Wegow, musikarik gabe bizi ezin dutenentzat
Zuzeneko musika-emanaldiak gustatzen zaizkizu? Orduan, oso interesgarria irudituko zaizu Wegow. Seguru. Getxoko gazte batzuek martxan jarritako enpresa sortu berri bat da. José María Ozamizekin hitz egin dugu, enpresaren sortzaileetako batekin.
Euskaltel bloga: Zer da Wegow?J.M.O: Zure gustuak kontuan hartuz kontzertuen berri ematen dizun tresna bat. Baina osagai sozial bat ere badu Wegowek: zer lagun joango diren edo joango liratekeen ere esaten du.
Sarrerak erosten ere laguntzen du gainera, baita bigarren mailako merkatuan ere, erabiltzaileen artean.
EKT bloga: Nola sortu zen ideia?J.M.O: Oso modu arruntean. Behin eta berriz izaten genuen arazo batetik. Nire lagun eta bazkideak, eta baita ni ere, urtean zehar kontzertu askotara joan gabe geratzen ginen, ez zitzaizkigulako guztioi talde berak gustatzen. Kontzertua pasatu ondoren jakiten genuen askotan, sare sozialen bidez, guk huts egindako kontzertu hartara ezagunen bat joan zela.
Horretaz jabeturik, tresna bat sortu genuen, ez kontzerturik huts egiteko norekin joan ez izateagatik.
EKT bloga: Zer bilakaera izan du Wegow-ek?J.M.O: 2013an sortu zen; ahalik eta bertsiorik soilena prestatu genuen, erabiltzaileek zer harrera egiten zioten aztertzeko. Gero, tresna garatuz joan gara, eta erabiltzaileen zenbait eskaerarekin osatu dugu.
Gaur egun, gure komunitatea hazten ari da etengabe, eta laster merkaturatuko dugu Androiderako eta IOSerako aplikazio bat.
EKT bloga: Erronkak?J.M.O: Hazi, hazi eta hazi; eta balioa eskaintzea erabiltzaileari. Hori da zuzeneko musika sustatuko duen komunitate egonkor eta sendo bat osatzeko bide bakarra.
EKT bloga: Zein dira ekintzaileek topatzen dituzten traba nagusiak?J.M.O: Burokrazia eta informazio falta. Zaila da hastea; izapide eta paper-kontu asko egin behar dira, eta kosta egiten da martxan jartzea. Informazioa falta zaizu, eta batzuetan, gainera, ez dakizu non bilatu. Egia esan, ibilian ikasi beharra dago; ez duzu beste erremediorik.
EKT bloga: Gomendio bat eman beharko bazenio ekintzaile gisa hastear dagoen norbaiti...J.M.O: Eutsi gogor! Enpresa bat huts-hutsetik hastea oso bide luzea da, eta une zailak pasatzen dira, dena pikutara bidaltzeko gogoa ematen dizuten horietakoak. Baina aurrera begiratu behar da, eta poliki joan, egunez egun lan eginez, helburuak oso garbi edukita eta talde on batekin batera. Hori ere oso garrantzitsua da.
Sushi Artist, Japoniako gastronomiaren kontzeptu berri bat
Baina enpresa sortu berri batek ez du zertan teknologiari loturikoa izan startup enpresatzat jotzeko eta arrakasta izateko. Horren adibide da Sushi Artist, Bilboko sushi janariaren kate hori arrakasta itzela izaten ari baita. David Santínek, bazkide sortzaileak, arrakastaren sekretuak kontatu dizkigu.
Euskaltel bloga: Zertan datza Sushi Artist?David Santín: Sushi Artist kalitatezko sushi bar eta takeaway-aren (eramateko janariaren) kontzeptua aldarrikatzeko jaio zen; horrez gain, esperientzia dibertigarria eta desberdina proposatzen du, eta zerbitzu azkarra eta erosoa modu onean eskaintzen du.
EKT: Nola sortu zen ideia?D.S: Ikusi genuen Bilbon sushiaren kontzeptua indarra hartzen hasia zela, eta pentsatu genuen takeaway-aren kontzeptua hobetu eta berritzaileago bat proposa genezakeela, Europako hiriburu nagusietan oso zabalduta dagoen ereduan oinarritua.
Guk geuk sushia maite dugunez, konturatu ginen Bilbon ez zegoela ezaugarri horiek zituen lokalik.
EKT bloga: Nola lortu zenuten hasteko dirua?D.S: Hasierako kapitala nire aurrezkiekin eta nire bazkideenekin osatu genuen. Hasiera ez da inoiz erraza izaten, oso modu xumean hasi ginen...
EKT bloga: Nolakoa izan zen hasiera hori eta zer puntutan zaudete orain?D.S: Bilboko Poza Lizentziatuaren kaleko lokal batean hasi zen guztia. Sushigintzan maisua den lagun asiar baten laguntzaz nire etxeko sukaldean egindako sushia saltzen genuen han. Handik gutxira, Artea merkataritzagunean kiosko bat zabaldu genuen, eta, hortik abiatuz, hainbat hiritara hedatzea lortu dugu: Iruñea, Santander, Malaga, Granada eta Madril.
Une honetan, hedatzeko prozesuan ari gara bete-betean.
EKT bloga: Nolakoa izango da epe ertaineko etorkizuna, zure ustez?D.S: Oraingoz, epe ertain/laburrerako dugun helburua lokal gehiago zabaltzea da, eta estatu mailan marka-balioa sortzea, Sushi Artist marka finkatzeko. Ez dugu baztertzen epe ertainera frankizia sortzeko aukera.
EKT bloga: Zerbait nabarmendu beharko bazenu, zertan esango zenuke asmatu duzuela?D.S: Uste dut erabiltzaileek asko baloratzen dutela bezeroari ematen diogun arreta, bai fisikoki, bai sare sozialetan. Arreta horri esker, bezeroak beste inork ez bezala leialtzea lortu dugu, hurbiltasuna sortuz. Hori dela eta, bezeroaren konpromisoa geureganatzea lortu dugu, ostalaritza oso sektore lehiatsua izanik ere.
EKT bloga: Azkenik, zer aholku emango zenieke beste ekintzaileei
D.S: Argi dago talde ona izatea ezinbestekoa dela enpresak arrakasta izan dezan. Eta gauzatzeko modua. Gauzatzeko moduak arrakastaren % 99 dakar berekin.
Ikusi dugunez, Euskadi enpresa berritzaile eta arrakastatsuen mintegi bihurtzen ari da. Zu izango zara hurrengoa?