5G teknologia errealitatea da jadanik. Hedatzen hasia da, eta gehiago hedatuko da, pixkanaka. Teknologia berri horren promesak hauek dira: datu-transmisioaren abiadura nabarmen handitzea eta oraindik imajinatu ere egiten ez ditugun zerbitzu eta aukera berriei sarbidea ematea.

Euskaltelen etorkizuneko erronketako bat da 5G teknologia. Horregatik, koordinatzaile dihardugu ‘5G Euskadi’n, 5G teknologia aplikatzen duten Euskadiko 9 proiektu pilotutan lanean ari den partzuergoan. Haietako bat Ikusik garatu du.

Ikusi erabilera-kasu baten garapenean zentratu da, 5G teknologiak trenen mantentze aurreratuan dituen ahalmenak probatzeko; horretarako, gaur egungo teknologiak (4G) ingurune horretan eskaintzen duenari buruz duen ezagutza aprobetxatuko du. Trenen urruneko mantentze-lanetarako proiektu bat ondu du merkatuko tren-fabrikatzaile nagusietako batentzat. IoT gateway edo plataforma bat inplementatu du, datu-eskuratze masiborako prestatua, trenean bertan instalatzen dena eta segundoko 30.000 aldagai atzitzeko gai dena orduko 300 km-ko abiaduran dabiltzan trenetan.

Fabrikatzaileak ia denbora errealean jasotzen du bere kontrol-zentroan plataforma horrek bildutako informazio guztia. Horri esker, beti daki zer egoeratan dituen trenak, eta aurrea har diezaieke akats posibleei. Hala, trenen erabilgarritasuna handitzen da, eta minimizatu egiten da mantentze-lanen kostua.

Eta proiektua errealitatea da dagoeneko, martxan baitago. Orain, egiaztatu nahi da zenbateraino lagunduko duen 5G teknologiak datu-transmisioaren abiadura handitzen, denbora erabat errealean transmititzea lortu arte eta ia latentziarik gabe trenaren datuak hartzearen eta datu horiek kontrol-zentrora iristearen artean.

5G + MEC

5G teknologiak zerbitzu gehiago ere ekarriko ditu, eta zerbitzu horiek haren ahalmenak handituko dituzte. Horregatik, Ikusi aztertzen ari da, halaber, zer ekar dezakeen 5G teknologiak MEC (Multi-access Edge Computing) teknologiarekin bat eginda, MEC teknologiak aukera ematen baitu datuak 5G azpiegituran bertan prozesatzeko denbora errealean. Helburua da banda-zabaleraren, latentziaren eta konputazioaren ahalmenak edgean aprobetxatzea —hots, datuak sortzen ari diren tokitik ahalik eta hurbilen prozesatzea—, datuak prozesatzeko ahalmena eta abiadura handitzeko, eta, aldi berean, kostuak murrizteko.

Ingurune teknologiko berri horrek konektagarritasuna nabarmen hobetuko du, eta lagungarria izango da treneko sistema guztien portaera denbora errealean hobeto ezagutzeko, bai eta lanean ari den flota osoarena ere. Milaka datu atzitu eta prozesatu, eta analisi deskribatzaileak nahiz prediktiboak egingo ditu, eta, horri esker, berehala esku hartzeko alarmak sortu ahal izango dira.

Baina ez da hori ikuspegi digitala trenen arlora ekartzearen abantaila bakarra. Besteak, beste, planifikatu gabeko geldialdi gutxiago eragingo dituzte matxurek, konponketetarako eta mantentze-lanetarako geldialdiak hobeto planifikatuko dira, konponketa eta ikuskapenetarako denbora murriztuko da, eta etengabe egingo dira hobekuntzak trenen bizi-ziklo osoan.

5G Euskadi’ proiektua

5G Euskadi’ proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatuta dago, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura, eta 13 erakunde publiko eta pribatu elkartu ditu partzuergo batean, Euskaltelek koordinatuta. Erakundeok ahaleginak batu dituzte 5G teknologia euskal enpresa-sarean garatu eta ezartzeko lankidetza-hitzarmenak egiteko.