Biki digitalak (edo Digital Twins) deiturikoak etorkizun handiko teknologia iraultzaileenetako bat dira. Baina, zer dira zehazki eta zertarako balio dute?
Biki digital bat da elementu, prozesu edo sistema baten denbora errealeko erreplika birtual berdin-berdina. Errepresentazio digital dinamiko bizia da, etengabe eguneratzen dena mundu fisiko errealean jarritako sentsoreetatik jasotako datuekin.
Kontuan izanik nolako gaitasuna duten sistema fisikoak simulatzeko, aztertzeko eta iragartzeko, oso tresna erabilgarria dira. Aukera ematen dute arazoak edo arriskuak iragartzeko, funtzio berriak esperimentatzeko ohiko jarduna arriskuan jarri gabe, edo beharrei aurre hartu eta prest egoteko eskaera handiko uneak heltzen direnerako.
Nahiz kontzeptua bera duela zenbait hamarkada sortu zen, orain zabaldu da industrian —% 70 baino gehiago hazi da tresnaren presentzia—, batik bat oinarri dituen beste teknologia batzuen garapenaren ondorioz (IoT eta AA).
Biki digitalaren osagaiak
Biki digital estandar batek ezinbesteko hiru elementu ditu:
-
Fisikoa: erreplikatu beharreko mundu errealeko elementua.
-
Birtuala: biki birtuala, teknologiari esker sortutako erreplika digitala.
-
Datuak: mundu fisikoan jaso, eta biki birtualean errepikatzen dira errealitatea leial-leial islatzeko.
Biki digitalak eta IoT (Gauzen Internet)
Eta nola biltzen dira datu errealak biki digitalean erreplikatzeko? Sentsoreen eta —neurri handi batean— Gauzen Interneten (IoT) oinarritutako azpiegitura baten bidez.
IoT sentsoreak instalatzen dira erreplikatu nahi diren aktibo, makina, eraikin edo sistemetan. Parametro ugari neurtzen eta erregistratzen dituzte, hala nola errendimendu-datuak (tenperatura, presioa edo energia-kontsumoa), ingurumen-datuak (argia, hezetasuna) edo kokapen-datuak.
Datuak bildu ondoren, hodeiko plataformetara edo zerbitzari lokaletara bidali behar dira, han biltegiratu eta prozesatzeko. Horretarako, sare haridunak, haririk gabekoak eta komunikazio-protokolo optimizatuak baliatzen dira IoTko gailuen arteko komunikazioa bermatzeko.
Biki digitalak eta adimen artifiziala
Datuok kudeatzeko, biki digitalek machine learning eta adimen artifiziala baliatzen dituzte, besteak beste, teknologia horiek gai baitira datuok analizatzeko, patroiak identifikatzeko eta iragarpen baliotsuak egiteko.
AA funtsezkoa da, aukera ematen baitio biki digitalari eragiketak autonomiaz optimizatzeko. AArik gabe, biki digitala datuak erakusten dituen erreplika estatiko hutsa litzateke; AA eranstean, ordea, tresna dinamiko eta prediktiboa bihurtzen da.
Biki digitalen aplikazioak eta abantailak industrian
Sektore asko ari dira biki digitalen teknologia probatzen eta esperimentuak egiten harekin, batetik aukera handiak ematen dituelako eta, bestetik, oso moldaerraza delako.
4.0 industriaren esparruan, biki digitalek aukera ematen dute ekoizpena optimizatzeko eta eraginkorragoa izateko, ekoizpen erreala eten gabe.
Mantentze-lan prediktiborako ere baliotsuak dira. Makina batek huts egin aurretik, biki digital batek aurresan dezake noiz beharko duen mantentze-lana, makinaren errendimenduari buruzko datuak kontuan harturik, eta, hala, kostuak murriztu daitezke, bai eta makina erabiltzerik ez dagoen denbora-tartea murriztu ere.
Energiaren sektorean, adibidez, energia-beharra denbora errealean monitorizatzeko balio dute.
Salmenten arloan, enpresek merkatuaren joerak detektatu ditzakete eta aurrea hartu merkatuaren eskaera aldakorrei eta bezeroen eskakizun zehatzei.
Biki digitalak: motak
Konplexutasun-maila askotariko biki digitalak daude, batzuk orokorrak eta beste batzuk espezializatuak, guztiak ere behar guztiak asetzeko modukoak.
-
Osagai-bikia (Component Twin). Biki digital motarik sinpleena; objektu edo sistema baten zati bakar baten erreplika da, osagai jakin baten errendimendua monitorizatzeko eta aztertzeko balio duena.
-
Aktibo-bikia (Asset Twin). Zenbait osagai konbinatzen ditu, objektu oso baten erreplika sortzeko, eta aukera ematen du portaera orokorra aztertzeko, bai eta osagaiek elkarri nola eragiten dioten aztertzeko ere
-
Sistema-bikia (System Twin). Sistema oso bat eta haren osagai guztiak erreplikatzen ditu. Osagaien arteko erlazioak optimizatzen eta azken emaitza iragartzen laguntzen du.
-
Prozesu-bikia (Process Twin). Biki digital motarik aurreratuena da. Berari esker, lan-fluxuak ikusi eta optimiza daitezke, bai eta eraginkortasun faltak identifikatu eta errendimendu orokorra hobetu ere.
Biki digitalak mundu fisikoaren eta digitalaren arteko lotura teknologikoa dira. Bikiok hedatzen jarraitzeko, ezinbestekoa da sentsoreak gero eta eskuragarriagoak izatea eta prozesatzeko gaitasun handiagoa izatea Halaber, konektagarritasun eta sare-azpiegitura egokiak behar dira, hala nola Euskaltelek eskaintzen dizkizunak, zeinak gai baitira euskal enpresek efizienteago eta lehiakorrago izateko behar dituzten teknologia disruptiboen beharrari erantzuteko.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.