Industriaren garapen teknologikoa begi-bistakoa da, eta, industria hori lehiakorra izan dadin, neurriak hartu behar dira. Testuinguru horretan egin da BeDigital azokaren hirugarren edizioa, helburu honekin: industriari aplikatutako teknologia eta ekoizpen-prozesuetako eraldaketa digitala zertan diren erakustea.
Hitzordu horretan ezin zuen hutsik egin Euskaltelek. Dibulgaziorako gune irekietan egoteaz gain, erakustoki propio bat eduki dugu erakusketa-eremuan. Gune horretan, Merkatu-ren eta Data Robot-en hitzaldiak egin dira, eta mahai-inguruetan ere parte hartu dugu, besteak beste 5G teknologian eta adimen artifizialean erabiltzen ari garen teknologia gaitzaileei buruzko gure esperientziaren eta ezagutzen berri emanez.
Nacho Vilaplana gure lankideak lehen saioetako batean parte hartu du, eta azaldu du industria-sektorea erabat aldatzen ari dela adimen artifizialaren ondorioz.
Errealitateak erakutsi digu AAko soluzioek beren lekua egina dutela industrian. Fabrikatzaileen ia bi herenek (%64) AA erabiltzen dute beren negozioko ohiko eragiketetarako, eta, gainera, adierazten dute gero eta gehiago erabiltzen dutela teknologia hori. Gainera, lautik batek ITn egindako gastu osoaren erdia edo gehiago bideratzen du adimen artifizialera.
Hala ere, oraindik ere proiektu asko geratzen dira betirako proiektu pilotu moduan, eta ez dira inoiz ekoizpen-fasera iristen. Horren arrazoiak azaldu ditu Nachok:
- Batetik, arrazoi nagusia da (%25) talentua falta dela erabilera-kasuen potentziala aprobetxatzeko eta barne-proiektuak gidatzeko.
- Bestetik, ez dago azpiegitura nahikoa, edo ez dago prestatua.
Bi kasuetan, beharrezkoa da teknologia ezagutzen duen bazkide estrategiko bat edukitzea. Euskaltelen, laguntzeko behar den ezagutza eta esperientzia daukagu, BAI Analyticsen bidez. Hain zuzen, adimen artifizialeko tresnak erabiltzen eta soluzioak garatzen espezializatutako gure lantaldea da BAI Analytics.
Adimen artifizialaren eta ikaskuntza automatikoaren (ML) eraginez, gehiago egin dezakete fabrikazioko langileek, analisi prediktibo eta preskriptiboak baitituzte. Analisi prediktiboko teknikek —hala nola gainbegiratutako ikaskuntzak— akatsak eragiten dituzten konfigurazio-ereduak eta -parametroak identifikatzen dituzte, halako moldez non, denbora errealean jasotako adierazleekin alderatzean, alerta bat abiaraz baitezakete arazoa gertatu aurretik. Beste kasu askotan ere erabil daiteke AA; adibidez, eskaria aurreikusteko, langileen txandak antolatzeko edo stocka kudeatzeko.
BeDigital Azokaren bigarren egunean, David del Campo gure Enpresetako Marketineko zuzendariak Digital & Additive Talks-en Keynote nagusian parte hartu du, Gestampeko Sergio García Susaeta I4.0 & Virtual Factory Manager-aren laguntzarekin. "5G teknologiak eta, bereziki, banda milimetrikoko komunikazioek eragin handia izango dute industriako erabilera batzuetan" nabarmendu du.
5G-a abiadura baino askoz gehiago da, erabilera aplikatuetan pentsatuz diseinatu den lehen teknologia mugikorra baita. 5G-arekin, kontzeptu teknologiko berriak sortzen dira. Adibidez, Network slicing, zeinak aukera ematen baitu sarea zenbait sare logikotan zatitzeko eta, hala, bezero bakoitzaren beharren araberako zerbitzua emateko; eta Edge computing, zeinak datu-prozesatzearen konplexutasuna datuok eskatzen dituen zerbitzura hurbiltzen baitu.
5G-a aukera teknologiko bat da enpresa-sektore guztientzat. Besteak beste, hauei buruz ari gara: floten bideo-zaintzaz eta bidaiarientzako banda zabalaz, ikuspen areagotuaz eta operadoreen urruneko laguntzaz, eta garraiobideetan goazenerako entretenimendu-banaketa masiboaz.
5G-a hedatzeko funtsezko bandei dagokienez, sare pribatuetarako espektroa erreserbatzeari —batez ere ekoizpenarekin lotutako sektoreetan, hala nola automobilgintzan— eta operadoreen arteko estrategia eta aliantzei begira dago industria. Hain zuzen, 5G teknologiaren aldeko apustua egina dugu Euskaltelen, 5G Euskadi proiektuaren koordinatzaile-lana eginez. Ekimen hori 13 erakunde publiko eta pribaturekin jarri da martxan, eta helburua da 5G teknologia euskal enpresa-sarean garatzea eta ezartzea.
Bestalde, Sergio Garcia Susaeta Gestamp-eko 4.0 Industriako eta Fabrika Birtualeko arduradunak fabrika adimendunerako bidean egindako urratsen berri eman digu, Gestamp Bizkaia enpresaren Abadiñoko instalazioan egingo den erabilera-kasu bat azalduz. Helburuak dira ekoizpen- eta logistika-prozesuak monitorizatzea eta kontrolatzea, eta malgutasuna izatea behin-behineko arriskuak aurreikusteko.
BeDIGITAL erakusleiho handi gisa finkatu da aurten ere, eta, erakusleiho horretan, enpresek industriako iraultza digitalari buruzko ezagutzak eta esperientzia partekatu ahal izan dituzte. Aurtengo edizioan, adimen artifizialaren soluzioei eta 5G-ari buruz hitz egin dugu; izan ere, gaur egun eskaera handiena duten teknologietako bi dira, eta etorkizunean giltzarria izango dira industriaren eraldaketa digitalean.
Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresa bezeroentzako sail komertzialeko taldearekin.