Horra atzo Donostiako Tabakaleran egin zen Prest’16 jardunaldiaren ondorio nagusia. Euskaltelek antolatu zuen ekitaldia, zeinak goiburu hau izan duen aurten: Errealitate digital berria: eta orain, zer?". Galdera hori ("Eta orain, zer?") egin zien atzo Enrique Dansek euskal enpresei zuzendutako hitzaldian ziren entzuleei. Duela gutxi blog honetarako elkarrizketatu dugun IE Business Schooleko Berrikuntzako irakasleak zioenez, sarrera-hesiak ezabatu egin dituzte aurrerapen teknologikoek, Uber, Facebook eta Airbnb-ren kasuek garbi erakusten omen dutenez, eta eragile berri asko hasi da sektore askotan. Merkatuaren puska handi baten jabe egin dira eragile horiek, zioen Dansek, baina ez produktu edo zerbitzu bat eskainiz, baizik eta eskaintzak eta eskariak bat egiten duten plataforma sortuz. "Ausartuko al zinatekete zuen negozioan horrelakorik egiten?", galdetu zuen Dansek. "Gerta liteke zuen negozioaren plataforma izan nahi duen norbait agertzea?"
Paradigma-aldaketa hori mehatxutzat barik aukeratzat hartu behar dela esan zuen Euskaltel taldeko presidenteak, Alberto García Erauzkinek, ongietorri-hitzaldian. Lehenbiziko iraultza industrialean gertatu zen bezala, bigarrengoan eta hirugarrengoan ere desagertu egin dira zenbait lanpostu, edo arriskuan daude. Mehatxutzat har daiteke hori, baina negozio, premia eta lanbide berriak sortzen direnez, aukeratzat jo behar litzatekeela zioen García Erauzkinek. Iritzi berekoa azaldu zen Gipuzkoako Enpresen Elkarteko burua (ADEGI), Pello Guibelalde, zeina konbentziturik baitago "ziurgabetasuna dugula ziurtasun bakarra" gure ekonomia globalizatu honetan. Guibelaldek zioenez, belaunaldietako jendea bere gurasoak baino hobeto biziko da, eta euskal enpresek jakingo dute eraldaketa digitala aprobetxatzen eta etorkizun oparoa eraikitzen.
Berrikuntza euskal enpresetan
Real Sociedad taldea, Zuatzu Klinika eta Euskaltel taldea ditugu Euskadiko eraldaketa digitalaren adibideetako hiru. Mahai-inguru batean elkartu ziren hiru enpresa horietako ordezkariak, eta han esan zuen talde txuri-urdineko alor digitalaren arduradun Juan Iraolak etengabe saiatzen dela Realabere jarraitzaileekiko komunikazioa hobetzen. "Mugikorretik sartzen dira gure webgunera erabiltzaileen % 54; horregatik, berrantolatu egin behar dugu webgunea, mugikorrentzat egokitzeko", azaldu zuen.Zuatzu Klinikako gerente Mónica Vergarak, hau adierazi zuen: edozein plataformatatik bidaltzen zaiela informazioa pazienteei. "Badugu webgunea, badugu aplikazioa, eta gogotsu jarduten gara Facebooken, gure markak gure ingurunera egokitu beharra daukala uste baitugu eta hala eskatzen baitigute gure bezeroek".
Euskaltel Taldeko kontseilari delegatu Francisco Artechek, azkenik, hau zioen: eraldaketa digitalak aukera ugari eskaintzen dituela enpresen barne-prozesuak goitik behera aldatzeko, hots, langileen lan egiteko era, ematen den zerbitzua eta erabiltzaileekiko harremana. "Ikuspegi bikoitz batetik egiten dugu hori", azaldu zuen Artechek: "Eraldaketa digitala behar duen enpresa gisara, batetik, eta egokitze horretarako beste enpresa batzuekin batera konponbideak eta zerbitzuak eskaintzen ari den konpainia gisara, bestetik".