Berrikuntzako irakasle da Enrique Dans IE Business Schoolen, eta hizlari eskarmentuduna. Gai hauek jorratuko ditu Dansek Prest jardunaldian: enpresen eraldaketa digitalak dakartzan desafioak, eta errealitate digital berrira egokitzeko zer arau orokor bete behar dituzten enpresek. Horrez gain, moderatzaile jardungo da mahai-inguru batean, non Real Sociedad taldeak eta Zuatzu Klinikak beren proiektu txit berritzaileak aurkeztuko dizkiguten. Hilaren 29an Donostian jorratuko dituen gai horietako batzuk aurreratzeko eskatu diogu Dansi.
–EKT bloga: Zein da enpresen egungo egoera, eraldaketa digitalari dagokionez? Sektoreren bat nabarmentzen al da aldaketara egokitzeko duen gaitasuna dela eta?–Enrique Dans: Oso-oso motel ari dira berenganatzen teknologia enpresak, aukera bat iruditzen baitzaie. Baina ez da aukera, premia baizik, eta ez bagara bizkor mugitzen, beste norbaitek gure produktuen edo zerbitzuen antzeko beste batzuk merkaturatuko ditu (lehiakorragoak, seguruenik), guk motelegi gureganatu dugun teknologia hori erabilita. Kasu ezagun bakoitzeko (Uber, taxiak; Facebook, egunkariak; Amazon, txikizkako salmenta...), hain ezagunak ez diren beste kasu askok adierazten dute hainbat eta hainbat enpresak ez dutela jakin aldaketa teknologikora egokitzen. Gauza jakina da ingurune digital berrira egokitzeko eraldatzen ez denak arazoak izango dituela; hala eta guztiz ere, beste aukera bat besterik ez balitz bezala begiratzen diogu teknologiari oraindik ere.
–EKT: Nola ekin behar diote enpresek egokitze-prozesuari?–E.D: Enpresa edo erakunde osoaren esku-hartzea eskatzen du eraldaketa digitalak, eta, nahitaez, goitik hasi behar du. Idazkariari mezu elektronikoak inprimatzeko agintzen dion enpresaburuak edo zuzendariak ezingo du sekula gidatu eraldaketa digitalik, ez baitauka horretarako zilegitasunik. Garrantzitsuena hau da: eraldaketa aukera gisara ez ikustea, baizik eta ezinbesteko betekizun modura, eta jabetzea egokitzen ez denak kalte larria egiten diola erakundeari edo enpresari. Hortik aurrera, ohitura zaharrak alde batera uzten hasi beharra dago; inertzia hain handia izaki, "haustura" beste irtenbiderik ez dago: erosotasun-eremutik atera behar da jendea, eta seguruenik beren borondatez egin nahi ez dituzten baina egin beharra dagoen gauzak egitera behartu. Planteamendua ez bada erradikala, ez du funtzionatuko.
–EKT: Urrutiko kontua iruditzen zaie eraldaketa digitala enpresaburu askori, lehentasunik ez duen zera bat... Zer arrisku dakar ez egokitzeak?–E.D: Enpresa desagertzea da arriskua, geroz eta handiagoa gainera. Ez eraldatzeak berekin dakar dirua galtzea —kontuak eta fakturazioa— eta eraldaketa egin duen beste batek eramatea. Enpresaren eraginkortasunari, kostuei eta komunikazioari ez ezik, haren ospeari eta merkatuan duen estimazioari ere eragiten dio eraldaketak. Zer garaitan bizi diren dakiten konpainiak nahi dituzte bezeroek.
Teknologiari buruzko zenbait mito
–EKT: Zein dira enpresen beldur nagusiak eraldaketari ekitean? Nola egin dakieke aurre beldur horiei?–E.D: Jendearen egokitze ezari loturik daude beldur gehienak. Inongo oinarririk gabeko zenbait uste absurdu jaun eta jabe dira oraindik ere: konplexua da teknologia, adin batetik gorako jendea ez da gai teknologia menderatzeko... Oso bestelakoa da egia: geroz eta errazagoa da teknologia (ikusi al duzue inoiz ume bat jarraibide-eskuliburu bat irakurtzen edo ikastaro bat eskatzen aplikazio bat erabiltzen ikasteko?), eta adina ez da inongo oztopo; urtean betetzeak ez gaitu ergelago bihurtzen... Gogoa izatea, hori da kontua eta arazo nagusia, gauzak egiteko gogoa edukitzea, aldatzearen garrantziaz eta hark dakarren balio erantsiaz jabetzea.
