Adrián Bertol-ek, Euskaltelen AAko salmenta-adituak. AAk sektore askotako enpresentzat eta enpleguarentzat dituen abantailez eta aukerez hitz egin dugu berarekin.
Euskaltelen ustez, zenbateko garrantzia du AAk 4.0 industrian?
Euskaltelen ustez, adimen artifizialak zeregin garrantzitsua du 4.0 Industrian, eta paradigma horren parte da, beste garapen teknologiko batzuekin batera —hala nola Gauzen Internet (IoT)—.
AAk funtziona dezan, lehenengo, datuak atzitzeko lehen geruza bat ezarri behar dugu, sentsorizazioaren bidez edo barneko beste datu-iturri batzuk erabiliz. Bigarren geruza gisa, datu-biltegiratze masiboa Data Warehouse edo Data Lake batean jarri behar dugu, arkitektura batekin, datuak erabiltzen hasteko.
Horren jakitun gara, eta gaitasuna daukagu hiru geruza horiek gure teknologiarekin —Milevarekin— eta gure azpiegiturarekin —datu-zentro propioak ditugu Euskadin, Asturiasen eta Galizian— eskaintzeko. Izan ere, Euskaltelek datuaren bizi-ziklo osoan ematen die aholkua bere bezeroei, datuak atzitzetik hasi eta analisiraino.
AAk industrian duen garrantzia zenbaterainokoa den ulertzeko, hona hemen datu bitxi bat. International Federation of Robotics-en World Robot Report delakoaren arabera, 2015etik 2021era roboten presentzia bikoiztu egin da industrian. Mundu osoan, batezbestekoa 10.000 langileko 126 robot da. Espainian 203 dira; Hego Korean, berriz, 932.
AA industrian aplikatzeko modu bat da robotika. Hala ere, beste aplikazio industrial askotan ere agertzen da AA, hala nola biki digitalean. Zehazki, biki digitaletarako erabiltzen den AA mota ikusmen artifiziala edo computer vision da, eta prozesuak sailkatzeko eta automatizatzeko irudiak ezagutzean datza. Ikusmen artifiziala zenbait guneren kudeaketa logistikoa egiteko erabiltzen da, hala nola portuena edo biltegiena, eta baita ibilgailu autonomoetarako ere.
Zer eragin izango du AAk egungo eta etorkizuneko enplegagarritasunean? AAko lanpostuetarako profilak aurkitzeko gaur egun dagoen zailtasunari buruzko gogoetarik edo esperientziarik?
Balantzea positiboa izango da. Errealitatea hori izango da, guk nahi izan ala ez. Erronka horri zenbateko abiadurarekin eta zenbateko gaitasunarekin egiten diogun aurre, posizio bat edo beste bat izango dugu etorkizunean.
Adrián Bertol: "AA errealitatea izango da etorkizunean, guk nahi izan ala ez. Erronka horri zenbateko abiadurarekin eta zenbateko gaitasunarekin egiten diogun aurre, posizio bat edo beste bat izango dugu etorkizunean.
Munduko Ekonomia Foroak dioenez, automatizazioaren ondorioz 85 milioi lanpostu desagertuko dira munduan 2025erako. Datu positiboak ere ematen ditu, ordea. Haren esanetan, 2025erako 97 milioi lanpostu sortzea erraztuko du AAk. Beraz, balantzea positiboa da, eta 12 milioi lanpostu berri sortuko dira.
Aitzitik, uste dut enplegu-motan jarri behar dugula arreta, eta ez kopuruan. Ez du esan nahi kopurua garrantzitsua ez denik, baina bai enplegu-kopuruan eragina izango duela kalitateak.
AAk kualifikazio handiko enplegua sortzen du. Horrek esan nahi du oso eragin desberdina duela pertsona batek duen kualifikazio-mailaren arabera. Eta horrek zerikusia dauka AAren sektoreko lan-aukerekin.
Asko dira eta baldintza onekin. Ingeniaritza ikasi gabe AAko proiektuetan lanean ari den jende asko ezagutzen dut. Zergatik gertatzen hori? Ez direlako ikasketa automatikoko ingeniariak eta datu-ingeniariak bakarrik. Beste profil asko ere badaude, datua askoz maila eraginkorragoan aztertzen dutenak eta egunerokoari lotuago daudenak. Horien behar handia dago.
Oro har, profil guztien eskaera dago, baina paradoxa bat dugu: enpresek profesionalak bilatzen dituzte eta profesionalek enpresak bilatzen dituzte, baina ez dute elkar topatzen.
