Ba al dakizu zer den coworkinga? Jardun al zara inoiz lan kooperatiboko eremuren batean? Ez bazara jardun, ez kezkatu: guk azalduko dizugu zer den lan-mota hori, eta non aurkitu Euskadin.

Ideia on bat, Interneteko konexioa duen ordenagailu eramangarri bat, eta talentua: hori besterik ez duzu behar gaur egun zeure enpresa propioa edukitzeko; inoiz baino errazagoa eta merkeagoa da. Horregatik du horrenbesteko arrakasta coworkingak. Geroz eta lantoki gehiagotan partekatzen dute gune bera alor desberdinetako profesionalek eta aritzen diren elkarlanean.

Coworkingaren gakoak

Kontua ez da, bakarrik, gastuak murriztea; hori baino askoz gehiago da coworkinga. Zeure lokal propioa baino merkeago eskura dezakezu bulego bat, noski, baina, gainera —eta hor dago gakoa— beste profesional batzuekin lankidetzan aritu zaitezke, haiengandik ikasi, eta etorkizunean baliagarri izango zaizun harreman-sare bat eratu. Ezin duzu denetik jakin, baina, beharbada, zure alboan lanean ari den horrek hobetu edo osatu egin dezake zure ideia, eta urrutirago joaten lagundu.

Urtzi Jaureguibeitia - Tell Me WowHorrelako lokaletan lan egiten duten zenbait ekintzailerekin hitz egin dugu, beren esperientzien berri eman diezaguten. Marketin mugikorreko Tellmewow agentziako Urtzi Jaureguibeitiak, adibidez, sistema horren abantailak azaldu dizkigu: jaitsi egiten dira kostuak, "buru-belarri murgiltzen zara lehendik jardueraren bat badagoen gune batean", beste enpresaburu batzuk ezagutzen dituzu, ideiak eta harremanak partekatzen... Bilboko Design Kabi coworking gunean dago aipatutako agentzia.

“Gure ustez, funtsezkoak dira harremanak proiekturik onenak eskuratzeko. Eta harreman onak izateko bide bakarra beste ekintzaile batzuekin jardutea da”, azaldu digu Urtzik. “Lanen bat ere lortu izan dugu guk harreman horiei esker”.

Alde negatiboa? Coworking-gune askotan, “mugatua izaten da ordutegia, eta ez dago pribatutasunik”. Tellmewowen sortzaileetakoa den ekintzaile horren iritziz, en presa baten jarduerak hazten jarraitzen badu, azkenean bere bulego propioa edukitzea pentsatu beharra dauka. Kontua ez da pribatutasuna edo irudia bakarrik, baizik eta eremu propioa edukitzeak "eragin positiboa izan dezakeela enpresaren kulturan"”.

Euskadin dauden coworkingeko lokalak

Errotzen ari da coworkinga Euskadin, eta geroz eta zentro gehiago daude, pribatuak zein publikoak. EAEko hiru hiriburuetako zentro publikoak jorratuko ditugu mezu honetan:

BILBAO - Botxoak zenbait lankidetza-eremu publiko dauzka; hauek, besteak beste:

Design Kabi: San Mameseko geltokiaren ondoan dago, BEAZren eraikuntzaren parean. Berrehun metro karratuko azalera du enpresa berrientzat. Beste zenbait zerbitzuren artean, laguntza teknikoa eta tutoretza eskaintzen ditu (orientazioa, informazioa eta jarduerei buruzko eztabaida).

-Centro Bilbao Auzo Factory: Matikon dago, eta enpresa sendotuak zein negozio berriak hartzen ditu. 1.400 metro karratuko azalera du, eta hau eskaintzen du: alokairuak modu onean, coworking-eremuak eta beste batzuekin elkarlanean aritzeko guneak. Ikusgarriak dira leku horren bi terrazak eta handik ikusten diren bistak. Leku ezin hobea da etorkizuneko proiektuez hitz egiteko, edo, zergatik, ez, atseden-tarte bat hartzeko. Lanaz aparte ere bada zer eginik, izan ere. ;-)


DONOSTIA - Gipuzkoako hiriburuak ere badu ekintzaileentzako lokalen eskaintza publiko polita:

-CEMEI: 58 lokal eskaintzen ditu Enpresa Berritzaileen Udalaren Zentroak; horietatik, bederatzi enpresa erdiindustrial garbietarako dira, eta gainerako 49ak, bulegotarako. Zein duen abantaila nagusia? Eremu komunak eta auditorioak edukitzeaz gain, haurtzaindegia ere badu, hobeto uztartu ditzazun zure bizitza pertsonala eta lana.

-ENERTIC: Energia Berriztagarrien eta Energia Eraginkortasunaren Zentroa eraikin berezia  da, eta 7.902 m2-ko azalera du, alokairukoa oso-osorik, sein solairutan banatuta.  27. industrialdean dago gunea, eta baditu alokatzeko lokalak eta eremu komunak. Zero emisiotik hurbil ibili ohi da eraikin hori.

-PI@: Zuatzuko industrialdean dago Ikus-entzunezkoen eta Eduki Digitalen Berrikuntza Gunea, eta 50 eta 300 metro karratu bitarteko lokalak ditu, alokatzekoak guztiak ere, ikus-entzunezkoen sektoreko enpresetarako. Baditu platoak, eremu komunak, kafetegiak, jatetxe bat eta 385 lagunentzako 3D zinema-areto bat.


GASTEIZ - Gasteizko Udalaren  webgunean aurkituko duzu hiri horretako coworking-eremuen eskaintza zabala. Hona gure proposamenak:

-Erdi Aroko hiriguneko enpresa-zentroa:  Gasteizko hirigune historikoan dago, eta eremu komunak eta alokatzeko lokalak ditu, prezio egokian, erabilera indibidual zein partekatukoak.

-Jundizko enpresa-zentroa: Hiritik sei kilometrora, Jundizko industrialdean, dago eremu hori, industria- eta zerbitzu-alorretako enpresetarakoa oso-osorik. Eraikin berezia da, eta negozio berrietarako 29 lokal ditu, modu onean guztiak ere.

Zure esperientziaz hitz egin nahi al diguzu, edo beste coworking-eremuren bat gomendatu? Utzi zure iruzkina, eta azaldu zure esperientzia ;)