Hiri-poluzioaren zatirik handiena garraiotik dator, baina emisioak murriztu daitezke. Hori lortzen laguntzeko, CRETA proiektuan parte hartzen du Euskaltelek, 5G teknologiaren bidez mugikortasun jasangarria bultzatzen duen eta trafikoaren emisioak murrizten dituen proiektu berritzaile bat.

CRETAren helburua da garraioaren eta mugikortasunaren kudeaketa aktibo eta dinamikorako soluzio bat sortzea eta inplementatzea, teknologia disruptibo batzuen bidez ibilgailu bakoitzaren benetako emisioak kontrolatuz eta trafikoaren fluxua optimizatuz.. Garraioaren emisioak murriztea eta ingurumena babestea lortzen da hala.

Nola, baina? CRETA proiektuak hiru teknologia erabiltzen ditu: 5Ga, trafikoaren emisioak urrunetik neurtzeko; analitika aurreratua eta adimen artifiziala, trafikoaren mugikortasuna ahalik eta hobekien kudeatzeko; eta airearen kalitatea.

Teknologia hauek ditu oinarri CRETAk:

  • Komunikazioak: 5G sistema bat, sentsoreen, azpiegituren eta ibilgailuen artean datuak denbora errealean partekatzeko gai dena.
  • Mugikortasuna: tarifikazio aldakorreko sistema bat, ibilgailu bakoitzaren erabileraren eta ingurumen-ondorioen araberakoa, eta, are gehiago, bidaiari bakoitzaren emisio-tasaren araberakoa.
  • Ingurumenekoa: emisio-iturrien —ibilgailuen zirkulazioaren— murrizketaren monitorizazioa 5G sareari konektatutako teledetekzio-sistema autonomoen bidez.

5Garen onurak garapen jasangarriaren esparrura eramateko proiektu pilotuak

CRETA merkaturatzeko, hiru proiektu pilotu egingo dira erakusteko zer onura dakartzan 5G teknologia aplikatzeak trafiko-emisioak murrizteko arlo estrategikoetan: hiri-mugikortasunaren eta emisio gutxiko eremuen kudeaketari buruzkoa; hiri arteko mugikortasunari eta hirietarako sarbideari buruzkoa; eta, azkenik, mugaz gaindiko kontrola eta kutsaduragatiko ordainketari buruzkoa.

Lehenbizikoan, erakutsiko da nola aplikatu den Madrilen eta/edo Alcobendasen hiri-mugikortasuna monitorizatzeko, aztertzeko eta zentzuz kudeatzeko sistema orokor bat.

Bigarrenean, ibilgailuen zirkulazioa modu bidezko batean tarifatzeko gaitasuna aztertuko da, ibilgailuaren emisioak eta banakakoarenak kontuan hartuta. Bartzelona inguruan egindako proiektu pilotu bat hartuko da oinarri.

Hirugarrena, berriz, mugaz gaindiko kontrolarena eta kutsaduragatiko ordainketarena, Gipuzkoan (Irunen) jarriko da martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Horren bidez, ibilgailu astunak beren benetako emisioen arabera bereizteko gaitasuna probatu nahi da, batetik, eta, bestetik, ikusi nahi da ea sistema gai den legez kanpo manipulatutako ibilgailu susmagarriren bat detektatuz gero denbora errealean alertak aktibatzeko.

Hiru proiektu pilotuekin, airearen kalitatea hobetzeko eta ingurumena babesteko tresnak eman nahi zaizkie hiriei, herritarren ongizatea hobetzeko.

Gainera, bide-azpiegiturek mugikortasunaren kontrol handiagoa izango lukete, eta horrek hobekuntzak ekarriko lituzke, haien artean trafikoa arintzea eta istripuak gutxitzea.

Azkenik, garraioaren eta mugikortasunaren kudeaketa aktibo eta dinamikoaren eredua hainbat herrialdetara esportatu nahi da, partzuergoa hainbat herrialdetako enpresek osatzen dutela aprobetxatuta.

CRETA, enpresen arteko lankidetzan oinarritutako asmo handiko proiektua

“Mugikortasunaren Kontrola eta Zirkulazioaren Emisioak Murriztea” (CRETA) proiektua partzuergo batek egindako elkarlanetik sortu da. Partzuergo hori Espainiako 8 enpresak osatzen dute, eta enpresa horiek lider dira beren jarduera-sektoreetan. Hauek dira, hain zuzen: MASMOVIL taldea (talde horretan dago Euskaltel), Abertis, Cellnex, Indra, Opus RSE, Vinces Consulting eta Alpha Syltec Ingenieria.

Ekimena Europako Batasunak (NextGenerationUE) finantzatu du, 2,7 M €-rekin, Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren barruan.

5Ga hedatzeko estrategiaren barruan txertatzen da plana, Espainia Digitalaren 2026ko agendaren eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren parte da, eta haren helburua da Espainiarentzat giltzarri diren sektore ekonomikoen eraldaketa digitalean eragingo duten garapen-proiektu esperimentalak, eta, zehazki, 5Garekin lotutako zerbitzuak eta aplikazioak martxan jartzea.

Euskaltelek 5G teknologiaren, berrikuntzaren eta enpresa-lankidetzaren aldeko apustua egiten du argi eta garbi, eta, horregatik, bat egiten dugu mota honetako proiektuekin, eragin positiboa baitute gure gizartean.

Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Eta azken albisteak ezagutu nahi badituzu, jarraitu gaitzazu LinkedInen.