Denborak urrea balio du enpresa guztietan, eta, gaur egun, zure denbora hobeto kudeatzen laguntzeko aplikazio ugari daude. Asko doakoak dira, eta horietako askok premium bertsio bat ere badute, zerbait osoagoa edo espezializatuagoa behar dutenentzat. Denak dira praktikoak, baina, zuretzat egokiena zein den jakiteko, zure beharrak hartu behar dituzu kontuan : zure enpresa zer neurritakoa eta zer sektoretakoa den, bakarkako proiektu batean diharduzun ala taldean, bulegotik edo urrunetik egiten duzun lan...

Trello: Ataza-kudeatzaile honek zuk nahi adina kide, taula eta eranskin ditu. Lana antolatzen laguntzen du (urrunetik nahiz bulegoan bertan), eta fitxategiak eransteko, irudiak gehitzeko eta taldeko kideen artean iruzkinak egiteko aukera ematen du.

Asana: Ezagunenetakoa da. Taldeko lana koordinatzeko aplikazio bat da. Taldeko kide guztiek interfaze erraz batean ikus dezakete zer lan egin behar diren, zein diren lehentasunezkoak eta noizko entregatu behar diren, modu oso bisualean.

Jira: Onlineko tresna bat da, eta proiektu bateko lanak eta gorabeherak administratu eta haien segimendua egiteko aukera ematen du. Aplikazioak aurrez definitutako lan-fluxuak erabiltzeko edo zure beharretara egokitutako talde-dinamika bat sortzeko aukera ematen du.

Wunderlist: Hainbat proiektu aldi berean administratzeko aukera ematen duen aplikazioa. Edozein gailurekin erabil daiteke. Planifikatzaile adimendun gisa funtzionatzen du; lanak antolatu, oharrak aktibatu, iruzkinak gehitu eta aldizkako zereginak sortzen ditu.

Avasa: Negozio bat kudeatzeko behar den guztia biltzen duen plataforma profesional osoa: zereginetarako lankidetzak, eztabaidak, fitxategi-trukea, gastuen administrazioa eta bezeroen fakturazioa.

Sesame Time: Hasiera batean ordutegiak, txandak eta oporrak kontrolatzeko plataforma gisa sortu bazen ere, denboraren eta lanen kudeaketa propioa egiteko aukera ematen die enpresei eta langileei, eta enpresaren produktibitatea aztertzeko datu estatistiko eta txosten oso erabilgarriak ematen dizkie.

Basecamp: Urrunetik lan egiteko tresna erraz eta eraginkorra da. Proiektu bakoitzari dagokion lanarekin zerikusia duen guztia eslei diezaiokezu, hala nola langileak, eztabaidak, dokumentuak, eta ataza edo data garrantzitsuak.

Podio: Tresna pertsonalizatu eta argia da oso, eta, hain zuzen, argia izate hori du alderdi nabarmena. Rolak argi eta garbi zehaztuta daude, eta, horri esker, entrega-denbora, eraginkortasuna eta harremanak hobetzen dira.

Wrike: Talde-lana eta telelana dira Wrikeren oinarria —funtsezkoak, biak ere, gaur egungo egoeran—. Taldeko kide guztiek egindako aldaketak denbora errealean ikusteko aukera ematen duen tresna automatizatu bat da.

Paymo: Proiektuak kudeatzeko aplikazio hau asko erabiltzen dute langile autonomoek; zereginen administrazio aurreratua egiteko aukera ematen du, eta denborak eta fakturazioa erregistratzen ditu.

Zojo Projects: Gantt-en diagramak erabiliz, proiektuaren plana sortu eta zereginen jarraipena egiten du. Hala, planifikatutako aurrerapenaren eta benetako aurrerapenaren artean desbideratzerik gertatuz gero berehala ikusten da.

Ikusten duzuenez, gustu eta behar guztietarako aplikazioak daude. Zuen enpresaren jarduera edozein dela ere, azken helburua da proiektuak eta ekipoak koordinatzeko tresnarik onenak izatea, eta, haiekin, denbora eta ahaleginak eraginkortasunez kudeatzea.