Euskaltel bloga. Negozio-ikuspegia edo animaliekiko maitasuna? Zerk bultzatu zintuzten Dog Vivant sortzera?

Elena Fernández. Bi gauzek. Pasioak mugiarazten zaitu hasieran, baina errentagarria izateko erak bilatu behar dira beti. Pasioari esker, baina, merezi dute negozio bat abiarazteak dakartzan lo-galtzeek eta konplikazioek. Eta orobat egiten du berezi zure proiektua. Egunero izaten dira ustekabekoak, plan-aldaketak, etab., eta dena kostatzen da espero zenuena halako bi (edo hiru).

E.B. Nork osatzen du Dog Vivant taldea?

E.F. Dog Vivant “familian”, gaur egun, 7 emakume eta... 11 txakur! gaude. Taldekide izateko, txakurrekin bizi diren pertsonak bilatzen ditugu, txakurrak eramaten dituztenak beren planetan, bidaietan, etab., hala hemen zer egiten dugun ulertzen baitute, eta ekarpen handiagoa egiten. Halaber, askoz ere gehiago gozatzen dute lanaz.

Taldekide izan diren eta lagundu diguten pertsona guztiak ere familiakoak dira, eta ez ditugu ahaztu nahi gure mentoreak eta inbertitzaileak ere: Laura eta Josetxu, Metxakoak, eta Rubén, Conteneokoa.

E.B. Nola funtzionatzen du aplikazioak? Zertan datza zuen negozioa?

E.F. Dog Vivantek ziurtagiriak ematen dizkie txakurrekin doazen bezeroak onartzen dituzten negozioei eta txakur-negozio fidagarriei. Zenbait kanal baliatzen ditugu ziurtagiria duten negozioak ikusgai jartzeko: webgunea, mugikorreko aplikazioa, sare sozialak, posta elektronikoa, marketina... eta, horrez gain, txakurrentzako edontziak, oheak eta litxarreriak bidaltzen dizkiegu negozioei, txakurren bizipena ezin hobea izaten laguntzeko.

Gure helburua da txakurrarekin arduraz jokatuz joan-etorrian dabiltzan pertsonek, hiri bat bisitatzen dutenean, izan dezatela aukera dog-friendly jatetxeak eta ostatuak nahiz konfiantzazko albaitariak ezagutzeko, Dog Vivanten bermearekin Negozioaren xehetasun guztiak ez ezik, informazio guztiz espezializatua ere badago. Esate baterako, ea bi txakur baino gehiago eraman daitezkeen, inguruan txakur-zaindegirik badagoen, eta, bereziki, txakurrarekin joan diren beste bidaiari batzuen iritziak.

E.B. Zabala da dog-friendly merkatua?

E.F. Oso hobi erakargarria da, Espainian lau etxetik batean dutelako txakurra (Europan, antzera), txakurrak 10-15 urte bizi ohi direlako eta pentsamoldea aldatzen ari delako: gero eta gehiagok esaten dute txakurra familiako beste kide bat dela, denbora eta dirua eskaintzen dizkiote, eta zoriontsua izatea nahi dute.

Oraindik gutxi dira txakurrak onartzen dituzten negozioak (% 15-20 inguru; asko aldatzen da toki batetik bestera), baina gero eta gehiago dira. Herri batzuetan, debekatua dago kafetegietan, tabernetan eta halakoetan txakurrekin sartzea, baina ari dira pixkanaka ordenantza horiek aldatzen eta erabakia negozio-jabearen esku uzten.

Egoera honetan, “irekitze” horri laguntzeko moduan gaude, txakurrak eguneroko bizitzan, bidaietan eta abarretan sartzearen aldeko proiektu batekin, betiere kontrolatuta, arduraz eta denak errespetatuz. Gero eta toki gehiagotan ongi hartuak izan gaitezen, arduraz jokatu behar dugu gure txakurrarekin; jakin behar dugu noiz etor daitekeen gurekin eta noiz ez, eta jakin behar dugu arrastoa uzten, baina arrasto ona. Xehetasun gehiago daude azterketa hauetan: Viajes con Perro eta Ocio con perro.

E.B. Nolakoa da zuen ohiko erabiltzailea: bertako herritarra edo turista?

E.F. Galdera ona da. Bientzako gara baliagarriak, askok ezagutzen baitituzte tokiak beren auzo hurbilenetan, baina lagundu ere egiten baitigute. Adibidez, Bilboko edo Donostiako jatetxeei buruzko iritzi asko hango herritarrenak dira, zeinek Dog Vivanten bilatu baitute beste toki bat edo probatzeko gauza berriren bat.

Turistek ere pakete osoa ikusten dute: familia onartzen duten ostatuak, jatetxe hautatuak, txakurrentzako zerbitzuak eta parke eta pasealeku gomendatuak. Gozamena da, halaber, txakurrak maite dituzten guztiek nola laguntzen duten ikustea: dog-friendly tokien ehunka gomendio jasotzen ditugu hilero, herrialdearen bazter guztietakoak, baita Andorrakoak, Portugalgoak eta Frantziako hegoaldekoak ere.

