Zuen enpresa edozein sektoretakoa dela ere, eta edozein digitalizazio-maila duela ere, zaindu egin behar duzu haren segurtasuna. Erakundearen informazioa babesteko hainbat soluzio daude merkatuan; eta antibirusa da, seguru asko, gogora datorkizun lehena.
Oro har, edozein motatako malwareakegindako ekintza maltzurrak detektatzen, blokeatzen eta ezabatzen dituen software bat da antibirusa. Gaur egun, ezinbesteko tresna bat da zibersegurtasuna zaintzeko soluzioen artean, enpresa guztientzat.
Nola funtzionatzen dute antibirusek?
Lehen, analisian eta datu-base batekiko konparazioan oinarritutako eredu bat erabiltzen zen. Datu-basean, malware mota desberdinak jasotzen ziren, eta haientzat berariazko sinadura edo ‘txerto’ bat sortzen zen. Horrela funtzionatzeak arazo bat du, ordea: lehendik ezagutzen ziren mehatxuak bakarrik atzematen ziren, eta babesak ez zuen balio arrisku berri edo ezezagunei aurre egiteko . Gaur egun, ordea, argi daukagu eraso eta iruzur elektronikoak oso azkar aldatzen eta eguneratzen direla. Horregatik garatu ziren antibirus berriak, heuristikan oinarrituak.
Adimen artifizialean oinarritutako sistema bat da heuristika, eta identifikatu gabeko malwarea atzemateko balio du. Gainera, arriskuei aurrea hartzeko gaitasun handia du, datuen analisi aurreratuari esker, eta gai da mehatxuak azken erabiltzailearengana iritsi baino lehen atzemateko. Soluzio proaktiboak dira, eta maltzurrak edo susmagarriak izan daitezkeen fitxategietan arreta jartzeko aukera ematen dute, nahiz eta ordura arte ez inon agertu malware gisa. Izan ere, elementu arriskutsuak lehendik detektatutakoekin konparatzeaz gain, elementu berriek proba-inguruneetan edo ingurune pertsonalizatuetan nola funtzionatzen duten aztertzen dute.
Adimen artifizialeko soluzioak erabiltzen dituzten antibirusek antibirus tradizionalek baino askoz arrisku gehiago atzematen dituzte, baina zorrotz jokatu behar dute, positibo faltsurik ez sortzeko. Gainera, kontuan hartu behar dugu tresna konplexuagoak direla eta baliabide gehiago behar dituztela funtzionatzeko; eta, beraz, horrek eragina izan dezake zuen erakundeko aplikazioetan. Antibirus aurreratuenek (Panda, Bitdefender…) hodeian egiten dituzte lan horiek, eta, hala, prozesu-karga horietatik aske geratzen dira ekipoak, eta errendimendu handiagoa dute.
Egokiena da bi antibirus-sistemak erabiltzea, baina, nolanahi ere, kontuan izan nahitaezkoa dela zuen ETEaren antibirusa beti eguneratuta egotea, sarean dabiltzan eta egunero asmatzen diren mehatxuetatik babesteko.
Malwarearen kontrako enpresetarako segurtasun-sistemei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresa bezeroarentzako sail komertzialarekin.