Norberto Ojinaga Euskalteleko CTOak (Chief Technlogy Officer) hausnarketa bat egin du enpresek automatizazioaren eta digitalizazioaren arloan dituzten joerei, erronkei eta aukerei buruz, Zuzendaritzaren Garapenerako Elkarteak (ADP) antolatutako topaketa digital batean. Galiziako, Asturiasko eta Euskadiko ehun bat zuzendari bildu ziren foroan.
Erronka eta aukera horien giltzarri nagusiak honela laburbildu zituen Euskalteleko arduradun teknologiko nagusiak.
Esan dezakegu pandemiak aldaketa handia ekarri duela, lehenengo egunetik, langileek telekomunikazioak erabiltzeko moduan?
Bai, zerbitzu askotan orain arteko erabilera-maila bikoiztu egin da. Hauek dira arrazoi nagusiak: telelan gehiago egitea eta, hartarako, elkarlanerako tresnen erabilera handitzea (Skype, Zoom, Webex, eta abar); etxean aldi berean Internet erabiltzen ari direnen kopurua handitzea (telelanaren, teletrebakuntzaren, aisialdiaren, streamingaren edo telebistaren bidez); eta banda zabala gero eta gehiago erabiltzea aisialdirako (eskaripeko bideoak, jokoak eta bilkura telematikoak).
Baina garrantzitsuena ez da une jakin bateko hazkundea, baizik eta kontsumo-maila altu horiek egonkortu egin direla kasu askotan, baita konfinamenduaren baldintzak hain zorrotzak ez direnean ere: ikasleak ez daude etxean, langile askok bulegotik egiten dute lan jada, eta kalera irten gaitezke. Telekomunikazioak erabiltzeko ohitura berri horiek hor jarraitzen dute: geratzeko etorri dira.
Enpresen digitalizazioak aurrerapen handia izan du testuinguru horretan. Digitalizazio-prozesua hasita zeukaten enpresek arrakasta handiagoz erantzun al diote garai horri?
Hala da, zalantzarik gabe. Laburbilduz, esan dezakegu digitalizazioak funtsezko bi esparrutan jarduten duela, eta aurreratuago dauden enpresak dagoeneko ari direla esparru horiek aktibatzen. Lehen esparrua bezeroekiko interakzioaren digitalizazioa da, eta horren barruan nabarmendu behar da beharrezkoa dela interakzio-modelo digital bat ezartzea egoera berezietarako —pandemia-garairako, esaterako—, enpresetan egoera zailak saihesteko. Interakzio- eta salmenta-eredu digitalik ezarrita ez zuten enpresek bizkortu egin behar izan dute prozesu hori, noiz eta konfinamendu-garaian. Eta ez gara salmentez soilik ari; digitalizazioa beti da beharrezkoa.
"Digitalizazio-prozesua hasita zeukaten enpresek modu arrakastatsuagoan gauzatu ahal izango dute prozesu hori pandemiaren testuinguruan"
Bigarrena, prozesuen digitalizazioa eta datuak urrutitik atzitzea; beharrezkoa enpresen lan garrantzitsuenetarako. Horiek guztiek, ez lankideen arteko bilerak egiteko tresnek bakarrik, segurtatuta egon behar dute, eta urrutitik atzitzeko moduan.
Zer lehentasun dituzte enpresek prozesuen digitalizazioan eta automatizazioan? Zein prozesu edo arlo funtzional dira giltzarriak?
Bezeroekiko interakzioarekin lotutako prozesuetatik hasiko nintzateke: marketin digitalean, kanal ugari erabiltzeari, erabateko interakzioari eta bezeroaren eskuragarritasun handiagoari emango nioke lehentasuna; Business Intelligent-i —Data Analyticsi— dagokionez, berriz, eraginkortasun handiagoa bilatuko nuke negozio-ereduetan, bezeroa hobeto ezagututa; bezero-arretan, kanal askoko 24x7 zerbitzu digital baten aldeko apustua egingo nuke, zeinak, informazio-zerbitzu bat izateaz gain, aukera emango bailuke eragiketak, erreklamazioak, erabiltzailearen aldaketak eta gorabeherak eta bezeroak hasitako jardueren bilakaeraren denbora errealeko trazabilitatea egiteko. Zerbitzua ematearekin lotuta, berriz, hitzorduen autogestioari eta egoeren eta aurreikuspenen informazioari emango nieke lehentasuna.