Hori konpontzeko, soldata handiagoak eskaintzen dituzte askok; baina ez da soldata-kontua bakarrik. Uste dut askoz hobeto definitu behar direla rolak; zein roletarako kontratatu ziren, huraxe eskatu behar zaie profesionalei, ez besterik; eta, jakina, proiektu motibagarriak eskaini behar zaizkie, haien trebetasunak etengabe hobetzeko.
Zer zerikusi du AAk garapen jasangarriko helburu hauekin? Osasuna eta ongizatea; klimaren aldeko ekintza; komunitate eta hiri jasangarria...
Puntu hori oso garrantzitsua da Euskaltelentzat; izan ere, Grupo MasMóvil-eko enpresa den aldetik, barnean ere badago GJHekiko konpromisoa. Hain zuzen, duela urtebete, B Corp ziurtagiria lortu duen Europako lehen telekomunikazio-operadore bihurtu ginen. Ziurtagiri horrek bermatzen du estandarrik altuenak ditugula gizarte- eta ingurumen-inpaktuan, gobernantzan, gardentasunean, eta abar.
Zehazki, 8. helburuan jarri nahi nuke arreta: lan duina eta hazkunde ekonomikoa. AAk lanaren eraldaketa sakona dakar; aukera kualifikatuak eskaintzen ditu, enpresen eta herrialdeen egitura aldatzen du, eta maila guztietan eragiten du.
AAri esker, laneko istripuei aurrea har dakieke, eta laneko errutinak optimizatu, laneko osasuna bermatzeko. Halaber, aukera ematen du langileei beren ekarpenaren araberako ordainsaria emateko, datu objektiboak ematen baititu hori neurtzeko. Enpresei baliabideak modu eraginkorragoan esleitzeko aukera ematen die, lan-kargak eta lanaldiak benetako eskariaren arabera antolatuz, adibidez.
Azaldu iezaguzu zuen konpainiak barne-bezero gisa nahiz kanpo-bezero gisa izandako esperientziaren bat.
Enpresek datuen erabileran duten heldutasun-maila hartzen du abiapuntu gisa Euskaltelek. Gutxi batzuek dagoeneko erabiltzen dute adimen artifiziala, baina gehienek ez. Gehienak lehen fasean daude, eta datuak eskuragarri jartzen ari dira; izan ere, datu asko zituzten, baina ez erabiltzeko moduan.
Bezero batzuei lehen fasetik laguntzen diegu, datuak gobernatzetik abiatzen gara, eta bereziki lagungarri gara abiapuntutik analisi prediktiboko faserik aurreratuenetara eramateko.
Hain zuzen, Euskaltelek beste urrats bat egiten du, eta analisi preskriptiboa egiten dugu. Zer gertatu zen, zer gertatzen ari den eta zer gertatuko den ulertzen laguntzeaz gain, zer egin eta erabakiak nola automatizatu esaten dugu.
Adrián Bertol: Euskaltelek beste urrats bat egiten du, eta analisi preskriptiboa egiten dugu. Zer gertatu zen, zer gertatzen ari den eta zer gertatuko den ulertzen laguntzeaz gain, zer egin eta erabakiak nola automatizatu esaten dugu.
Gaur egun, aseguru-etxeen, bankuen eta txikizkako merkataritzaren sektoreko AAko proiektuen lidergoan dihardugu.
Euskadiko aseguru-etxe garrantzitsu bat polizak optimizatzeko proiektuetan lanean ari da gurekin; zehazki, erregresio-ereduak aplikatzen ditu.
Halaber, txikizkako negozio portugaldar garrantzitsu batekin lanean ari gara salmentak aurreikusteko eta bidalketak optimizatzeko. Horretarako, proiektu gisa gauzatu ahala, eredu matematikoak garatu dira, eta horiek eragin handia dute konpainiaren mozkin-marjinan.
Azkenik, azpiegitura logistikoen kudeaketan ikusmen artifiziala aplikatu izan dugun kasuak aipatuko nituzke; esaterako, portuak. Kamera batzuek merkantzien kokapena detektatzen dute, eta AAk zer merkantzia den interpretatzen du. Hala, zamaketako langileei jarraibideak ematen dizkie, ahalik eta hobekien pilatu dezaten. Eta gauza bera plataforma logistikoetan.
Laburbilduz, Euskaltelen prestatuta gaude adimen artifizialaren bidez datua eta analisia erabiltzen gero eta enpresa gehiagori laguntzeko.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresetarako ditugun adimen artifizialeko soluzioei buruz, harpidetu gure buletinera, edo jarri harremanetan enpresetarako gure sail komertzialarekin formulario honen bidez edo zure aholkulari pertsonalaren bidez.