Julio Flor oso trebea da istorioak kontatzen, eta, “Blog Rioja Alavesa” blogaren bidez, mundura zabaldu da, eskualdeko ardoaren eta mahastien paisaia kulturalak duen aparteko balioa erakusteko. Lan baliotsu horren emaitza gisa, Juliok “Kazetaritza Digitala” saria jaso berri du Asociación Vasca de Periodistas-Euskal Kazetarien Elkarteak eta Colegio Vasco de Periodistas-Kazetarien Euskal Elkargoak ematen dituzten eta Euskaltelen babesa duten 2021eko Euskal Kazetaritza Sarietan.
Lankide dugun Marketin Digitaleko zuzendari Iruri Knörrek eman dio saria, eta, gero, Julio Florrek den-dena kontatu digu “Blog Rioja Alavesa” blogari buruz. Duela zazpi urte sortu zuen proiektua, Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturalak UNESCOren Munduko Ondare izateko aurkeztutako hautagaitza babesteko.
Pandemia-garaian, turismoa ihesbide onena da. Zer esango zenieke bisitariei Arabako Errioxa ezagutzera etor daitezen?
Etor zaitezte Arabako Errioxara; dena du. Turismo segurua izango da. Mendizerra handi bat du, eta naturaz inguratutako ibai luze bat; arima handiko herriak ditu, haietan bizi den jende atsegin eta gizatiarrari esker. Eta primeran jaten eta edaten da, gainera.
Bertako dolmenek historiaurreaz hitz egiten digute; Erdi Aroko herriek historia luzea dute; eliza bikainek espiritualtasuna agertzen dute, eta herriguneek magia; mahastien fruitua ematen duten milioika eskultura naturalek artea barreiatzen dute; upategiak pasioz beteta daude; nekazaritza jasangarria da nagusi…
Astean bitan joaten naiz euskal kostaldean, Kantauri itsasoaren ondoan, dagoen herri batetik, Algortatik, hango jendea elkarrizketatzera. Eta beti aurkitzen dut harritzen eta liluratzen nauen zerbait. Maitemintzen nauen zerbait. Daramadan blogaren inspirazio-iturria da. Iturri benetan agorrezina.
Zein da Arabako Errioxara joateko urteko sasoirik onena?
Gehienek udazkena esango dizute; ordurako, amaitu da mahats-bilketa, eta mahatsondoen hostoek klorofilaren kolore berdea galtzen dute pixkanaka, eta marroi bihurtzen kobrea bezala, gorrikara eguzkia sartzen denean bezala, hori garia bezala, eta urdinxka eta more, bertako zerua nola.
Urteko egun guztiak ditut gustuko. Zer esanik ez gainerako sasoiez: udaberrian, mitxoletak ikusten dira mahasti artean Moredan, Lantziegon, Villabuenan edo Elvillarren, adibidez; udan, goiz eta arratsalde freskoak nagusitzen dira Lezan, Eltziegon, Samaniegon, Navaridasen edo Labrazan, besteak beste.
Neguko astelehenetan ere Guardia harresituko kale bakartietan historiak xuxurla egiten dizu…, edo Bastidako elizarik garaienetik zeruertzarekin elkarrizketan jarduten duzu, han urrun talde bat mahastiak kimatzen ari den bitartean.
Zergatik izendatu behar da Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala UNESCOren Munduko Ondare?
Bertako paisaia kulturalak aparteko balioa duelako eta ez dagoelako UNESCOk saritutako munduko mahastien paisaien artean.
Nola lagundu dizute Internetek eta sare sozialek lur hauen edertasuna eta ardoaren kultura ezagutarazten?
Duela urte asko “El Médico Interactivo” izeneko hedabide digitalean lan egin zuten lehenengoetako bat izan nintzen. Hedabide horren bidez, Espainiako medikuntzako espezialitate guztietako profesionalek egindako aurrerapen zientifikoen berri ematen zen. “Baina horrek ba al du etorkizunik?”, galdetu zidan behin lankide batek.
Kazetaritza digitala komunikatzeko tresna bikaina da, eta aukera ematen digu kazetaritza elkarrizketekin, erreportajeekin, kronikekin, artikuluekin, bideoekin eta abarrekin uztartzeko; alegia, kontakizuna hainbat argazkirekin dokumentatzeko.
Zure artikuluak oso poetikoak dira. Ardoa artea da?
Paisaiari begiratu behar diogu existentziaren sakontasunera hurbiltzeko. Artisau-eran egindako ardoa topaketa eta komunikazioa da. Gai da ilunantzean zegoena argitara ekartzeko. Bizitzaren ikuspegi artistikoaren lagun da. Kazetaritza lirikoa erabilita, hobeto neurtzen da ametsen tamaina; xehetasunez ikusten da lehen aldiz mahatsa biltzen duen gaztearen izerdia; eskualdeko desira guzti-guztiak azaleratzen dira.
Upategiekin hitz egin duzu, haien jarduerak eta bizipenak ezagutarazten dituzu… Zein da Arabako Errioxako istorioei aurpegia jartzearen alderdirik politena?
Kazetaritzak berekin dakarren enpatia eta emozioa. Enpatia, haien hitzak, borrokak eta eginahalak zeuretzen dituzulako. Emozioa, haiekin batera negar egiten duzulako bizitzak, naturak, ezbeharren bat dakarrenean, eta haien arrakastak zeureak balira bezala ospatzen dituzulako.
Izan ere, eskualde baten ahots bihurtu zara. Eta sari hau lan horren ordaina da. Nola jaso duzu saria?
“Eskualde baten ahotsa”; Arabako Errioxako lagun on batzuek esaten dute hori, eta kazetari lankide batek horrela laburbildu du. Baina handinahia litzateke neure burua horrela definitzea.
Blogak harremanetan jartzen du eskualdeko jendea; lotura bat sortzen du aniztasun horretan. Ez dago ahots bat, ezta pentsamolde bakarra ere. Hainbat ahots daude, baina ahots horiek bizimodu bera aukeratu dute esna eta mundura zabalik bizi den landagune batean.
Esker onez jaso dut saria, eta eskualdeko herri eta hiribildu guzti-guztietako biztanleekin partekatu nahi dut.
Urteotan istorioren batek bereziki markatu zaitu?
COVID-19aren garai zoro hauetan, zenbait elkarrizketa egin nituen, eta “Rioja Alavesa en tiempos de pandemia” izena jarri nien. Eskualdeko hainbat eragilerekin hitz egin ahal izan nuen: upategiak, nekazariak, ostalaritza- eta gastronomia-enpresak, apaizak, okinak, sortzaileak…
Gainerako guztiek bezain gaizki pasatu dute, baina haiengan gure herrialde txikia handia delako uste osoa ikusi nuen. Eta, berriz ere, itxaropena eta uste osoa jarri ditut kazetaritza onaren ondorioetan… Kazetaritza gizateriak dituen lanbide ederrenetako bat baita.
Eskerrik asko, Julio, Arabako Errioxa ezagutarazteko egiten duzun lanagatik. Eta zorionak sariagatik.