E.B. Zenbat pertsona eta toki dituzue webean erregistratuta?

E.F. Gaur egun, ia 900 negozio ziurtagiridun aktibo ditugu, hilean 40.000 bisita baino gehiago, eta 16.000 erabiltzaile erregistratu baino gehiago.

E.B. Ene! Eta ezarri duzue jomugarik? Zer helburu dituzue hurrena?

E.F. Negozio ziurtagiridun gehiago izatea, gero eta toki bermatu eta arduratsu gehiagoz goza ahal izan dezagun. Negozio-mailan, ziurtagiria duten ostatuen arteko erlazioa areagotzeko ari gara lanean (ostatuak, jatetxeak, txakurrentzako negozioak...), baita, zerbitzua osatzeko, jomuga eta agente turistikoekin ere.

E.B. Zuen zain dago nazioarteko merkatua?

E.F. Dagoeneko ematen diegu zerbitzua, adibidez, Euskadira datozen turista frantsesei eta ingelesei. Bestalde, hasi gara ziurtagiriak ematen Andorran eta Portugalen, eta laster hasiko gara Frantzian. Unibertsala da txakurtxoekiko maitasuna!

E.B. Aplikazioa 2015ean sortu zenuten. Zer zailtasun nagusiri egin behar dio aurre Dog Vivanten moduko aplikazio bat martxan jarri nahi duen enpresa txiki berri batek?

E.F. Webgunea 2015ean jarri genuen martxan, eta mugikorreko aplikazioa 2016an. Beti da zaila: erabaki asko hartu behar dira gauzak ondo probatzeko aukerarik izan gabe eta aurrekontu mugatuarekin. Zorionez, bai Anak eta bai nik proiektu digitaletan lan egin genuen aurretik beste bezero batzuentzat, eta bagenuen hasteko oinarria. Proiektu digitaletan, baina, etengabe aldatu beharra egoten da, eta, sortzean eta baliabideak esleitzean kontuan hartu ezean, zaila da gero hura behar bezala elikatzea haz dadin eta funtziona dezan.

E.B. Eta urte hauek pasatu ondoren, zein izan dira une onenak eta txarrenak, zure ustez?

E.F. Onenak, arrakasta txiki bakoitza, zure ideiarekin bat datorren pertsona bakoitza, kontua berritzen duen eta egindako lanagatik zoriontzen zaituen bezero bakoitza, tokiak ezagutzen laguntzeagatik eskerrak emateko argazki eta guzti idazten duen pertsona bakoitza... Poz handia da horietako bakoitza, egiten ari zarena guztiek ulertzen dutela dakizulako.

Txarrenak: oraingoz (eta ea hala jarraitzen dugun), ez dugu krisi garrantzitsurik izan. Zerbait espero bezala ateratzen ez denean eta gauza asko berriro pentsatu behar dituzunean, ordea, konturatzen zara familiarekin zein lagunekin, planak egiten edo bidaiatzen pasatuko zenukeen denborari ari zarela uko egiten. Hala, gogo eta konpromiso handia izan behar da ez hondoa jotzeko.

E.B. Emango zenioke aholkuren bat zuen abenturaren antzeko bati ekiteko asmoa duen norbaiti?

E.F. Nik esango nioke zerbaitetan sinesten badu buru-belarri lan egiteko horretan. Aurrera egiteko aukerak izateko era bakarra da, zaila baita. Interneten zabaltzen dituzte istorioak, non egun batean garaje batean hasi eta hurrengo egunean 100 milioiren truke saltzen baituzu enpresa, baina halakoak ez dira gertatzen. Bildu zure ingurura lantalde eta laguntzaile onak. Eta, batez ere, ez iezaiozu bakarrik ekin; bidea luzea eta gogorra da lagunik gabe egiteko. Kopiloturik izan ezean, erraz galtzen da ikuspegia.

E.B. Zer ekarpen egin zizuen zuei Euskaltel StartUps programak?

E.F. Batetik, sari bat jasotzea bezalakoa da Euskaltelen aitortza. Bestetik, konektagarritasuna doan ematen digute urtebetez, eta laguntza da hori. Programatik gehiena erakartzen gintuena, baina, Euskaltelekin sinergiak bilatzeko eta ekintza bereziren bat martxan jartzeko aukera zen. Ildo horretatik, bilera pare bat izan ditugu, eta bileren ondoren prestatu ditugun proposamen batzuen erantzunaren zain gaude orain. Espero dugu laster elkarlanen baten berri ematea, gure ustean hor baitago Euskaltel StartUpsen benetako balioa.

E.B. Baduzue gogoan maskotentzako beste aplikaziorik?

E.F. Gure misioa aisialdia eta turismoa txakur eta guzti egiten laguntzea da. Bide horretan aplikazio berriak garatu behar badira, garatuko ditugu. Oraingoz, lan asko dugu egiteko jomugekin, agente turistikoekin eta hirietako zerbitzuak eta garraioa sustatzen dituzten agenteekin.

E.B. Eskerrik asko eta zorte on!