Azken urteetan, eta batez ere pandemiaren ondoren, arlo guztietara sartu da digitalizazioa; ziztu bizian sartu ere. Espazio fisikoaren eta birtualaren hibridazioak, batetik, eta "datifikazio" gero eta handiagoak, bestetik, berrikuntzarako eta hazkunde ekonomikorako aukera berriak sortu dituzte.

Izan ere, digitalizazioaren bidez errazagoa eta azkarragoa da informazioa eta datu masiboak sortzea, eta, horrekin batera, baita informazio eta datu horiek atzematea, biltegiratzea, konbinatzea, aztertzea eta banatzea ere. Beraz, datuak funtsezko aktibo bihurtu dira, baina teknologia digitalak behar dira datu horiei balioa emateko.

Hainbat teknologiak dituzte oinarri datuak, hala nola Big Datak eta adimen artifizialak, eta, bestalde, 5Gak esponentzialki handitzen ditu datu-transmisioaren abiadura eta transmititutako datu-kantitatea; eta datu horiek biltegiratzeko, berriz, hodeiko soluzioak dauzkagu.

Enpresak eta administrazio publikoak datuen erabilerarekin lotutako teknologia gaitzaile horiek txertatzen ari dira erronka sozial eta ekonomiko berriei aurre egiteko estrategietan.

Testuinguru horretan, estrategia eta politika eraginkorrak behar dira, elkarren artean koherenteak direnak, etengabe ebaluatzen direnak eta teknologia digital berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuko dituztenak. Eta ongi diseinatutako politika publikoak ere behar dira, aurrerabide teknologikoaren eragin positiboak indartuko dituztenak. Ildo horretan, 2030 Agendak, Garapen Jasangarriko Helburuek (GJH) eta Europako Estrategia Digitalak jarraitu beharreko bidea ezartzen dute.

2025eko Euskadiren eraldaketa digitalerako estrategiaren dimentsioak

Trantsizio hirukoitz bat daukagu Euskadin —teknologiko-digitala, energia eta ingurumenekoa, eta demografiko-soziala— eta nazioarteko jarraibideak gure lurraldearen helburu eta lehentasunetara egokitu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak.

Euskadiko Eraldaketa Digitalerako 2025eko Estrategiak (ETDE2025) 101 milioi euroko aurrekontua du 2021-2025 bosturtekorako, eta haren helburua da sortzen ari diren teknologien inplementazioa bizkortzea eta gaitzaileen garapena sustatzea.

Hiru dimentsioko egitura du, eta dimentsio horietan laburbiltzen dira lehentasunak: palanka teknologikoak, gaitzaileak eta aplikazio-eremuak.

Palanka teknologikoak

Ezagutza handitu behar den arloak dira palanka teknologikoak, teknologia horiek hobeto inplementatzeko.

  • 5G konektagarritasuna: Teknologia hori lurralde osoan erabil dadin bultzatu nahi da.

  • Adimen artifiziala: AA garatu nahi da, ahalmen eta enpresa-aukera berriak sortzeko.

  • Zibersegurtasuna eta konfiantza digitala: Zibersegurtasunaren kultura hedatzea gizarte-maila guztietan.

  • Konputazio kuantikoa: Teknologia horren erabilera bultzatzea Euskadiko ekonomian eta gizartean.

  • Hodeiko zerbitzuak: Hodeiko zerbitzuen erabilera bultzatzea, bai eremu pribatuan, bai publikoan.

  • Elkarreragingarritasun publiko-pribatuko zerbitzuak: Informazio-sistemen arteko konexioa erraztea, datuak modu eraginkorrean trukatzeko.

Gaitzaileak

Gaitzaileak dira palanka teknologikoen garapena eta hedapena errazten edo bizkortzen duten tresnak edo kanalak.

  • Gaitasun digitalak: Herritarren eta profesionalen gaitasun digitalak hobetu nahi dira, eta berdintasun digitala eta lan-integrazioa erraztu.

  • Ikerketa eta garapena: I+Ga sustatu nahi da gizarte-eta ekonomia-erronkei heltzeko.

  • Ekintzailetza: Ekintzailetza teknologikoa sustatzea eraldaketa-motor gisa.

  • Berrikuntzaren erosketa publikoa: Berrikuntzaren erosketa publikoa erabiltzea prozesu eta zerbitzu publikoak garatzeko.

