Bizikleta-ibilbide bat egitea proposatzen dizuegu. Ikusiko duzuenez, Bizkaian badugu non aukeratu: hiri-inguruneko ibilbideak, errepidekoak, mendikoak, kostaldekoak... Eta maila guztietarako aukerak daude: hasiberrientzakoak, ibilbide errazak, familian egiteko modukoak eta sasoi onean daudenentzako ibilbide gogorragoak. Hemen duzu Bizkaiko bizikleta-ibilbideen bilduma bat.
Bizkaiko kostaldea zeharkatu nahi duzu ala nahiago duzu Bilboko toki ezagunenetara bizikletaz iritsi? Gai zara 100 kilometrotik gora egiteko eta aldapak igotzeko ala nahiago duzu lasaiago ibili itsasaldean?
Edozer aukeratzen duzula ere, gustu-gustuko bizikleta-ibilbideak aurkituko dituzun Bizkaian.
Bizikleta-ibilbideak Bizkaian
Hasteko, Frantziako Itzuliko txirrindulari baten moduan sentiaraziko zaituzten pare bat ibilbide aurkeztuko dizkigu.
Tourreko etapa baten antzeko ibilbide nagusi hau gogorra da, kirolzaleentzako modukoa: 185 km inguru eta 3.500 metroko desnibela du, kota ugari ditu eta bihurgune ugariko zatiak ere bai. Baina ahaleginak merezi du, ibilbideak kostaldea eta barrualdea zeharkatzen baititu eta Bilboko eta hiriaren inguruko toki ezagunenetariko batzuetatik igarotzen baita.
Horren antzeko zerbait egin nahi baduzu, baina errazagoa, bertsio laburra egin dezakezu. Kasu horretan, 85 kilometro dira eta toki hauetatik igaroko zara: Andraka mendatea, Uribe-Butroeko labarrak eta Butroeko gaztelua.
Zirkularrak dira bi ibilbideak eta Bilboko erdigunean hasten eta amaitzen dira; zehazki, Etxebarria parkean.
Bilbao Green itzulia
Bilboko bizikleta-ibilbide berdeena da eta Guggenheim Museoa da punturik garrantzitsuena, han hasten eta amaitzen baita.
Pagasarri menditik, Urrearen Iturritik eta Arrigorriagatik igaroko gara. Bilboko toki erakargarrienetariko bat ere ikusiko dugu ibilbidean: Artxandako funikularra.
Guztira 50 kilometro dira, naturaz eta artez beteak.
Lea Artibai itzulia eta Ziortza-Bolibar-Lekeitio ibilbidea

Bizikleta gainean jarraitzen dugu Bizkaian, eta kostaldera goaz orain. Lekeitio da 85 kilometroko ibilbide honen abiapuntua eta helmuga, eta ezin hobea da itsasoa gustuko dutenentzat. Izan ere, besteak beste, Karraspio hondartza, Ondarroako portua, Mundakako olatua eta Laida eta Laga hondartzak ikusiko ditugu itzuli honetan.
Lekeition hasten da, halaber, Ziortza-Bolibar-Lekeitio ibilbidea. Hasi eta berehala, Ziortzako monasterioaren ondotik igaroko gara. Aurrera jarraitu ahala, zelaiak, baserriak eta zubiak ikusiko ditugu Aulestin, Gizaburuagan eta Oletan, besteak beste; gainera, errota zaharren eta ontziolen ondotik ere igaroko gara Mendexan eta Maierrotan.
Urdaibaiko Biosfera Erreserban zeharreko ibilbidea
Ibilbide zirkularra da hau ere; 90 kilometro egingo ditugu Bizkaiko errepideetan, Urdaibaiko Biosfera Erreserban, itsasoa eta mendia uztartzen dituen ingurune natural ikusgarri honetan. Itxura ona du, ezta?
Gernikan ditu irteera eta helmuga, eta Bizkaiko zikloturismoko toki klasiko batzuetatik igarotzen da: Bizkaiko Begiratokia eta Gerekiz eta Jainko mendateak.
Gainera, ibilbide gehiago ere egin ditzakezu ingurune zoragarri honetan. Eman begiratu bat bideo honi:
Flysch Itzulia

