Gero eta digitalizatuagoa dagoen mundu honetan herritar guztiak sar daitezen nahi du Europak. Horixe da Irisgarritasunari buruzko Europako Zuzentarauaren helburu nagusia, eta aurrerapauso garrantzitsuak eman nahi ditu produktu eta zerbitzu digitalen irisgarritasuna arautzeko.

Munduko biztanleen % 16k minusbaliotasunen bat duen arren, webguneen % 3k bakarrik betetzen dituzte minusbaliotasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasun-estandarrak.

Eta, gaur egun, irisgarritasun digitala funtsezkoa da pertsona guztiek, baita desgaitasunen bat dutenek ere, aukera izan dezaten Internetera eta zerbitzu digitaletara baldintza berdinetan sartzeko.

Hori dela eta, EBk aurrerapauso bat eman nahi izan du, eta Irisgarritasunari buruzko Europako zuzentarau bat onartu du. Zuzentarau horrek enpresei eta erakunde publiko eta pribatuei eskatzen die beren webak, dokumentazioa eta sare sozialak egokitzea pertsona guztientzat irisgarriak izan daitezen, eta betebehar argiak, epe zehatzak eta gomendio praktikoak ezartzen ditu komunikazio digital benetan inklusiboa lortzeko.

Horrela, irisgarritasun digitala lege-eskakizun eta inklusiorako betebehar etiko bihurtzen da , eta etengabeko hobekuntza-prozesu gisa tratatu behar da, teknologia berrietara eta erabiltzaileen beharretara egokituz.

Irisgarritasunari buruzko Europako araudiaren funtsezko alderdiak

Irisgarritasunari buruzko Europako 2019/882 (EB) zuzentarauaren bidez, herrialde kideetako irisgarritasun digitaleko legeak bateratzen dira, eta bermatzen da bai produktuak bai zerbitzu digitalak pertsona guztientzat irisgarriak izatea —baita desgaitasuna dutenentzat ere—.

Hala, EBn produktuak fabrikatzen, ematen, inportatzen edo banatzen dituzten enpresa guztiek beren aktibo digitalen irisgarritasuna berrikusi behar dute, alderdi hauei dagokienez bereziki:

  • Merkataritza elektronikoa (onlineko salmenta-plataformak)

  • Banku- eta finantza-zerbitzuak (onlineko banka, mugikorretarako aplikazioak)

  • Garraioa (garraio-zerbitzuen webguneak eta aplikazioak, eta haiei buruz denbora errealean ematen den informazioa)

  • Telekomunikazioak (telefonia, Internet eta komunikazio elektronikoko beste zerbitzu batzuk)

Zein dira irisgarritasun-baldintza nagusiak?

Produktu eta zerbitzu digitalek bete behar dituzten funtsezko zenbait printzipio eta baldintza aipatzen ditu Irisgarritasunari buruzko Europako araudiak:

  • Hautemangarritasuna: Edukiak hautemateko moduan egotea, eta, horretarako, testu alternatiboak, azpitituluak eta kolore-kontraste egokia erabiltzea, besteak beste.

  • Erabilgarritasuna: Nabigazioa eta funtzioak guztiok erabiltzeko modukoak izatea: teklatua erabili ahal izatea, interakziorako nahiko denbora izatea, eta konbultsioak eragin ditzaketen elementuak saihestea.

  • Ulergarritasuna: Informazioa argia eta ulerterraza izatea, eta hizkuntza erraza eta jarraibide argiak erabiltzea.

  • Sendotasuna: Aukera izatea zenbait teknologia eta gailu erabiltzeko, hala nola pantaila-irakurgailuak.

Gainera, baldintza espezifikoak ezartzen ditu webguneetarako, dokumentaziorako eta sare sozialetarako.

Webguneetarako baldintzak:

  • Menu argi eta koherenteak

  • Egitura logikoa eta edukien hierarkia

  • Etiketa argiak dituzten formularioak

  • Kolore-kontraste egokia

  • Hainbat nabigatzaile, gailu eta laguntza-teknologiarekiko bateragarritasuna

Dokumentazio digitalerako baldintzak (PDFak, formularioak, etab.):

  • Goiburuak, zerrendak eta etiketa semantikoak dituzten taulak erabiltzea

  • Hierarkia eta irakurketa-ordena koherentea

  • Deskribapen zehatzak irudietan eta grafikoetan

  • Letra-tipo argiak eta tamaina egokikoak, eta kontraste garbia

  • Behar bezala etiketatuak dauden eta metadatu osoak dituzten PDF dokumentuakXXXXX

  • Formulario irisgarriak eta tabulazio-ordena logikoa dutenak

Sare sozialetarako baldintzak

  • Hizkera erraza eta teknizismorik gabea

  • Hashtag egituratuak, erraz irakurtzekoak

  • Emojien erabilera araduratsua

  • Testu alternatiboa irudietan

  • Azpitituluak bideoetan

Europako Irisgarritasun Araudia aplikatzeko eta betetzeko epeak

Araudia betetzeko zenbait epe ere zehaztu dira:

  • Produktu eta zerbitzu digital berriei dagokienez, araudia martxan jartzen denetik bete behar dituzte irisgarritasun-baldintzak, hots, 2025eko ekainaren 28tik.

  • Lehendik dauden produktu eta zerbitzu digitalei dagokienez, egokitze-aldi bat izango dute, 2030eko ekainaren 28ra bitartekoa.

Zalantzarik gabe, inklusio digitalean mugarri bat da araudi berria. Erronka bat da, baina baita ingurune digital bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta merkatu-irismen handiagokoa eraikitzeko aukera bat ere.

Izan ere, irisgarritasun digitalak, eskubide bat eta kontu tekniko bat izateaz gain, enpresen irismena handitu eta webguneen esperientzia eta SEOa hobetzen ditu, eta aukera estrategiko bat da 1.300 milioi erabiltzaile potentzial baino gehiagorengana iristeko eta bezeroen esperientzia digital globala hobetzeko.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun gure soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.