“Konfinamendu-agertoki batean bezeroekin interakzio digitalak izateko eredua garatzen ez duen enpresak lehiakorra izateari utz diezaioke denbora gutxian"
Sareko eta finantzetako prozesuen eta prozesu orokorren digitalizazioarekin eta automatizazioarekin jarraituko nuke. Sareari dagokionez, bezero-zerbitzuaren kalitatea monitorizatuko nuke, Big Datari, IoTri eta erabilera-ereduei esker. Finantza-arloari lotuta, alten, bajen, produktu-aldaketen, fakturazioaren eta finantza-kudeaketaren automatizazioan sakonduko nuke, kontrol- eta auditoretza-zedarriekin betiere. Alderdi orokorrekin lotuta, ezinbestekoa da urruneko sarbide seguruak izatea eta telelana kondizio onenetan egiteko behar den guztia zaintzea.
Zure ustez, zer behar dute langileak eta taldearen egiturak eraldaketa horretan eraginkorragoak izateko?
Gauzak erraz eta sinple azaltzea; ikusaraztea zer abantaila dituen eraldaketa digitalak, eta ikusaraztea, halaber, beharrezkoa dela. Teknologia berriak lagungarriak dira negozio-ereduetan aldaketa eragiteko; izan ere, aldaketa disruptiboak lortzeko bidea ematen dute, ezarritako ereduak zalantzan jartzen dituzte, uneko gaitasunak areagotzen dituzte eta ekonomia kolaboratiboa sustatzen dute (negozio berriak, merkatu gurutzatu berriak…).
"Digitalizazioa funtsezkoa da erakundeen prozesuetarako eta enpresak funtzionatzeko behar dituen datuak urrunetik atzitzeko”
Zer oztopo teknologiko daude prozesuak automatizatzeko eta digitalizatzeko?
Oztopoak ez dira teknologikoak, teknologia inoiz baino eskurago baitago: konektagarritasun ona daukagu, hodeiak, big data, IoT, sentsorika, laguntza-plataformak... Oztopoak enpresen mentalizazioarekin eta benetako apustua ez egitearekin lotuta daude: ikusi behar dute eraldaketa honek abantaila eta onura asko ekarriko dizkiela maila guztietan. Nahiz eta konfinamenduak azkartu egin dituen erabaki horiek, erabilera-kasu objektiboak identifikatu behar dira oraindik, eta datu-interpretazioko aditu gehiago behar dira. Aldi berean, amaitutako proiektuen ordez, enpresek bere kabuz aurrera egin ahal izateko metodologiak eta tresnak eman behar zaizkie.
Zer garrantzi du Cloud Computing delakoak eraldaketa digitalaren prozesuan? Zer abantaila eta desabantaila ikusten dituzu?
Abantailei dagokienez, sinergia operatiboak nabarmentzen dira. Haiei esker, prozesuei azkarrago eman dakieke neurri egokia, unean uneko beharrak, 24x7 motako mantentze-lanak edo langile kualifikatuak behar dituzten eragiketak kontuan izanda. Merkatuan, aukera oso onak eta eraginkorrak daude arlo horretan, eta, haiei esker, negozioaren beraren muina ez diren jarduerak “deszentralizatu” daitezke enpresatik.
Desabantailak, berriz, datuen segurtasuna galtzeko beldurrarekin lotuak daude batez ere, nahiz eta alderdi hori are hobeto zaintzen den prozesu honekin, hodeiko eredu hibridoekin, erredundantzia fisiko eta logikoak dituzten komunikazio seguruekin etazibersegurtasunaren arreta orokorrarekin.