Ingurune aldakor, konplexu eta anbiguo batean bizi gara. Hainbat eskakizuni egin behar diegu aurre egunero: tentsiozko lan-ingurune baten eskakizunei, bezero eta hornitzaileekiko harreman azkar eta zorrotzei, mundu hiperkonektatu eta global bateko familia- eta gizarte eskakizunei, eta gehiegizko informazioari, besteak beste.
Egoera horiek egokitzeko gaitasuna eskatzen digute, eta, askotan, antsietatea eragiten digute. Baina arazoa ez da estresa. Estresa erantzun natural bat da, eta egokitzen eta bizirik irauten laguntzen digu. Kaltegarria dena da beti alerta-egoeran egotea, hots, estres kronikoa.
Izan ere, iristen da une bat non ia dena mehatxutzat hartzen baitugu, eta ez baititugu modu kontzientean baloratzen dauzkagun erronkei aurre egiteko ditugun baliabideak. Ez gara gelditzen pentsatzeko, arnasa hartzeko; ez gara gelditzen. Eta horretara dator mindfulnessa edo arreta osoa.
Mindfulnessak gure arreta orainaldian jartzea dakar, epaitu gabe eta etorkizuneko edo iraganeko pentsamenduen distraziorik gabe. Eta orainaldiak egonkortasuna esan nahi du. Horrela bakarrik presta gaitezke etorkizunari sendo heltzeko.
Hala ulertu dute enpresa askok. Munduko punta-puntako enpresen %20k baino gehiagok babesten eta sustatzen dute mindfulnessaren praktika jarraitua eta entrenamendua beren taldeen artean, eta gero eta gehiagok ikusten dute zer onura dituen diziplina horrek arreta entrenatzeko.
Euskaltelek gure enpresen eta haietako langileen ondoan egon nahi du, eta, teknologia-aholkulari izanik, zuen jarduera egiteko tresnak eta baliabideak eman nahi dizkizue. Eta, batzuetan, ez gara ari baliabide material eta teknologikoez, baizik eta ziurgabetasun-egoeretan erresilientzia emozionala sendotzen laguntzen duten baliabideez; eta halakoxea da egoera gaur egun, COVID-19aren krisiaren ondorioz.
Mindfulnessa toki eta une honetan egotea da. Egiten ari garen lanean erabateko inplikazioa dago: helburua fokalizatzen dugu, eta energia eta baliabideak une bakoitzean dugun errealitatean jartzen ditugu.
Eta zer onura ekar diezazkiguke horrek enpresa batean?
- Nork bere burua ezagutzea bultzatzen du.
- Entzuteko, komunikatzeko eta emozioak edo arazoak kudeatzeko trebetasuna hobetzen du.
- Adimen emozionala indartzen du; gaitasun garrantzitsua une honetan (enpatia eta autorregulazio emozionala).
- Lidergo-trebetasunak garatzen ditu.
- Erabakiak hartzeko gaitasuna hobetzen du.
- Egoera aldakorretan, aldaketa kudeatzen laguntzen du.
- Arreta jartzeko gaitasuna hobetzen du.
- Egoera bakoitzerako erantzun egokiena hautatzen laguntzen digu.
- Estresaren kudeaketa erraztu eta bizi-kalitatea hobetzen du.
Azken batean, laneko egoeretan hain beharrezkoak eta erabilgarriak diren ezaugarriak hobetzen laguntzen du.
Une honetan, bereziki garrantzitsua da geure burua eta arreta entrenatzea, geure burua zaintzea eta gugandik hurbil egotea, burua, bihotza eta gorputza lerro berean eta konektatuta dauzkagula. Gure bizitza pertsonalak eta profesionalak eskertuko digute.
Ziurgabetasun honen erdian, gizarteak behar duen konfiantza sortzeko gaitasuna dugu enpresok, eta horrek errealitatearekin kontaktuan dagoen eta etorkizunaz arduratzen den lidergoa eskatzen du; lidergo arduratsu eta kontzientea, eredu izanez eragina izango duena, barrutik kanporantz egiten duena, aldaketan lagunduko diguna eta inguratzen gaituen guztiarekiko lotura ulertuko duena.