Nafarroak foro digital bat jarri berri du martxan. Nafarroako Segurtasun Digitaleko Foroaren helburua da Nafarroako enpresa txiki eta ertainei eta mikroenpresei zibersegurtasuneko tresnak izateak duen garrantziaz ohartaraztea, eta, horrez gain, enpresetako zibersegurtasun-arazoez arduratzen diren langileen lana aintzatestea.
Ekitaldia, zeina ATANAk antolatu baitu, azaroaren 18an egin da, Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren (CEN) egoitzan. Bi ekintza bereizi egin dira aldi berean.
Alde batetik, zibersegurtasunari buruzko jardunaldi bat egin da, erakundeek hasiera emanda. Jardunaldi horretan, zibersegurtasunaren arloan diharduten enpresa eta erakundeek, 15 minutuko pilula txikien bidez, segurtasun digitaleko sistemak enpresan behar bezala ezartzeko ezagutzak eta puntu garrantzitsuenak azaldu dituzte.
Horrekin batera, Zibersegurtasuneko 1. CTF Challengea – VERIDAS egin da. Lehiaketa horretan, zibersegurtasunaren eta informatikaren alorreko hainbat erronka teknikori egin behar izan diete aurre parte-hartzaileek; gai hauekin lotutako erronkak izan dira, besteak beste: webguneen ahulguneak, kriptografia, alderantzizko ingeniaritza, auzitegi-azterketa, programazioa eta esteganografia. Irabazleak 1.000 euroko saria eta trofeo bat eskuratu ditu.
Euskaltelen izenean, Jokin Glaria Enpresa Handien Negozioko aholkulariak hartu du parte hitzaldietan. "Bahiketa digitala, edo nola inoiz ez duzun hondartzako harea guztia kentzen etxerakoan" izenburua duen hitzaldian azaldu du lau enpresa handitik batek eta bost ETEtik batek ransomware-erasoren bat jasan dutela 2020an. Urte horretan, ia 100.000 eraso zenbatu dira, eta ransomware-eraso batengatik ordaintzen den batez besteko erreskatea 260.000 eurokoa da.
Testuinguru horretan, garrantzitsuena da erakundeko langileak kontzientziatzea eta prestatzea, hori baita punturik ahulena, eta ohartaraztea erasoak zuen enpresetara ere iritsiko direla, eta, beraz, erabakirik onenak hartzeko tresnak izan behar dituzuela.
Zer egin dezakezue “zuen bizitzako egunik txarrena” iristen denean? Lagungarri izango zaizue krisi-batzorde bat, kontingentzia-plan bat eta esku-hartze azkarreko talde bat izatea, lau orduan baino gutxiagoan zure enpresara joango dena, arazoa mugatzen eta konpontzen saiatzera. Aitzitik, ez dizue lagunduko erreskatea ordaintzeak, eta DRP bat (Disaster Recovery Plan) edo babeskopia bat izateak.
Besteak beste, Veridas, Larraby, Tarlogic, Discom, Turing Tech, Laboral Kutxa eta INCIBEk hartu dute parte eztabaida-foro honetan, eta agerian geratu da erakundeek beharrezkoa dutela zibersegurtasunaren garrantziaz kontzientziatzea eta horretan inbertitzea. Izan ere, zibersegurtasunak berdin eragiten du sektore batzuetan eta besteetan, enpresa handietan eta txikietan; arazo orokorra da, eta enpresa-sare osoari eragiten dio.
Egin klikhemen Segurtasun Digitaleko Nafarroako Topaketa berriz ikusteko:
Enpresentzat dauzkagun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresa bezeroentzako sail komertzialarekin.