  • Zerbitzu teknologikoen hornitzaileen ekosistema: Euskadiren ekosistema teknologikoa indartzea.

  • Komunitate teknologiko kohesionatua: Funtsezkoa da ezagutza-masa kritiko bat sortzea, lankidetza- eta aliantza-esparruen bidez, gaitasunak osatzeko eta baliabideak eraginkorrago erabiltzeko.

  • Banda zabal ultralaster finkoko konektagarritasuna: 5G konektibitatea txertatzeko plan berriarekin osatu da.

Aplikazio-eremuak

Aplikazio-eremuek jarduera publiko eta pribatuko eremu espezifikoak hartzen dituzte kontuan, eta horietan Palanka Teknologikoak funtsezko elementua dira prozesu, produktu, zerbitzu edo negozio-ereduen erabateko aldaketarako.

  • ETEak: Enpresa txiki eta ertainen digitalizazioa erraztea.

  • Industria adimenduna: Teknologia digitalen bidez industria eraldatzea.

  • Energia eta ingurumena: Teknologia adimendunen bidez jasangarritasuna sustatzea.

  • Elikagaien industria: Elikagaien ekoizpenaren trazabilitatea eta eraginkortasuna hobetzea.

  • Segurtasuna: Segurtasun eraginkorragoa eta gardenagoa lortzeko teknologiak ezartzea.

  • Lana eta enplegua: Lan-merkatua teknologia berrietara egokitzea.

  • Administrazio elektronikoa: Administrazio publikoa modernizatzea digitalizazioaren bidez.

  • Hezkuntza: Hezkuntza-sisteman digitalizazioa bultzatzea.

  • Lurralde adimendunak: Hirietako bizi-kalitatea hobetzea teknologia adimendunen bidez.

  • Mugikortasun berria: Pertsonen eta merkantzien mugikortasuna optimizatzea.

  • Osasun eta ongizate elektronikoa: Osasun-zerbitzuak teknologia digitalen bidez pertsonalizatzea eta hobetzea.

  • Justizia elektronikoa: Sistema judiziala digitalizatzea, eraginkorragoa izan dadin.

  • Hizkuntzen industriak: Hizkuntzaren teknologiak erabiltzea komunikazioa hobetzeko.

  • Turismoa eta merkataritza: Digitalizazioaren bidez sektore horiek eraldatzea.

2025eko Euskadiren eraldaketa digitalerako estrategiaren bektoreak

Euskadiren Eraldaketa Digitalerako 2025eko Estrategiak praktikoa izan nahi du, eta balio erantsi bihurtu nahi du Euskadiko sektore estrategikoetarako. Lau bektore nagusi ditu: Ekimen Bereziak, Ekosistema Integratua, Gaitasun Digitalak eta Azelerazioa, Esperimentazioa eta Erabilera.

Ekimen Berezien ekintza-ildoetako bat da Basque Cybersecurity Centre-ren (BCSC) eta Basque Artificial Intelligence Centre-ren (BAIC) jarduera indartzea —bietako kide da Euskaltel—.

Ekosistema Integratuari dagokionez, funtsezkoak dira Enpresentzako elkarreragingarritasuna eta Data Centerrak sortzeko laguntza.

Bestalde, Gaitasun Digitalak sendotzeko, garrantzitsua da desberdinkeria digitala murriztea edo TEIC talentuaren eta STEAM bokazioen sorrera bultzatzea.

Azkenik, Azelerazioarekin, Esperimentazioarekin eta Erabilerarekin lotuta, lehentasuna du ETEek teknologia digitalak erabiltzeak eta ETEak digitalizatzeak. Ildo horretan, aipatzekoak dira Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldearen bidez, 2025erako abian jarri dituen bi laguntza-programak, Gaitasun Digital Profesionalak eta Zibersegurtasuneko Gaitasun Digitalak hobetzera bideratuak.

Euskaltelen ziur gaude Euskadiren "datifikazioak" eta eraldaketa digitalak lagunduko dutela gure eraginkortasuna hobetzen eta gaur egungo merkatuetan lehiatzen.

Hemen dituzue enpresetarako soluzio teknologiko berritzaileenak. Informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin. Azken albisteen berri izateko, jarraitu guri LinkedInen.