Gauzak etengabe aldatzen eta bilakatzen diren garai batean bizi gara. Ziurtasunez dakigu beste behin ere gure bizitzeko, erlazionatzeko eta lan egiteko modua errotik aldatuko duten teknologia berriak sortuko direla. Horietako teknologietako bat da konputazio kuantikoa, konputazio tradizionala baino indartsu eta eraginkorragoa; dagoeneko hasi da bere txokoa hartzen egungo teknologiaren munduan.
Sistema informatiko tradizionalek batzuetan huts egiten dute aldagai asko sekuentzia ugariren bitartez elkartzen direnean, eta, hain zuzen, hor dira egokiak ordenagailu kuantikoak.
Oro har, konputazio kuantikoa informatikaren adar bat da, fisikako, matematikako eta, bereziki, mekanika kuantikoko (partikula atomikoak eta subatomikoak aztertzen dituena eremu mikroskopikoan) printzipio eta legeez elikatzen dena, datu gehiago gordetzeko eta zenbakiei dagokienez eraginkorragoak diren algoritmoekin lan egiteko, eta, horrekin guztiarekin, problema konplexuagoak ebatzi ahal izateko.
Mekanika kuantikoko algoritmoen bidez, patroi eta datu-konbinazio indibidual ugari aztertzeko eta aldi berean eragiketa ugari egiteko gai diren espazio dimentsioaniztunak sortzen dira.
Zein dira konputazio kuantikoaren ezaugarri nagusiak?
- Kubitak (edo bit kuantikoak; konputazio kuantikoko oinarrizko informazio-unitateak) dira konputazio kuantikoaren laneko elementu zentralak; esponentzialki areagotzen dute ordenagailu konbentzionalen abiadura. Nola egiten dute? Adibidez, batekoak eta zeroak modu koherentean gainjartzeko eta tartekatzeko aukera emanez; informatika tradizionaleko bitak, aldiz, balioetako bat bakarrik jar dezake, zeroa edo batekoa.
- Konputazio kuantikoaren gakoa korapilatzean datza: datu bereiziak halako moldez korrelazionatzen dira, ezen haietako batekin interakzioa sortzen denean, besteak horren berri jakiten baitu eta egokitu egiten baita.
- Ordenagailu kuantikoek ez dute programatzeko kode edo lengoaia propiorik; algoritmo espezifikoetan oinarritzen dira.
- Ordenagailu kuantikoek ez dute memoriarik ez prozesadorerik, tamainaz txikiak dira, eta energetikoki eraginkorragoak.
- Ordenagailu kuantikoak konplexuak dira... eta sentikorrak. Kondizio egokiak behar dituzte presioari, tenperaturari eta Lurraren eremu magnetikoarekiko isolamenduari dagokienez, kubit "supereroaleak" erresistentziarik gabe mugitzeko eta neurketa-akatsak eta datuak ezabatzea saihesteko.
Konputazio kuantikoaren gaur egungo erabilerak
Potentzia handikoak izaki, ordenagailu kuantikoak enpresaren eta teknologiaren alorretako erabileretarako daude pentsatuta funtsean.
Susperraldian dagoen teknologia honek eremu ugaritan ditu aplikazioak, besteak beste, ingurumenean, bioteknologian, aeronautikan, automobilgintzan, logistikan, telekomunikazioan eta finantzetan.
Ordenagailu kuantikoak bereziki aproposak dira Big Datan eta adimen artifizialean oinarritutako soluzioekin lan egiteko, aukera ematen baitute, besteak beste, ikaskuntza automatikoko sistema arin eta zehatzagoak sortzeko.
Bestalde, ordenagailu kuantikoek datu-enkriptatzeari lotuta dituzten ekarpen berritzaileek Interneteko komunikazioen segurtasun-aukerak areagotzen eta hobetzen dituzte, eta gakoak konfidentzialtasun osoz partekatzeko aukera ematen dute, igorle bakar batek eta hartzaile bakar batek deszifra baititzakete.
Zer abantaila ditu teknologia kuantikoak enpresentzat?
Erabilera ugari eta askotarikoak ditu, eta hau hasi baino ez da egin.
- Hornidura- eta ekoizpen-katearen optimizazioa: kostuak eta gauzatze-denborak murrizten dira.
- Zehaztasun handiagoa, aldagai guztiak (mikroskopikoak barne) aztertzeko eta konbinatzeko ahalmenari esker.
- Produktu eta zerbitzuen pertsonalizazio-maila handia.
- Fidagarritasun-maila handiko eredu estatistikoak sortzen dira eta xehetasunak aztertzen.
- Iruzur posibleak detektatzeko eta haiei aurrea hartzeko ahalmena.
- Lan-dinamika eta -fluxuen kudeaketa aurreratua.
- Malgutasuna datuen eta informazio espezifikoen bilaketan.
Konputazio kuantikoa Euskadin
Euskadin, EHU aitzindaria da prestakuntza kuantikoan, eta dagoeneko EHU Quantum Center propioa du, estatuko lehenengoa. Haren helburua da ikertzea, aplikazio berritzaileak garatzea, ikertzaile eta teknologoei gaiari buruzko trebakuntza ematea eta ezagutza hori enpresekin partekatzea.
Quantum Spain proiektuaren barruan sartzen da zentro hori, zeinean batera baitihardute Espainiako Superkonputazio Sareak (RES) eta ikerketa-erakundeek; Europako hegoaldeko konputazio kuantikoko lehenengo ekosistema garatzeko sortu zen zentroa.
Gainera, Nafarroan NASERTIC Superkonputazio Zentroa dago; Espainiako Azpiegitura Zientifiko eta Teknologiko Berezien mapan jasotzen da, eta punta-puntakoa da superkonputazioaren eta konputazio kuantikoaren alorrean.
Laburbilduz, ordenagailu kuantikoek arinago, prezio apalagoan eta modu eraginkorragoan egin dezakete ataza erabilgarri bat.
Dakizuenez, Euskaltelek berrikuntzaren alde egiten du beti, eta gertutik jarraitzen diegu zure enpresaren eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzen duten teknologiei. .
Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez.