Distantzia handietara dauden instalazio elektrikoetan mantentze-lanak egiteko, eta, batez ere, sektore elektrikoan erabakigarriak diren zereginen segurtasuna indartzeko, urrutitik lan egin ahal izateko soluzioak garatu behar dira, efizientzia- eta segurtasun-parametroak erabiliz.

Ceit ikerketa-zentroa Basque Research & Technology Allianceko (BRTA) kide da, eta soluzio bat garatzeko lanean dihardu 5G Euskadi proiektuaren esparruan. Oinarria, berriz, errealitate areagotua da; hots, elementu grafiko birtualak bideo-irudietan gainjartzea. Teknologia horri esker, profesional tekniko batek milaka kilometrora dagoen beste langile bat gidatu ahalko du zeregin espezializatuak egitean, eta segurtasunez eta eraginkortasunez jardungo dute, fisikoki hara joan behar izan gabe. Halaber, joan-etorrien kostuak murriztuko dira, zeregin erabakigarriak segurtasunez egingo dira, denbora gutxiago beharko da arazoak konpontzeko eta, osasun-krisiaren egoera honetan, kutsatzeko arriskua desagertuko da.

Soluzio hori eraginkortasunez hedatzeko asmoz, bere AvanSAT sistema baliozkotzen eta 5G sareetara egokitzen ari da orain Ceit. Sistema horren bitartez, langileei urrutitik laguntzen zaie, errealitate areagotua baliatuz. Sistemaren gaitasun guztiak esploratzea da helburua, eta, azken batean, soluzio bat eskaintzea, efizientzia eta segurtasuna hobetzeko sektore elektriko eta industrialean mantentze-lanak egin behar direnean.

Ceiteko Industria 4.0-rako sistema adimendunen taldeko buru Igone Vélezen hitzetan, 5G sareak bideratzen dituen teknologiak irudien kalitate optimoa ziurtatzen du bi langileen arteko komunikazioan, baita latentzia txikia ere. Eta, hain zuzen ere, baldintza horiek betetzea ezinbestekoa da horrelako zereginetan.

Konektagarritasun hobea eta kostu txikiagoak

Gaur egun, errealitate areagotuko bere soluzioak 5G sareetara egokitzen eta aplikazioak multi-access edge computing (MEC) zerbitzuan hedatzen ari da Ceit. MECek prozesamendu-gaitasun handia eta latentzia txikia dituenez, algoritmo konplexuak MECen bertan exekuta daitezke; eta, beraz, ez dira zertan langileak daraman gailuan exekutatu. Era horretan, errealitate areagotuko algoritmo aurreratuak erabil daitezke, bateriaren kontsumoa nabarmen handiagotu gabe. Hartara, arinagoak eta merkeagoak izaten dira.

Ceitek aurreikusten du pilotua 2022an inplementatu ahal izango duela, Iberdrolarekin eta Vicomtechekin batera, 5G Euskadi proiektuaren esparruan; zehazki, Iberdrolak Zamudion duen azpiestazio batean izango da, eta helburua da langileei laguntzea prozedurak eta zereginak seguruagoak izan daitezen. Sektore elektrikoaren harira, Iberdrola ere proiektu batean dabil, konpainia elektrikoek 5G-a hedatzeko eragile gisa duten zeregina sendotzeko.

5G Euskadi proiektua Euskaltelek kudeatzen du, eta proiektuaren helburua da 5G teknologia euskal enpresa-ehunean garatzea eta inplementatzea. Partzuergoa 13bazkidek osatzen dute: Euskaltel, R, Orange, MASMOVIL taldea, ZTE España, ZTE Managed Services, Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, Dbus (Donostiako Udala), Datik (Irizar taldea), CEIT, Vicomtech. Enpresa horiek, gainera, lankidetza-hitzarmenak egin dituzte Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Horrez gain, proiektuak euskal administrazio publikoaren laguntza du: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Donostiako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala. Azpimarratzekoa da, halaber, proiektu pilotua Red Colmenak (Promotora de Redes Compartidas, SA) diseinatu eta kudeatu duela, eta partzuergoaren kudeaketa Euskalteli dagokiola.

Guztira, partzuergoak 5G teknologia aplikatzen den bederatzi proiektu pilotu jarri ditu martxan Euskadin. Horietako bat instalazio elektrikoetan langileei urrutitik laguntzeko proiektu pilotu bat da.

Proiektu horri buruz gehiago jakin nahi baduzu eta ABEEko kideak eta lankidetza-hitzarmenean parte hartzen duten eragileak ezagutu nahi badituzu, egin klik hemen.