Gure gizarte hiperkonektatu honetan, digitalizazioa abiadura handian bizi dugu, gure enpresaren neurria eta sektorea edozein direlarik ere. Eta horri, gainera, mundu osoko pandemia bat eransten badiogu, ezinbesteko bihurtzen da ETEak digitalizatzeko soluzio teknologiko onenak bilatzea.
Unnefar taldea osatzen duten banaketa farmazeutikoko hamar enpresak lider dira beren jardun-eremuan, eta kontziente dira COVI-19ak arlo guztietan eragingo diola farmazeutika-sektoreari.
Pandemiaren egoera era transbertsalean landu ahal izateko, eta, halaber, urruntze sozialaren garai hauetan laborategi eta farmazien arteko topagune bat eskaintzeko, Expofarma Digitalen I. Edizioa antolatu da.
Farmazia-sektoreko profesionalentzako topaketa birtual bat
Expofarma ekitaldiak Unnefar taldeko partaideek antolatu ohi dituzte, haien zerbitzuen inguruko berrikuntzak, trebakuntza-saioak edo hitzaldi interesgarriak partekatzeko. Beti presentzialak izan diren ekitaldi horiek ingurune digitalera eraman dira, eta eremu erabat birtualean egin dira.
Euskaltel Taldea izan da topaketa birtual honetako partaide teknologikoa. HSI enpresarekin batera, Expofarma Digital-en I. edizio honen plataforma jarri du abian, non 70 laborategi baino gehiagoren proposamenak eta 20 zerbitzu-erakusle bildu baitira, bai eta farmazia-sektoreko hamar adituren ekarpenak ere, “Farmazia COVID-19aren ondoren” Jardunaldiaren barruan emandako hitzaldietan.
Farmazia ezinbesteko laguntza-zerbitzu bat da, eta herritarrengandik hurbilen dagoen osasun-zentroa; beraz, teknologiak lagundu egin behar du bezeroaren eta farmazialariaren arteko harreman estu hori hobetzen eta sendotzen, inolaz ere ezin du hura konplikatu edo ahuldu. Baina nola egin dezaket hori?
Lehenik eta behin, galdera batzuk egin behar dizkiogu geure buruari:
Gure oraingo bezeroek zergatik jarraituko dute guri erosten? Belaunaldi berriei gauza berak saltzen jarraituko dugu? Badakigu datuak baliozko informazio bihurtzen eta gure zerbitzuen esperientzia digitala eskaintzen? Oro har, teknologia egoki ari naiz sartzen negozioan?
Bezeroak aldatzen ari dira, eta denbora errealean, erraz eta bizkor kontsumitu daitezkeen soluzioak nahi dituzte behar zehatzetarako; horrek esan nahi du enpresek, arrakasta izango badute, kontsumitzeko era berrietara ondo egokitzen diren proposamenak egin behar dituztela, beren bezeroekin harreman iraunkorra sortu ahal izateko. Izan ere, bezeroak guztiaren erabiltzaile dira, baina ez dira ezeren jabe.
Hortxe sortzen da farmazia digitalaren kontzeptua.
Ahalik eta errazen esanda, plataforma teknologiko bat da, farmaziako bezeroen osasun-programen jarraipena egiteko balio duena. Esate baterako, aukera ematen du osasun-erregistro pertsonal bat izateko, non, besteak beste, neurketen historia bat eta aldizkako azterketa bat baitaude, gaitzei garaiz antzemateko. Bezeroei dagokienez, erraztu egiten du haiei gomendio pertsonalizatuak egitea eta zerbitzu berriak aurkeztea, eta horrek leialtzea sendotzen du.
Euskaltel Taldeak, aholkulari teknologikoa den aldetik, hainbat soluzio ekarri ditu Expofarma Digital erakusketa birtualera, enpresen eta, zehatzago, farmazien eraldaketa digitala bultzatzeko. Gauzen Internet (IoT), analitika aurreratua, big data eta bezeroaren arretarako kanal digitalak dira lan-prozesuak eta bezeroekiko interakzioakerraztuko dizkizuten tresna teknologikoetako batzuk.
IoT sentsorizazioaren bidez zerbitzuak eraldatzeak aukera ematen du, alde batetik, negozio-ezagutza automatizatzeko eta eraldatzeko eta, bestetik, datuak gorde eta kudeatzeko eredu berri bat sortzeko.
IoT aplikatuaren adibide bat hauxe izango litzateke: hozkailuetako tenperaturan eta giro-tenperaturan gorabeherak daudenean haiek neurtu, erregistratu eta jakinaraztea, indarrean dauden araudiak betetzeko eta zerbitzu pertsonalizatu osoa webgunearen eta mugikorreko aplikazioen bidez modu zentralizatuan eskuragarri egotea.
Azken batean, Exporfarma Digital erakusleiho paregabea da lankidetzako lan-ingurune eta -ereduetan soluzio berritzaileen bidez teknologiak zer lor dezakeen erakusteko.
Gure helburua, beti bezala, teknologia berritzaileena zure esku jartzea da, zure enpresaren lehiakortasuna hobetu dezazun.
Informazio gehiago jaso nahi baduzu, harpidetu zaitez gure buletinean. Enpresa-bezeroentzako sail komertzialarekin ere jar zaitezke harremanetan.