Zer da "hiperautomatizazioa"? Gero eta zabalduago dagoen kontzeptua da, eta enpresen digitalizazio- eta jasangarritasun-prozesu erabatekoari dagokio, hala merkatu garatuenekin eta aurreratuenekin lehiatu ahal izateko.

Hiperautomatizazio horrek irudien, bideoen eta adimen artifizialeko soluzio teknologikoen konbinazioan hartzen du oinarri datuen mundu erreala eta irudiaren mundu birtuala elkartzeko, eta etorkizuneko benetako aliatu bihurtzen da, erabateko digitalizazioa eta prozesu jasangarriak bermatzeko enpresetan, soluzio teknologiko konbinatuak baliatuta. Hala, badira diru-sarrera berriak sortzeko eta zuen negozioen lana optimizatzeko aukera emango duten adimen artifizialeko proposamenak eta errealitate birtualean oinarritutako ekimenak.

Bideoaren balio-zikloa eta AA denbora errealean

Bereziki aipagarria da bideoaren balio-zikloa, kameretan edo modu sintetikoan sortzen denetik, plataformetan transkodetu eta erabiltzaileak gailuren batean erabiltzen duen arte.

Badira orobat algoritmo batzuk adimen artifiziala denbora errealean tratatzean oinarritzen direnak, eta martxan jartzen direnak kasu batek bideo-iturri askotan batera aplikatzea eskatzen duenean, eszena bat angelu desberdinetatik ikusteko, adibidez; berdin erabil daitezke industrian, kiroletan edo administrazio publikoan.

Errealitate areagotua eta enpresan duen balio erreala

Denen ahotan dago orain Metabertsoa, baina, gaur egun duen garapen-maila alde batera utzita, jada badira merkatuan haren teknologian —hau da, errealitate areagotuan— oinarritutako aplikazioak, soluzioak eta esperientziak, bai eta teknologia hori aplikatzeko moduak ere, guztiak ere egokiak enpresei balio erreala emateko hainbat eremutan, hala nola ezagutzaren digitalizazioan.

Izan ere, errealitate areagotua gure artean komunikatzeko era berri bat da, mundu erreala ulertzeko eta harekin erlazionatzeko modu berri bat.

Pertsonentzat erabilgarria eta eskuragarria den teknologia baten beharra

Nola parte hartzen dute pertsonek mundu teknologiko honetan? Ate-joka daukagun eta orain arte teknologia sekula erabili ez dutenengana ere hedatzen ari den mundu honetan?

Teknologiak oztopo ugari sor ditzake biztanleen sektore batzuentzat; izan ere, fabrika digitalak sortzen ari gara, baina hor daude pertsonak; beraz, funtsezkoa da pertsonei lana erraztuko dien sistema bat lortzea, baina pertsonek horretarako gaitasun teknologiko askorik behar ez izatea.

Azken finean, elementu birtual berriekin lan egin behar duen langile baten gaitasunak areagotuko dituen elkarrizketa bat ezartzea da gakoa.

Soluzio teknologikoen heldutasuna eta enpresetan ezartzea

Teknologia horien egungo heldutasunari dagokionez, erakundeen zenbait sinergia aldatu beharra da arazo handienetako bat. Ezin da eraldaketa digitalik egin, ez enpresa batean, ez administrazio publikoan, ez baldin badago datuak edo sistemak partekatzeko informazio-fluxurik.

Langileak ere aldaketa-prozesuetan sartu behar dira, eta haien beharrak ezagutu, tresna erabilgarri bat emateko.

Integrazio digitala arrakastatsua izateko, nahitaezkoa da soluzio teknologikoen eta pertsonen arteko lankidetza eta integrazioa. Bestela, alferrik gabiltza. Nahiz oraindik badagoen teknologia horien heldutasuna hobetzeko marjinarik, gaur egun teknologia ugari dago jada eskuragarri merkatuan, baliotsua, puntakoa eta edozein enpresarentzat aplikagarria, baina nahitaezkoa da sistemak integratzea.

Enpresetarako ditugun soluzio teknologikoei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin.