Beste urte batez, bolbora usainez beteko da Irun, San Martzial Alardean. Desfilea, debozioa, musika eta erromeria elkartuz, garaipen militar historiko bat gogoratuko da, irundarrak nahiz Euskadiko txoko guztietatik iritsitako bisitariak biltzen dituen festa handian. Hona hemen Irungo San Martzial Alardearen historia, tradizioa eta agenda.

Urtero, ekainaren 30ean, 20 konpainiak baino gehiagok desfilatzen dute Gipuzkoako herri horretako kaleetan, danbor eta martxa militarren erritmoan, eta antzinako uniforme klasikoak soinean. Ba al dakizu zergatik?

San Martzial Alardearen historia

Irungo San Martzial Alardearen historiak 500 urte atzera garamatza.

Alardea armekin egiten den desfile tradizional bat da, hain zuzen, 1522ko ekainaren 30ean goizaldean Irungo Aldabe mendian irundarrek frantsesen aurrean lortutako garaipena ospatzen duena.

Egun horretan, frantziarrek hainbat ofentsiba egin zituzten, Bidasoko mugaldearen kontrola berreskuratu nahian.

Garai hartan, Fernando I.ak Nafarroako Erreinua konkistatu eta Gaztelako Koroara elkartu zuen, eta Frantzisko I.a Frantziako erregeak ez zuen galdu nahi eremu horretan zuen kontrola. Bereziki, Behobiako gaztelu estrategikoa zuten helburu.

1521eko urritik aurrera, hainbat hilabetez saiatu ziren, eta, 1522ko ekainaren 28an, Frantziako erregearen mertzenarioak (lapurtarrak eta alemaniarrak) Irungo Aldabe mendiraino iritsi ziren. Baina gauzak ez ziren atera espero zuten bezala.

Frantziarren aurka Irunen egindako guduko heroiak

Juan Pérez de Azcue eta Miguel de Ambulodi kapitain irundarrek gidatu zituzten herriko tropak. Gau hartan, segada bat prestatu zuten, eta frantziarrak ustekabean harrapatu eta garaitu zituzten.

Bide batez, emakumeek oso paper garrantzitsua bete zuten borrokaldian: sutan zeuden “zurezko aizkorekin” ibili ziren hara eta hona, etsaiak tropen kokapenaren inguruan nahasteko.

Hala, kabildo sekularrak eta elizako kabildoak promes egin zuten ekainaren 30ean urtero garaipenaren mendira prozesioan joateko, eta, harrezkero, San Martzial deitu zioten Aldabe mendiari, garaipena gogoratu eta Jainkoari eskerrak emateko.

Irungo San Martzial Alardeko lore-eskaintza

1522ko guduaren ondoren, ermita bat eraiki zuten San Martzialen, eta, geroztik, urtero-urtero jende asko igotzen da garaipenagatik eskerrak ematera.

Halaxe dio San Martzialgo Alardearen ordenantzak: "Alardeko Konpainiek Santa Elena karrikan lerroak hautsiko dituzte San Martzial mendian berriz lerrokatzeko, non meza emango den".

Hain zuzen, horregatik egiten da lore-eskaintza eta boto-berritzea, kanoi-salbek lagunduta.

Horixe da San Martzial Alardearen tradizio sinbolikoenetakoa, eta, sinbolismoaz ari garela, balitete zeure buruari galdetzea zergatik deitzen zaion “alarde” .

"Alardea" zer den

"Alarde" hitza “ard”-etik dator, eta “tropak ikuskatzea” esan nahi du.

Hasieran, Afrikako iparraldeko militarrek erabili zuten gehienbat izendapen hori, baina, alardeen jatorria aurkitzeko, Erdi Aroraino jo behar da. Izan ere, “alarde” deitzen zieten, Erdi Aroko zeremonia publikoetan, dotore jantzita joaten ziren eskoltei, eta, pixkanaka, festa herrikoiagoetan ere egiten hasi ziren era horretako zeremoniak.

"Alardeak" Euskadin eta Irunen

Euskadin, foru bakoitzak ahalmena zuen −eta betebeharra− antolaketa militar propioa izateko. Antolaketa horretan parte hartu behar zuten 18 eta 60 urte arteko gizon guztiek, eta, data seinalatuetan, antolatutako desfile eta “alardeetan” ateratzen ziren.

Desfile horietako bat Irunen egiten zen, San Pedro egunean. Zehazki, bi ekitaldi egiten ziren: arma-ikuskatzea, zeina nahitaezkoa baitzen, eta San Martzialgo prozesioa, izaera erlijiosokoa. Hain zuzen, 1523an egin zen lehenengo prozesioa.

Bigarren Karlistadaren ostean, batu egin zituzten bi ekitaldiak: militarra eta erlijiosoa. 1804an izan zen hori, eta orduan hasi ziren gaur egungoaren antzeko “alardea” ospatzen.

Dena den, ospakizunak 1880an izan zuen bultzadarik handiena.

Orduz geroztik, zenbait etenaldi izan dira: Lehen Mundu Gerran eta Gerra Zibilaren lehen urteetan. Hala, gerraren ondoren egindako lehenengo Alardeari “Bakearen Alardea” deitu zioten.

