Horra Thinking Football zinema- eta futbol-jaialdian ikusgai ditugun istorioetako batzukAthletic Club Fundazioarekin batera antolatzen dugu jaialdia. Film luze eta labur horietan, ate batetik baloi bat sartzea baino gai askoz ere konplexuagoak jorratzeko aitzakia baino ez da futbola. Kontua ez da filmak ikustea bakarrik: gogoetarako tarterik ere badago, edo protagonistekin eztabaidatzeko eta, bideo-sortzailea baldin bazara, bai eta prestatzen ari garen euskarazko bideo-sorkuntzako lehiaketan parte hartzeko ere. Laster egingo dugu lehiaketarako deialdia.
Bosgarren urtea du jada kutsu sozial nabarmeneko jaialdi horrek, zeina martxoaren 13tik 28ra egingo baita, BBK Aretoan, Bilbon. Bi saio egingo dira astelehenero eta asteartero. Hamaika film luze (hamar dokumental eta fikziozko pelikula bat) proiektatuko dira, eta bost film labur. Doakoa da sarrera (leku guztiak bate arte), eta, filma proiektatu ondoren, mahai-ingurua egingo da zuzendariarekin, protagonistetako batzuekin eta jokalari handi batzuekin. Hor duzu, adibidez, Thomas Hitzlsperger protagonista izango duen mahai-ingurua. Erretiratu eta gutxira adierazi zuen internazional aleman eta Bundesligako txapeldun izandako jokalari horrek homosexuala zela. Egun, erreferentzia aipagarria da homofobiaren aurkako borrokan.Datorren astelehenean, hilak 13, hasiko da jaialdia, aurreko urtekoa irabazi zuen dokumentalaren emanaldi berezia eginez. Bilboko ikastetxeetako 13 eta 14 urte bitarteko 430 neska-mutikok ikusiko dute dokumental hori, hots, Sunakaliren protagonisten adin bera izango dute ikusleek. Nepaleko ingurune pobreenetako bateko emakumezkoen talde baten istorioa izango dute ikusgai eta gogoetagai Bilboko neska-mutikoek.
Jaialdiko film interesgarrienetako batzuk hautatzen saiatu gara. Dena den, guztiak ikusi nahi badituzu, hemen duzu zerrenda osoa.
- Inside a Volcano: Islandiako selekzioak Eurokopara iristeko egin zuen bideari buruzko dokumentala. Martxoaren 13an, 19:00etan.
- Alén do Cosmos: Santiago Formosoren periploari buruzko dokumentala. New Yorkera emigratu zuen herritar galego horrek 1960ko hamarkadaren amaieran, eta Pelé eta Cruyff jokalari izan zituen New York Cosmos talde mitikoan jokatu zuen. Martxoaren 14an, 20:00etan. Emanaldiaren ondorengo mahai-inguruan Formosok ere hartuko du parte.
- Inside Haíti : América Centenario Kopa jokatu zuen Haitiko selekzioari buruzko dokumentala. Martxoaren 20an, 20:00etan.
- Matthews: Apartheidaren garaietan, Hegoafrikan, jokalari beltzak entrenatzen zituen sir Stanley Matthews futbolari mitikoak Johannesburgoko aldirietan. Martxoaren 20an, 21:00etan. Matthewsen semeak hartuko du parte emanaldiaren ondorengo mahai-inguruan.
- Celtic Soul: Bidaia eta grina baten istorioa; Celtic taldearena, alegia. Martxoaren 20an, 27:00etan. Celticen jokatutako bi futbolari jardungo dira emanaldiaren ondorengo mahai-inguruan: Pat Bonner eta Georgios Samaras.
- The Pass: Bi futbolariren arteko ezkutuko maitasun-istorioa kontatzen du film ingeles horrek. Martxoaren 20an, 28:00etan. Thomas Hitzlsperger futbolari ohiak hartuko du parte mahai-inguruan. Harekin batera izango dira filmaren zuzendaria, Ben A. Williams, eta Duncan Kenworthy ekoizle ospetsua (Cuatro bodas y un funeral, Notting Hill eta Love Actually).
Babesten ditugun ikuskizun guztien berri jaso nahi baduzu, Twitterren gauzkazu. Oso interesgarriak dira guztiak. Ez hutsik egin!