Ba al dakizue zer diren adimen artifizialeko soluzioak? Eta nola kudeatzen den datuen babesa haietan?
Ez dago zalantzarik: datu pertsonalak lortu, aztertu eta ustiatzeko paradigma berri baten aurrean gaude. Dena bihurtzen da datu, lehen ez ziren datuak ikusten dira, eta, gainera, monetizatu egiten dira datuak.
Testuinguru horretan, SEA Arabako Enpresak elkarteak, Euskaltelekin eta Vadillo Asesores enpresarekin batera, webinar bat antolatu du berriki, gai hauek modu erraz eta praktikoan lantzeko: adimen artifizialeko soluzioak garatzen/fabrikatzen eta erabiltzen dituzten enpresek datu-babesari dagokionez kontuan hartu behar dituzten arrisku, arazo eta erronka espezifikoak.
Data Driven Company baterako bidea
Euskaltel Taldearen Aliantzen eta Eraldaketa Digitalaren arduradunak, Alberto Diaz Freirek, nabarmendu du sektore guztiak digitalki eraldatzen ari direla eta adimen artifizialeko soluzioak sartzen ari direla.
Hala, funtsezkoak dira iruzurrarekin lotutako aplikazioak, bai galerak hautemateko, bai prebenitzeko edo aurreikusteko, arlo hauetan: kapitalak zuritzea; ziberdelituak, erasoak eta mehatxuak identifikatzeko eta eteteko; finantzak, aurrekontuak planifikatzen, gastuak automatizatzen edo ez ordaintzeko aukerak kalkulatzen laguntzeko; salmentak eta marketina, stock- edo errentagarritasun-iragarpenen bidez, eta kanpainak eta baliabideak optimizatuz; garraioa edo hornidura-katea.
Nolanahi ere, datua erakundearen aktiborik garrantzitsuena bihurtu da, eta datu guztiak informazio eta ezagutza bilaka daitezke. Beraz, haien ustiapena funtsezkoa da eragiketak optimizatzeko eta enpresarentzat diru-sarrera berriak sortzeko.
Alberto Díazek biltegiratze-arkitekturen estrategia berri bat eta modernizazioa planteatu du, datuak modu modernoan kudeatzeko, eskura dagoen informazio guztia denbora errealean integratzeko aukera emanez. Hau da, enpresak Data Driven Company bihurtzeko orientatuz. Horretarako, funtsezko lau alderdi hartu behar dituzte kontuan: Data Strategy (edo zertarako), kudeaketa eta gobernantza (edo nola), analitika eta aprobetxamendua (Data Science), eta digitalizazioa eta automatizazioa.
Arriskuak minimizatuko dituen zeharkako erregulazioaren beharra.
Vadillo Asesores enpresako datu-babesaren arloko arduradun eta AECk (Asociación Española de la Calidad) DPD gisa akreditatutako datuak babesteko ordezkariak, Luis Jorquera Cuevasek, nabarmendu du adimen artifizialeko soluzioak diseinatu, garatu eta erabiltzeak lege-arrisku batzuk dituela.
Arazo hori gero eta garrantzitsuagoa da, ikusirik adimen artifizialeko sistemak dituzten enpresak %1,3 puntu igo direla azken urtean, eta 2025erako helburua dela Espainiako lau enpresatik batek txertatuak izatea beren jardueran.
Izan ere, adimen artifiziala teknologia disruptibo bat da, eta pribatutasunari eta datuen babesari eragiten die, baina baita oinarrizko beste eskubide batzuei ere. Hori dela eta, EBk arau-ikuspegi antropozentrikoarekin lan egiten du, pertsonei lehentasuna emanez, eta Europako gizarteak esparru juridiko sendoa izatea du helburu. EBk zuzentzen du gobernantzaren estrategia, datu, gaitasun eta azpiegituretan inbertsio handia eginez, berariazko araudia duen Europako merkatu digital bakarra helburutzat hartuz.
Luis Jorqueraren ustez, adimen artifiziala arriskuen kudeaketaren ikuspegitik diseinatu, garatu eta erabili behar da, hiru teknologien arteko erlaziotik abiatuta, zeharkako arriskuak baitaude: Gauzen Internet, datuak biltzeko iturri gisa, analitika eta gero eta handiagoa den datu-kopuru horren ustiapena.
Zaindu beharreko beste alderdi bat zibersegurtasuna da; izan ere, Gauzen Interneteko gailuen hedapen masiboak esposizio-azalera handitzen du, eta gero eta espazio gehiago daude babesteko.
Gaur egun, adimen artifizial mota bat baino gehiago daude: ahula (edo oso arlo zehatz batean espezializatua), indartsua (ekimen propioa duena, gizakiak egingo lukeenaren antzekoena) eta superadimen artifiziala.
Aurrean ditugun arrisku nagusiei dagokienez, hauetan jarri behar dugu arreta: tratamendu automatikoan soilik oinarritutako erabakiak hartzearen ondoriozkoetan; justifikatu gabeko eta kontrolik gabeko datuen erabilera eta abusua minimizatzeari lotutakoan; datuekin benetan egiten ari denari buruzko gardentasunik ezean eta opakotasunean; eta joera estatistiko, kultural edo kognitiboetan, zeinek zuzenean edo zeharka eragin baitiezaiokete berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko oinarrizko eskubideari.
Beharrak, arriskuak eta araudia ezagutzea ezinbestekoa da zuen erakundeetan adimen artifiziala arrakastaz aplikatzeko.
Adimen artifizialeko soluzioak praktikan jartzen esperientzia dugu Euskaltelen. BAI Analytics sortu dugu, enpresa eta erakunde handi nahiz txikientzako ekimen bat, adimen artifizialeko eta datuen analisi aurreratuko tresna berrienak erabiliz balioa sortzeko.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresetarako ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera, edo jarri harremanetan enpresetarako gure sail komertzialarekin formulario honen bidez edo zure aholkulari pertsonalaren bidez.