Dena den, ez dago zalantzarik bizi-bizirik iritsi dela 2023ra, eta aitortza handiko tradizio herrikoiz beterik jarraitzen du.

alarde-san-marcial-irun

Alardeko figurak

San Martzial Alardeko agintari nagusia jenerala da; etiketa-jantzi beltza izaten du soinean, gerriko gorriarekin, eskularru beltzekin eta bi puntako kapela beltzarekin. Lau urtean behin aukeratzen du Buruzagien Batzarrak, Alardea antolatzeaz arduratzen den organo subiranoak. Jeneralak lau laguntzaile izaten ditu: estatu nagusiko burua, infanteriako burua, zalditeriako burua eta artilleriako burua. Guztiak sablea eskuan, eta jatorriari dagokion jantzia soinean.

Jeneralaren atzetik, infanteriako komandantea kokatzen da. Txapel gorria eta jaka beltza janzten ditu, eta infanteriako sable zuzena edukitzen du, komandanteak gorputz horretakoa izan behar baitu.

Horietaz gain, Infanteriako Konpainiak, Zaldizkoen Eskolta eta Artilleria Bateria izaten dira (azken hori joaten da desfilearen atzealdean).

Bereziki ezagunak dira artxeroak: lubakiak eta tunelak egiten zituzten zulatzaileak irudikatzen dituzte. Horiek egoten dira desfilearen aurrealdean.

Halaber, aginduen turutaria egoten da, jeneralak agindutako “deiak” egiten dituena, eta banderaduna.

Kantinerak San Martzialgo Alardean

Desfilearen erdialdean eta leku pribilegiatuan, kantinerak joaten dira, belus beltz edo urdineko gerruntzeak eta txapela gorria soinean, haizemailea eskuan, eta xingola zuri urrekara batez eutsitako zurezko upeltxo batekin.

Kantineren urteroko hautaketa herriko gertakari garrantzitsu bihurtu da. Herrian jaioak edo gutxienez azken 15 urteetan herrian bizi direnak izan behar dute, ezkongabeak, eta 20 urtetik gorakoak.

Hemen dituzu 2023ko desfilean parte hartuko duten kantinerak.

Duela hamar urte baino gehiagotik, “alarde tradizionalari” desfile mistoa batu zaio. Desfile horretan, emakumeek parte hartzen dute, kantinerenak ez diren beste paper batzuk betez. Horrez gain, rolak zabaldu eta aldatzeko joerari jarraituz, 2023ko Alardean, gizon bat, Antxon Jauregi, kantinera gisa aterako da lehen aldiz.

Musika San Martzial Alardean

1919az geroztik, danborradak eta Alardeko Bandak jartzen diote musika Alardeari, bakoitzak bere aldetik. Bakoitzak bere konposizioak ditu, eta ordenantzan zehazturiko une eta lekuetan jotzen dira. Badira zenbait ereserki, Arrankada, Rataplan, Tleiro...

Eta, horietatik guztietatik, izen bat nabarmendu behar da: Ángel Briz Lazcoz, partitura asko eta askoren egilea.

Beraz, ez da musikarik falta sinbolismoz betetako ibilaldian.

San Martzial Alardeko ibilbidea eta agenda

Ekainaren 30ean, bi ibilbide egiten dira: bata goizean eta bestea arratsaldean.

Lehenengo bilgunea Urdanibia plaza da. Handik abiatzen dira goizean desfileko partaide guztiak.

Ondoren, San Juan plazara joaten dira. Han, jeneralak hartzen du desfilearen ardura, eta Irungo bandera gehitzen da.

Ondoren, San Martzial ermitara abiatzen dira. Aurrez, geldialdia egiten da Santa Elenan ilarak desegiteko, eta kaperara itzultzen dira berriro. Hori da Alardeko lekurik esanguratsuena, eta hantxe amaitzen da goizeko desfilea. Eta amaiera emateko ba al modu hoberik erromeria eta bazkari bat egitea baino?

Arratsaldean, Santa Elena kalean hasten da desfilea, Junkaleko Andre Mariaren Elizaren plazara bidean. San Juan Arria plaza igaro ondoren, hiriko bandera entregatzen da, eta amaiera ematen zaio urte horretako Alardeari.

Modu horretan, beste urte batez, frantziarren aurka lortutako garaipen historikoa gogoratzen dute irundarrek. Musikarekin eta erromeriarekin lotua egonik, arrakasta ziurtatua dago Irungo San Martzial Alardean, Euskadin historia luzeena duten festetako batean.

2023ko Irungo Alardearen programa

Ekainak 26

22:00 Konpainien entsegu orokorra

Ekainak 29

9:30 Banderak eta munizioa ematea

15:50 Alardeko indarrak ikuskatzea

22:00 Antortxeren gertaera gogoratzea

Ekainak 30

4:00 Alborada

6:00 Villarrobledo Diana San Juan plazan. Tropen kontzentrazioa Urdanibia plazan, eta, Junkaleko Andre Mariaren elizan San Martzialgo zutoihala jaso ondoren, ibilaldia kale hauetan barrena: Eskola kalea, Fermin Kalbeton kalea, Jenaro Etxeandia kalea, Foruen kalea, Kale Nagusia, San Martzial kalea, Sargia kalea, Larretxipi kalea, Urdanibia plaza eta Santa Elena kalea.

Lore-eskaintza San Martzial mendian, eta erromeria trikitixarekin lagunduta.

Alardeko indarren itzulera eta Alardearen hasiera Santa Elena kalean.

Argazkia: Destinos Euskadi.