Irudia: Turismo Bilbao
Bizkaian bizikletaz egiteko beste ibilbide zoragarri honek flyschera eramango gaitu. Han, kostaldean zabaltzen diren formazio geologiko ikusgarriek osatutako paisaia paregabeak daude, "Lurraren historiaren zeharreko itzuli” batean.
Nahiko ibilbide laburra da, 40 kilometro ingurukoa, eta mendi-ibilbidearen kategoria du.
Arriluzeko itsasargian hasten da eta Galeakoan amaitzen, Algortako portu zaharreraino iristen baita.
Ibilbidea Bizkaian: Balmasedatik Armañon parke naturalera
Bizkaia bizikletaz ezagutzen jarraituko dugu. Oraingo honetan, hauek bisitatuko ditugu: Balmaseda, Karrantza Harana, Ordunte mendilerroa, Balgerriko pagadia eta Pozalaguako haitzuloak, Armañon parke naturalean.
50 kilometro egin behar dira Balmasedatik Armañon parke naturalera iristeko, natura bete-betean, bailarak, mendiak, basoak eta urtegiak izango baititugu guri begira.
Parke naturalen ibilbidea
Bizkaiko hiru parke naturalak (Gorbeia, Urkiola eta Armañon) dira parke naturalen itzuliko protagonistak.
Otxandioko (Bizkaiaren eta Arabaren arteko muga) plaza nagusitik Oletara eta hango basoetara joango gara. Handik aurrera, bidexkaz osatutako pistetatik ibiliko gara, harik eta ibilbideko toki estrategikoetako batera iritsi arte: Urkiolako santutegia eta Hiru Gurutzeen begiratokia. Azken zatian, Santa Engraziko urtegiaz gozatzeko aukera izango dugu.
Bilboko itsasadarrean zeharreko ibilbidea
Bizikleta-ibilbide erraz bat proposatzen dizugu oraingoan. Guztiok egiteko modukoa da, eta ezin hobea familian egiteko, Bilboko hiri-ingurunean bertan.
Areatzan hasten da ibilbidea, eta ibaiaren ondoko bidegorritik jarraitzen du. 6 kilometro inguruko ibilbide honek aukera emango digu portuko ingurua, berdeguneak eta behatoki naturalak ezagutzeko.
Sopelako itsaslabarren ibilbidea

Irudia: Turismo Bilbao
Sopelako itsaslabarrak (Solondota puntatik eta Atxatolitik Meñakozera) dira Bizkaiko kostaldeko paisaia ikusgarrienetariko batzuk.
Gainera, ingurune bikaina da bizikleta-ibilbideak egiteko. Izan ere, itsaslabarren ertzetik igarotzen dira eta itsasoa eta hondartzak (adibidez, Barinatxe, Arrietara-Atxabiribil eta Meñakoz) bertatik bertara ikusiko ditugu handik.
Getxo eta Barrika arteko 36 kilometroak zeharkatzen dituen ibilbidea da ezagunena. Zailtasun ertaina du, baina kontuz ibili behar da barandarik gabeko tokietan. Gainera, kontuan izan behar da lokatza egon daitekeela egun euritsuetan.
Trianoko meatzeen eta Atxuriagako bide berdearen ibilbidea
Trianoko mendiak Europako meatzaritza-zentro handienetariko bat izan ziren garai batean. Garai oparo haren lekuko gisa (meatzeak 1990eko hamarkadan itxi ziren), ilargi-paisaia bat geratu da, meatzeen arrastoek, labeek, tunelek, laku artifizialek eta meatzaritzako trenbideek osatua. Haiek guztiak ikusi ahal izango ditugu Trianoko meatzeen eta Atxuriagako bide berdearen ibilbidearen 45 kilometroetan.
Bizkaiko industriaren eta ingurunearen historia pixka bat ezagutzeko aukera paregabea. Gallartan, ezin dugu bisitatu gabe utzi Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa.
Bizkaiko bizikleta-ibilbide onenak ezagutzeko prest?