Digitalizazioa eta konektagarritasuna erabakigarriak izan dira osasun-alertan, eta Euskaltel Taldeak uste du funtsezko palanka izango direla ekonomiaren deskarbonizazioa eta gizarte jasangarriago, osasungarriago, bidezkoago eta erresilienteago bateranzko aldaketa bultzatzeko. Eta guk beti egin dugu bat helburu horrekin, gure Erantzukizun Sozial Korporatiboko Politikaren bidez.
Ideia horri jarriki, Berreskuratze Berdearen aldeko Aliantzarekin (Green Recovery Alliance) bat egin dugu, Europar Batasuneko ekonomia jasangarriagoa izan dadin COVID-19aren krisi ondoko susperraldian.
Ekonomia modu jasangarrian berreskuratzeko manifestuak Europako Itun Berdea (European Green Deal) du atzean, hiru zutabetan oinarritutako hazkuntza-estrategia gisa: digitalizazioa, deskarbonizazioa eta erresilientzia. Horren funtsa da lehiakortasunak eta ingurumenak uztarri berean joan behar dutela, ingurumen-jasangarritasunik ezean ez baitago ekonomia- edo gizarte-jasangarritasunik.
Manifestu hau sinatu duten guztiek (enpresak, erakundeak, GKEak, eremu publikoko eta pribatuko pertsona ospetsuak eta herritar anonimoak) Europako gobernuei eta liderrei eskatzen diete aukera eman diezagutela ekonomia eta gizarte berdeago, aberatsago, osasungarriago eta jasangarriago bat lortzeko politikak diseinatzeko.
Euskaltel Taldearen Ingurumen-kudeaketa
Euskaltel Taldearen ingurumen-estrategia bat dator Garapen Iraunkorraren 2002-2020ko Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Nazio Batuen Mundu Ituneko 12. eta 13. GJHekin. Arlo horretan dugun konpromisoa Global Compact-en Klimaren aldeko Adierazpenean eta Comunidad#PorElClima ekimenean ere islatzen da.
Oinarri sendo horiek aintzat hartuta, baliabideen kudeaketa arduratsuaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua Euskaltel Taldearen arlo horretako eragiketen giltzarrietako bat da, eta, beraz, berrerabiltzea lehenesten da birziklatzearen edo botatzearen aldean. Ildo horretatik, 2019a urte erabakigarria izan da gure birziklatze-politikan: alde batetik, 217.000 ekipo baino gehiago berrerabili ditugu, hots, bezeroei instalatutako ekipoen %56, eta, CO2 emisioak murrizteko gure planei esker, berotegi-efektuko gasen %37,5 zuzeneko emisio gutxiago egin dugu , aurreko urtearekin alderatuta.
Horrez gain, hodeiko zerbitzuek gero eta garrantzi handiagoa dutela ikusita, DatacenterBirtualaren bizi-zikloa aztertzeko ikerketa bat egin dugu, haren funtzionamenduaren eta bizitza erabilgarriaren alderdi garrantzitsuenak identifikatu eta ingurumenaren ikuspegitik hobetzeko, IHOBE-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Agentziarekin lankidetzan.
Euskaltel Taldea saiatzen da bere jarduerak ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienarekin egiten, eta, horregatik, 2020ko uztailetik, kontsumitzen dugun argindar guztia, %100. iturri berriztagarrietatik dator.
Hemen duzu gure Politika Sozial Korporatiboari buruzko informazio guztia.