Gaur egun, paradigma berri batean sartu garadatuak jasotzeari, aztertzeari eta ustiatzeari dagokionez, datuak ezagutzaren gizartearen muin bilakatu baitira. Aldi berean, datuetan oinarritzen diren ahalmen handiko zenbait soluzio eta aplikazio zabaldu dira —besteak beste, IoT—, zeinak datuez elikatzen baitira garatzeko eta erabilgarriak izateko.

Testuinguru horretan, funtsezkoa da arriskuak ezagutzea eta informazioaren erabilera arautzea, pribatutasuna eta oinarrizko eskubideak bermatzeko.

IoT soluzioetan datu pertsonalei ematen zaien tratamenduaren inguruan sortzen diren arazo eta erronka espezifikoak modu sinple, praktiko eta operatiboan aztertzeko, SEA Arabako Enpresek, Euskaltelekin lankidetzan, jardunaldi bat antolatu dute: IoT teknologiak erabili eta garatu nahi dituzten enpresek nola egokitu behar dute datuen babesa?.

Izan ere, gaur egun dena datifikatzen da, eta, horri esker, lehen ikusten ez ziren datuak ikus daitezke, eta, aldi berean, datuak monetizatu egiten dira.

Ingurune digitaletan erabiltzen diren datu-motak

Urte gutxian, interesdunak borondatez emandako datuak bakarrik tratatzetik haren aztarna digitalean geratzen diren datuen areagotze esponentzialera igaro gara. Izan ere, aztarna digitalak uzten dituzte cookieek, geolokalizazioak, datu eratorriek (esate baterako, onlineko denda batean sartzen garenean) eta inferituek (probabilitateetan oinarritutako azterketa baten bidez lortzen direnak).

Araudiari dagokionez, AEBk eta Txinak, garapen teknologikoan eta I+Gan garatuen dauden bi herrialdeek, ez dute arau-esparru solidorik. Benetako paradoxa.

EB nagusitzen da pribatutasunerako eta funtsezko eskubideen babeserako gobernantzaren estrategian, eta datu eta azpiegitura ugari inbertitzen ditu araudi espezifikoa izango duen Europako merkatu digital bakarraren bilaketan; barnean sartzen dira e-privacyari, datuaren gobernantzari eta adimen artifizialari buruzko araudiak. Pertsona eta haren datuak aurrena jartzen dituen araudia.

Eta, zehazki, zein dira IoT gailuen arrisku nagusiak?

Lehenik eta behin, pribatutasunaren printzipioa diseinutik hasita eta lehenespenez kontuan ez izatetik eratortzen direnak. Hau da, arkitekturaren eta objektu, gailu eta sistemen arteko interakzio ugarien konplexutasunak informazio-fluxu kontrolaezinak sortzen ditu, ez da jakiten nor den arduraduna, eta erabiltzaileen interakzioaren maila ez da mugatzen.

Gainera, eragile asko daudenez, zaila da haietako bakoitza identifikatzea eta zer rol duten jakitea. Horrek guztiak datu pertsonalen segurtasunaren inguruko zaurgarritasun potentzialak eragiten ditu, eta, zenbat eta IoT funtzionaltasun gehiago erabili, zailagoa izango da gailu bakoitza modu anonimoan erabiltzea.

Bestalde, gardentasuna eta kontrola falta dira erabiltzaileak jakin gabe eta zertarako eta nola erabiliko den jakin gabe ematen duen informazio pertsonalaren inguruan. Erronka da interesdunak jakitea bere datuekin zer egiten ari diren. Alderdi horretatik, aukera interesgarri bat da, adibidez, gailua erabili aurretik pribatutasun-parametro jakin batzuk konfiguratzea QR baten bidez.

Datuak modu egokian erabiltzeko jarraibide batzuk

Kasu guztietan, baimenak librea, espezifikoa, informatua eta zalantzarik gabea izan behar du, eta adierazpen edo ekintza informatzaile garbi baten bidez egin behar da, ez sistemaren baimen automatizatu baten bidez. Hala, IA, IoT, BD teknologietan eta haien konbinazioan oinarritzen diren soluzioei dagokienez, ezinbestekoa da prozesuaren etapa bakoitzean datuen trazabilitatea egiteko aukera emango duten mekanismoak ezartzea, haien erabilerak aldatu edo hedatu egin baitaitezke. Interes publikoagatiko erabilerak direnean ere legezko gaikuntza egoki bat behar da.

Testuinguru horretan, IoTk oraindik ez du behar adina konfiantzazko estandar, eta oso segurtasun-geruza gutxi ditu, sarritan gailuak oso txikiak eta aurrekontu urrikoak izaten baitira.

Soluzio horiek teknologia disruptibo bat dira, orain arte ezezagunak izan diren arriskuak dituena. Beraz, arriskuen kudeaketaren ikuspuntutik diseinatu, garatu eta erabili behar dira, eta kontuan hartu behar dugu bereziki babestutako datuekin ari garela lanean, erantzukizunez tratatu behar direla, eta erantzukizuna ez dela sistemarena berarena.

Zuen enpresan ondoen egokitzen zaizkizuen soluzioak jartzen lagunduko dizu Euskaltelek, betiere gertuko tratuarekin eta arduraz.

Gehiago jakin nahi baduzu IoTn oinarritutako gure soluzioei buruz, harpidetu gure aldizkarira, edo jarri harremanetan enpresetarako gure sail komertzialarekin.