Ez dago zalantzarik: iraultza teknologiko bat bizitzen ari gara, egoera geopolitiko globala aldatzen ari diren aztertzeko eta erabakiak hartzeko modu berriak dakartzana.

Eta horri buruzkoak izan dira Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoak; ekainaren 6an egin dira, asteartearekin, Eneko jatetxean, Eneko Atxaren Azurmendi gunean, Larrabetzun.

Euskadiko erreferentziazko ekitaldi horretan, euskal enpresetako 115 ordezkarik baino gehiagok eman dute izena.

Urteroko hitzordu finkatua eta ezinbestekoa da, eta gai geopolitiko garrantzitsuak eta joera teknologiko berrienak uztartzen dira, betiere ospe handiko aditu eta hizlari handien eskutik. 2022ko edizioan, adibidez, Metabertsoa izan zen Jardunaldi Teknologikoen protagonista nagusietako bat. Oraingoan, besteak beste, adimen artifiziala eta errealitate birtuala (VR) eta areagotua (AR) izango dira.

Jardunaldi Teknologikoen aurtengo edizioan, Shlomo Ben Ami diplomatikoak eta adimen artifizialean aditu eta Deloitteko bazkide emeritu Macarena Estévezek hartu dute parte. Haietaz gain, hauek ere izan dira: Pablo Ayala, Innovae-ko CEOa; Iñigo Astudillo, Egibideko aktibo eta baliabideen koordinatzailea; eta Oscar Rejas, enpresen zuzendari komertziala, Euskaltelen ordezkari gisa.

Teknologia berrien ondorioz mundu mailan izan diren azken aldaketei buruz eztabaidatu dute denek, eta aztertu dute zenbateraino dauden prestatuta enpresak haiei aurre egiteko.

Izan ere, Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoak enpresen ideia, joera eta balio berriei buruz hausnartzeko topaketak dira.

Oraingoan, "Gizaki gisa lider izaten jarraitzeko erronka" izenburupean, historiako iraultza teknologikorik handiena bihurtu dena ikertu nahi zen, eta, aldi berean, gure esku dauden teknologia eta tresna berrien ondorioz enpresek lanean izan dituzten aldaketei buruz hausnartu.

Shlomo Ben Ami: Desordena geopolitikoa eta aldaketa teknologikoak

Shlomo Ben Ami diplomatiko, Israelgo Kanpo Arazoetarako ministro ohi eta historialariak egoera geopolitiko globala analizatu du, eta baita aldaketa teknologikoek munduko panoraman zer-nolako eragina duten ere. Izan ere, azken urteotan, aldaketaren eta iraultza teknologikoaren alde egiten duten herrialdeetako egoera ekonomiko, politiko eta soziala erabat aldatu da, eta komeni da ulertzea zertan diren superpotentzia handien arteko egungo merkataritza-gerra eta karrera teknologikoa.

Izan ere, jauzi esponentzial eta iraultzaileen garaiak bizi ditugu, eta jauzi horiek etorkizun oparoa dakarte gizateriarentzat, baina baita mehatxu handiak ere. “Adimen artifizialaren gerra”, adibidez, bereziki arriskutsua da, armak ikusezinak diren garai honetan ez baita oraindik asmatu oreka globalen diplomazia.

Iñigo Astudillo: Etorkizuneko hezkuntzarako idazmahai birtualak

Egibidetik, Iñigo Astudillo aktibo eta baliabideen koordinatzaileak idazmahaiak birtualizatzeko egiten ari diren apustua nabarmendu du. Hain zuzen ere, haiei esker, ikasle eta hezitzaileen hezkuntza-baliabideak edozein lekutan edo egoeratan eskuratzeko aukera bermatzen da.

Soluzio horren bidez, prozesuak optimizatu eta arindu daitezke, eguneroko bizitzako eskaerei (prestakuntzakoak, operatiboak eta kudeaketakoak) azkar erantzuteko.

Macarena Estévez: Makina lagunak

Inoiz galdetu diozue zeuen buruari nola ikusten duten etorkizuna oraindik jaio ez direnek? Horri buruz mintzatu da Macarena Estévez, Datuak eta AA aztertzeko Deloitteko bazkide emeritua. Haren ustez, garrantzitsua da etorkizunari hurrengo belaunaldien begiekin begiratzea, gure erabakietan nola eragin dezakeen jakiteko.

"Makina lagunak" izeneko hitzaldian, adimen artifizialari buruz hitz egin digu, gaur egun duen eraginari buruz eta etorkizunean enpresetan izango duenaz. Prozesuak automatizatzen eta eguneroko zereginetako batzuk hobeto egiten laguntzen du AAk; beraz, enpresak eraldatu eta egokitu egin behar dira. Horrenbestez, azken joeren berri izatea eta aurrea hartzea izango da enpresa-ekosistema berriko lider izateko giltzarrietako bat.

Mahai-ingurua: Iraultza teknologikorako prestatua dago zure enpresa?

Jardunaldi Teknologikoen programa osatzeko, mahai-inguru profesional bat izan da, Iñaki González Noticias Taldeko Argitalpen eta Edukien zuzendariak moderatua. Bertan, Shlomo Ben Ami, Iñigo Astudillo eta Macarena Estévezez gain, Pablo Ayala Innovae enpresako CEOak —errealitate areagotuan eta birtualean aditua da enpresa— eta Óscar Rejas Euskalteleko zuzendari komertzialak ere parte hartu dute.

Mahai-inguruak eztabaidarako topagune izan nahi zuen, galdera hau abiapuntutzat hartuta: iraultza teknologiko honen erdian, prestatua dago zure enpresa?

Mundu mailako aldaketak eta egoera berri horren aurrean dauden estrategiak errepasatu dituzte parte-hartzaileek; hori guztia, teknologia erdigunean zela. Bizi garen mundua, efektu digitalak baldintzatua, duela pare bat urtekoaren oso bestelakoa da, eta orain bizi garen mundu honetan erabakiko dugu zein izango den gure etorkizuna, jada hemen dugun etorkizuna.

Errealitate areagotuaren esperientzia-txokoa

Innovaeren eskutik, errealitate areagotuko (AR) eta errealitate birtualeko (VR) esperientzia-txoko bat izan dute Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoek.

Teknologia horiek enpresa-sektorean duten aplikazio praktikoa aztertzeko gune bat, 3Dko proiektuak, murgiltze-prestakuntzak eta simulazioak erakusten dituena. Hala, parte-hartzaileek aukera izan zuten errealitate areagotua eta errealitate birtuala zuzen-zuzenean probatzeko, ikusteko zeinen tresna baliagarriak diren efizientzia, trebakuntza eta elkarlana sustatzeko lan-ingurunean.

Etorkizunaren aldeko ekitaldi jasangarria

Euskaltel sektoreko erreferentziazko enpresa bihurtu da ingurumen-kudeaketako politikei dagokienez. Hala, karbonoaren aurkako borrokan telekomunikazioen sektoreko enpresa aitzindaria izanik, Europako enpresa aitzindarien TOP 20an sartu ginen 2022an, hots, karbono-emisio gehien murriztu dutela frogatu duten Europako enpresa aitzindarien zerrendan.

Ingurumen-arloko gure estrategia arduratsuarekin bat etorriz, hitzeman dugu ekitaldian ezinbestean sortuko diren gas-emisioak konpentsatuko ditugula, Lurgaia Fundazioaren bidez Urdaibain bertako zuhaitzak landatzea ordainduta.

Egin klik hemen Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoak berriro ikusi nahi badituzu.

Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez.