Teknologia ziztu bizian doa, eta, horri esker, orain gutxira arte pentsaezinak ziren zereginak egiteko gai diren soluzioak, zerbitzuak eta gailuak dituzue eskura enpresok gaur egun. Horixe ari da gertatzen droneekin, eta pixkanaka beren tokia egiten ari dira industrian.
Zer diren droneak, zer motatakoak dauden eta zein kasutan erabil daitezkeen
Droneak piloturik gabeko aireko ibilgailuak dira, urrutitik kontrolatu daitezkeenak, software edo GPS baten bidez. Kamerak izan ohi dituzte —irudiak hartzeko, normalean—, baina beste batzuek funtzio aurreratuagoak dituzte, hala nola kamera termografikoek.
Tipologiari dagokionez, hegal-mota desberdinak dituzte: batzuek hegal finkoak dituzte —autonomoenak eta aerodinamikoenak dira—, eta beste batzuek errotore bat baino gehiago —ohikoenak, sinpleenak eta moldakorrenak dira—. Hirugarren mota bat ere badago, helikopteroena; konplexuenak dira, eta autonomia eta karga handiagoa dute.
Hasiera batean aisialdirako erabili baziren ere, gaur egun tresna erabilgarria dira industria-arloan, eta 4.0 Industriaren parte dira dagoeneko. Izan ere, informazioa biltzeko tresna aurreratuak dira droneak, eta balio erantsia eman diezaiekete mota guztietako industriei.
Besteak beste, enpresen prozesuak eta jarduerak automatizatzeko, hobetzeko eta optimizatzeko erabiltzen dira droneak, eta bereziki egokiak dira ikuskatzeetarako, azterketetarako, ikerketarako, esploraziorako, lan-arriskuak kontrolatzeko eta garraiorako.
Duten abantaila nagusietako bat da askoz errazago irits daitezkeela zenbait azpiegituratara, hala nola goi-tentsioko dorreetara, eguzki-panelen instalazioetara, aerogeneradoreetara edo presetara.
Gainera, gero eta gehiago erabiltzen dira merkantziak garraiatzeko, ez baitira bideo-kamerak eramateko bakarrik diseinatzen —Google, Facebook eta Amazon hasiak dira beren droneak egiten—.
Halaber, oso egokiak dira espazioak edo pertsonak lokalizatzeko, erreskateetarako, bilaketa aurreratuetarako, irispide zaila duten lekuak esploratzeko, topografiarako, 3Dko mapak egiteko edo laboreak monitorizatzeko.
Eta erabilera arruntagoetara etorrita, droneak oso erabilgarriak izan daitezke komunikabideetarako —korrespontsal gisa erabiltzeko—, ikus-entzunezko ekoizpenetarako edo zinemarako ere.
Lan-arriskuak kontrolatzeko ere erabil daitezke, langileak nekez iris daitezkeen lekuetara irits baitaitezke —altuera handietara edo ur azpira—, baita datu oso zehatzak eman ere.
Eta zein abantaila eskaintzen dizkiote enpresa-arloari?
Hainbat sektorek baliatu ditzakete droneak erabiltzearen abantailak.
Onura hauek eskaintzen dituzte, besteak beste:
- Segurtasun handiagoa ematen dute, egoera arriskutsuetan gizakien ordez erabil baitaitezke, hala nola suteetan eta hondamendi naturaletan.
- Kostu txikiagoak Pilotodun ibilgailuek baino askoz kostu txikiagoa dute, agerikoa denez.
- Xehetasun handiz bil ditzakete datuak.
- Autonomia dute, eta hainbat funtziotarako erabil daitezke.
- Funtzioak automatizatzen laguntzen dute.
- Lanak denbora gutxiagoan egiteko, ikuskatzeko edo berrikusteko aukera ematen dute. Eta, ondorioz, sarriago egin daitezke.
- Hegaldiek eragindako ingurumen-inpaktua minimizatzen dute.
- Errazago garraiatzen eta biltegiratzen dira.
Droneei buruzko araudia eta legeria
Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak (AESA) arautzen du droneen erabilera.
Gaur egun, 2022tik, arauak ez dira aldatzen hegaldi profesionalak edo aisialdiko hegaldiak izan; bai, ordea, kategoriaren, hegaldiaren arrisku-mailaren eta pisuaren arabera.
Oro har, hauek hartu behar dituzu kontuan:
- Droneak pilotuak ikusteko moduan egon behar du beti. Gainera, "pilotuek" AENAn erregistratuta egon behar dute beti, eta droneen arduradunak dira; beraz, nahitaezkoa ez izan arren, egokia da erantzukizun zibileko aseguru bat izatea, istripuren bat gertatzen bada ere.
- Kategoria berezietan izan ezik, ezin da 120m-ko altuera gainditu, eta gutxienez 8km-ko tartea utzi behar da aireportu, aerodromo edo aireko espazio kontrolatuetatik.
- Araudia bereziki zorrotza da pertsonen intimitaterako eskubideari eta droneak hartutako irudietan Datuak Babesteko Legea betetzeari dagokienez.
- Bestalde, droneak 250 gramo baino gehiago pisatzen badu, nahitaezkoa da gutxieneko ezagutza egiaztatzen duen lizentzia eta ziurtagiri bat edukitzea.
Gaur egun, legeria desberdina da herrialde bakoitzerako, baina Europar Batasuna Europarako erregelamendu berri bat lantzen ari da lizentzien, arauen eta operazio-kategorien arloan, araudia errazago kudeatu eta betetzeko, droneak gero eta gehiago erabiltzen baitira era guztietako industria-helburuetarako.
Gaur egun, droneei esker, industria adimentsuagoa eta eraginkorragoa lortzeko bidean goaz, baina, horretarako, nahitaez erabili beharreko jarraibideak eta arauak ezarri behar dira, prozesuen eta pertsonen segurtasuna bermatzeko. Erronka garrantzitsua da bizi dugun aro digital eta teknologiko berrian, eta, zalantzarik gabe, aukera handia da enpresentzat.
Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez.