Lehenik eta behin, badakizu zer den startup bat? Azkenaldian, askotan entzungo zenuen hitz hori, baina beharbada ez zaizu garbi gelditu zer den zehazki.
Bada, «El Método Lean Startup» liburuaren idazle Eric Ries-en arabera, “segurtasunik ezeko egoera muturrekoetan zerbait sortzen aritzen diren erakundeak”. Beste era batean esanda, startup deritzenak hazkunde laster eta eskalagarria bilatzen duten ekintzailetza-ekimenak dira, normalean Interneteko negozioekin edo teknologia berriekin zerikusia dutenak.
Eta zer dakigu «lean» terminoaz? Hitzez hitzeko itzulpena «arin, lerden» da, baina prozesu efizienteez hitz egitean erabiltzen ari da duela urte batzuk. Izatez, industrian, lean kontzeptua Toyotaren Lean Manufacturing izenekoarekin sortu zen, eta geroztik arrakastaz erabiltzen ari da beste adar batzuetan, hala nola Lean Marketing-ean.
Lean Metodoak ikuspegi berri bat dakar enpresak hazteko eta produktuak merkaturatzeko moduan. Eta kontua da, gainera, era guztietako enpresentzat balio duela; ondo doa hala familia-enpresa txikientzat nola proiektu sortu berrientzat, bai eta konpainia handi eta sendotuentzat ere. Helburua beti da bera, efizientzia handiagoa lortzea hiru zutabe nagusitan oinarrituta:
- Laburrago eginproduktua garatzeko zikloa.
- Emaitzak neurtu,modu eraginkor eta errealistan, jakiteko zer nahi duten egiazki kontsumitzaileek.
- Enpresa arin eta zalu bihurtzea, emaitzen arabera norabidez erraz aldatzeko.
Bestela esanda, oso bizkorrak izatea gure produktuaren/zerbitzuaren lehen bertsioak merkatuan jartzeko (nahiz ez osotara perfektuak izan) erabiltzaile eta bezeroen esperientziarekin hobetzeko. Harrera ona izaten badu, ildo berean jarraitzea, eta ez bada hala, berriz, bizkor biratzea merkatura egokitzeko. Bizkortasuna, gauza guztien gainetik. Berrikuntza etengabea. Eta, askotan, betiko Beta bat sortzea...; horretaz hitz egingo dugu zehazkiago Ekintzaileei buruzko hurrengo postean ;)
Mundu osoko fenomenoa
Post honetan, ez dugu asmorik liburuaren laburpena egiteko eta formula magikorik eskaintzeko egun gutxi batzuetan Mark Zuckerberg edo Steve Jobs-en pare jar zaitezen edo Legoren merkataritza-arrakasta lor dezazun. Ez da hori gure asmoa, inola ere. Nahi duguna da negozioen munduan gainez gain dabilen mugimendu baten ildo nagusiak zuri erakutsi. Dropbox adibide argia da, Eric Ries-en metodoarekin lortutako arrakastarena, baina ez bakarra; ezagutu itzazu beste batzuk.
Interesatzen bazaizu, seguru gaude zeu hasiko zarela gehiago sakontzen eta liburua irakurtzen. Nahiago baduzu gauza errazago batekin hasi, bideo hau ikus dezakezu":
* Nabarmendutako irudia todostartups.com-etik hartua da.
Zehazki, post honetatik: http://www.todostartups.com/bloggers/infografia-resumen-del-metodo-lean-startup-por-miquelmora. Egilea Miquel Mora da (@MiquelMora).