen- eta garapen-erritmo desberdinak daude. Enpresa batzuek askoz urte gehiago daramatzate lanean, eta batzuek erabilera oso aurreratua dute; beste batzuek, agian, ez dute pauso hori eman oraindik.
Garrantzitsua da urratsak egin dituzten eta arrakasta izan duten kasu horiek ikustea, eta oraindik animatu ez direnei mezu baikorra helaraztea. Alegia, egin dezaketela BAICetik bultzatzen dugun ekosistema horretan babestuta.
Erabilera-kasuei dagokienez, hor ditugu makinen mantentze-lan prediktiboen kasu argiak. Kasu horietan, makina bat noiz honda daitekeen identifika dezakegu, haren funtzionamendu-datuak aztertuz. Badaude zenbait soluzio adimen artifiziala logistikan aplikatzeko, bai erosketetan bai bezeroen kudeaketan, eskaeren historia edo gure bezeroen ezagutza-eredua oinarri hartuta eskain ditzakegun zerbitzuak edo produktuak optimizatzeko. Eta badira industria-instalazioetan agertokiak erreplikatzeko edo simulazioak edo entrenamenduak egiteko aplikazioak ere, hala nola biki digitala. Egiazki, ehunka erabilera-kasu daude dagoeneko euskal enpresetan.
Laura Marrón: “Adimen artifizialaren aplikazioak nahiko garatuta daude Euskadin. Hala ere, ezarpen- eta garapen-erritmo desberdinak daude”
Lankidetza funtsezko oinarria da gero eta deslokalizatuagoa eta digitalagoa den mundu honetan. Zer aliantza eta lankidetzarekin egiten duzue lan BAICen? Badago lankidetza publiko-pribaturik?
Lankidetza publiko-pribatua badago, noski. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren eta zenbait alorretako enpresa eta erakundeen arteko lankidetza publiko-pribatu horretatik sortu gara.
Bestalde, estatu mailan beste lankidetza batzuk ere ezarri ditugu, hala nola IndesIA-rekin duguna. IndesIAk ere datuen erabilera eta adimen artifiziala sustatzen ditu, ikuspegi industrial hutsarekin.
Lankidetza bat sinatu dugu BAIDATArekin. International Data Spaces Association (IDSA) elkartearen nodo bat da, eta elkarte horrek jarri du abian, datuen subiranotasuna eta ekonomia garatzeko. Zuzendaritza Batzordeko kideak gara. Baditugu zenbait kide komun, hala nola IndesIA eta Tecnalia, Gaia-X-n, zeina Europako ekimen bat baita datu-azpiegitura ireki eta segurua sortzea helburu duena. Vanguarden ordezkariak gara Euskadin, haren adimen artifizialeko pilotuaren barruan.
Ikuspegia adimen artifizialean eta industrian ezarria duten bazkideekin ekosistema sortzearen alde egiten dugu.
BAICeko zuzendari gisa etapa berri honetarako dituzun helburu nagusiak.
Helburu horiek bat datoz hasieran planteatu ditudan ardatzekin. Ekintza nagusietako bat izango da adimen artifizialaren arloan ditugun gaitasunak ezagutzea Behatokiaren barruan, Euskadiko adimen artifizialaren liburu zuri bat idatziz.
Hori izango da abiapuntua, nola gauden, nor garen eta hurrengo urratsik garrantzitsuenak zein diren ikusteko, ez bakarrik industria gisa, baita gizarte gisa ere. Hori izango litzateke puntu nagusia.
Guretzat funtsezkoa den beste puntu bat da hazten joatea eta elkartean sartu nahi duten bazkide guztiei tokia egitea.
Bestalde, gaitasunak ezagututa eta muntatzen joango garen ekosistema hori kontuan hartuta, hurrengo urratsa da jakitea zer gertatzen ari den herrian eta nazioartean. Pixkanaka hornitu beharko ditugun gaitasunak eta talentua lantzea, gure datu-estrategia modelizatzea, erabilera-kasuak eta proiektuak sortuz, eta, jakina, adimen artifizialaren erabilera etiko eta arduratsuaren berri ematea.