–EKT: Hardwarea eta softwarea eraldatzea baino askoz gehiago da, beraz, prozesu hori. Zer eragin du eraldaketak enpresen etorkizunean, eraginkortasunean eta haien negozio-ereduan?–E.D: Eraldaketa digitalak berritu egiten du gauzak egiteko era, gure eraginkortasun-maila, merkatura egokitzeko gaitasuna eta bezeroekiko harremana. Geroz eta interfaze errazagoak nahi dituzte bezeroek, "gizatiarragoak"...; edozein bide baliatu nahi dute gurekin jarduteko (baita WhatsAppa ere) eta ezin diegu ezetz esan. Bezero bati esaten badiozu faktura gutun bidez bidaltzeko, troglodita batekin ari dela pentsatuko du, garai berrietara egokitu ez den norbaitekin, egokitzen jakin ez duen eta, beraz, oso fidagarria ez den enpresa batekin... Geroz eta gehiago gertatuko zaizu hori attachment (agiri atxiki bat) bidaltzen baldin baduzu agiri partekatu baten ordez, sare sozialetan jarduten ez bazara edo zure jarduerari dagozkion aurrerapen teknologikoak menderatzen ez badituzu.
–EKT: Zer egin behar dute enpresek aldaketa horrek teknologia berriekiko mendekotasunik ez sortzeko edo negozioa arriskuan ez jartzeko?–E.D: Eraldaketa digitalarekin lotutako teknologia gehien-gehienak ez dira teknologia berriak, inondik ere. Lehenbiziko uste okerra hau da: urte dezente garatzen eta ustiatzen ari diren teknologiak berritzat jotzea. Teknologia horietako asko erabilera pertsonalerako garatuak dira, ez korporatiborako. Auskalo zergatik, beren bizitza pertsonalean teknologia berriak erabiltzea normaltzat daukan zenbait jende dardarka hasten da teknologia hori bere lantegian erabili behar duela esaten bazaio, nahiz eta beharrezkoagoa izan lanerako beste ezertarako baino. Bertan behera utzi behar da teknologia ez dela segurua, negoziorako arriskua edo mehatxua dela dioen ustea. Negoziorako arriskua hau da: aldaketarik ez egitea ingurune osoa aldatzen ari denean.
Sare sozialen erabilera
–EKT: Zer garrantzi dute sare sozialek egungo egoerara egokitzeko prozesuan? Nola azalduko zenioke enpresaburu bati bere enpresan sare horiek erabiltzearen garrantzia?–E.D: Enpresa askoren komunikazio-bide nagusia bihurtu dira sare sozialak. Kontsumo-produktuetan Facebookek egiten duena LinkedIn eta antzeko sare batzuek egiten dute business-to-businessaren alorrean, baita Twitterrek ere, zeina, askok kontrakorik uste arren, geroz eta enpresa gehiagoren benetako "900 zenbakia" bihurtu baita. Sare sozialei esker dakigu zer pentsatzen duten gure bezeroek, zerk duen eragina haien erosketa-erabakietan..., eta haiekiko jarrera proaktiboa izateko aukera dugu. Jarrera horrek jar gaitzake bezeroen lehentasun-zerrendan. Ezin dugu jarraitu aldizkarietan publizitatea jartzen, bezero-belaunaldi oso batentzat ez baitira jada erakargarriak. Alde horretatik, sare sozialek berenganatu dute komunikazio-eginkizun hori, eta abantaila bat dute gainera: askoz ere hobeto era eraginkorrago kudeatzen dute publizitatea. Klixeak alde batera uztea eta, neuronak aireztatzeko, garunaren leihoak zabaltzea da garrantzizkoena.