Gaur egun, teknologia erritmo bizian ari da aldatzen, eta enpresok lanak izaten dituzue aldaketa horietara egokitzen eta eguneratzen. Beharrezko eraldaketa digitaleko prozesuari laguntzeko, Industria Digitala programa dugu Euskadin, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak sustaturik. Jarraian azalduko dizugu zer diren laguntza horiek. Bide batez, dagoeneko irekita dago 2024ko eskaerak egiteko epea.
Industria Digitala 2024 digitalizazioa bultzatzeko laguntzak dira. Haien helburua da euskal enpresen lehiakortasuna sustatzea, eta, horretarako, teknologia digitalak eta jasangarriak ezartzea aurreikusten du. Horrenbestez, modu ona dira enpresaren eraldaketa digitala bultzatzeko, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bitartez.
Industria Digitalak baliabideak eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen ditu, eta, hala, baliagarria izango da zuen lehiakortasuna areagotzeko eta merkatuan posizionamendua hobetuko duten abantailak garatzeko.
Industria Digitala 2024: onuradunak eta epeak
Lehenik eta behin, nabarmendu behar da Euskadiko enpresa guztiak izan daitezkeela Industria Digitala programaren onuradun.
Eta une honetatik bertatik, gainera. Izan ere, martxoaren 6an hasi zen laguntzak eskatzeko epea eta 2024ko azaroaren 4ra arte egongo da zabalik.
Denbora horretan guztian, eskura izango dituzue laguntza horiek —urtean 23.000 eurokoak ere izan daitezke enpresa bakoitzeko—, diagnostiko-proiektuak edo teknologia digital eta jasangarriak ezartzeko, balio-katea hobetzera bideraturik.
Laguntza horiek gorabidean dauden gaiei lotutako produktu, prozesu eta zerbitzuak dituzte xede, hala nola Big Data, errealitate birtuala edo efizientzia energetikoa.
Zehazki, tankera honetako soluzio teknologikoetan aplikatzen dira:
-
Big Data: sentsorika, zerbitizazioa, prozesuak automatizatzea edo bloke-katea.
-
Errealitate birtuala, areagotua eta mistoa, eta ikusmen artifiziala.
-
Dokumentu elektronikoak zaintzea: datuak zaintzeko zerbitzuak, Europako eIDAS2 Erregelamenduaren TS 119 511 (2019/06) eta TS 119 512 (2020/01) arauen arabera.
-
Merkataritza elektronikoa: erosketa eta salmenta elektronikoak, baita ERParekin integratutako B2B edo B2C proiektuak ere.
-
Produkzioa, analisia eta erabakiak hartzea.
2024ko deialdi honetako berrikuntzen artean, gaur egun eskari handia duten soluzioak ageri dira:
-
Biki digitalak, alderdi fisikoa eta birtuala konbinatuz prozesu industrial konplexuak simulatzeko.
-
Energia-kudeaketa, efizientzia ez ezik deskarbonizazioa ere hobetuko duten tresna digitalak ezarriz.
-
Biltegia kudeatzea, inbentarioa eta hornidura-katea modu efizienteagoan kudeatzeko.
-
Business Intelligence edo negozio-adimena, BI txostenak bistaratzeko sistemak martxan jarrita.
Horretaz gainera, Industria Digitala 2024k baditu laguntza espezifikoak, alor hauetan diharduten ETEentzat:
-
Enpresa-kudeaketa: ERPak, mantentze-lanen eta laguntza teknikoko zerbitzuen kudeaketa, kudeaketa logistikoa eta prozesuak automatizatzea.
-
Life Cycle; hau da, produktu baten bizi-zikloaren kudeaketa osoa, ezartzen den unetik hasita.
-
Bezeroen kudeaketa. Bezeroekiko harremanak optimizatzeko CRM (Customer Relationship Management) proiektuak ezartzea da 2024ko deialdiaren berrikuntzetako bat.
Industria Digitala 2024: nola eskatu laguntzak
Industria Digitala 2024ko laguntzak online eska daitezke Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webgunetik.
Orrialde horretan bertan aurkituko duzu informazio zehatza, eta hantxe izango duzu aukera, orobat zalantzak kontsultatzeko.
Eta, beti bezala, Euskaltelen laguntza osoa izango duzu eraldaketa digitaleko prozesu guztietan laguntzeko.
Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoez gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinean edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario honen bidez. Azken albisteak ezagutzeko, jarraitu guriLinkedInen.