Nola ari da inplementatzen adimen artifiziala Euskadin? Zenbateraino inplementatu dute enpresetan eta administrazio publikoan? Behar adina langile espezializatu ditugu? Galdera horiei erantzuten die BAIC, Basque Artificial Intelligence Center erakundeak argitaratu berri duen txosten batek.

Nahiz eta AAren inplementazioa hasi berria den Euskadin, hura errazten duten teknologiak nahiko finkatu dira. Datu nagusi hori jasotzen du BAICen txostenak, zeinak ikuspegi xehea eskaintzen baitu etengabe hazten ari den ekosistema horren potentzialari buruz.

Teknologiaren egoera Euskadin: hodeiko soluzioak, big data eta AA

Ekosistema dinamiko bat du Euskadik, eta teknologia berritzaileenak nagusitzen ari dira. Hori erakusten dute datuek: EAEko erakundeen % 57 baino gehiagok erabiltzen dituzte "hodeiko" zerbitzu informatikoak; % 25 inguruk edozein datu-iturritako big data analizatzen dute; eta Euskadiko enpresen % 12k eta administrazio publikoen % 16k baino gehiagok adimen artifizialeko sistemak erabiltzen dituzte.

Teknologia hedatuenak RPA eta ikaste automatikoa eta ikasketa sakona (Machine Learning & Deep Learning) badira ere, interesa ikusten da AAko beste aplikazio askorekin. Besteak beste, datu-meatzaritzako soluzioak, hizkuntza mintzatua edo idatzia sortzen duten aplikazioak eta irudia edo ahotsa ezagutzeko eta prozesatzeko aplikazioak ere erabiltzen dira.

AA zeharka inplementatzen da hainbat sektoretan, eta nabarmentzekoa da zer inplementazio-maila duen jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan, informazioan eta komunikazioetan eta manufaktura-industrian.

Euskadin AA inplementatzeko azpiegitura teknologikoa

AAko ereduak garatzeko, entrenatzeko eta hobetzeko funtsezko azpiegitura teknologikoa dauka Euskadik, baita arlo horretan soluzio aurreratuak sortzeko ere. Datuak prozesatzeko 8 zentro publiko edo erdipubliko eta 13 entitate pribatu daude datuak prozesatzeko zentroen zerbitzuak ematen dituztenak; horietako bat da Euskaltel.

Datuek potentzial hori berresten dute: badira gutxienez 89 enpresa EAEn AAko soluzioak garatzen, gero banatzeko eta merkaturatzeko.

BAICen txostenaren arabera, gainera, ETEak dira AAren erabiltzaile eta hornitzaile nagusiak EAEko enpresa-sarean, eta AAko teknologien eskaria eskaintza baino handiagoa da Euskadin.

Irabaziak nabariak direla kontuan hartuta, ez da harritzekoa: teknologia hori txertatzean, fakturazioa % 9 inguru hazten da.

Hala, funtsezkoa da burujabetza teknologikoaren alde lanean jarraitzea, esparru horretan ditugun ahalmenak finkatzeko eta zabaltzeko.

AA: trebakuntza eta dibulgazioa Euskadin

Langile espezializatuak izatea da AA garatzeko giltzarrietako bat.

Trebakuntzari dagokionez, BAICen txostenaren arabera, Euskadin badira prestakuntza arautuko 35 produktu aktibo (graduak, masterrak, doktoretzak eta ikastaroak), eta urtean 1.718 plaza eskaintzen dira.

Ikerketari dagokionez, berriz, AAko 95 ikertalde daude, eta, talde horietan, 1.200 profesional inguru.

Kopuru handi horrek erakusten du azpiegitura akademikoa eta zientifikoa sendoa dela, eta berresten du handia dela I+Gko inbertsio publikoa eta AAko programa espezifikoetako parte-hartze aktiboa, zeina erakunde publikoek eta eskualdeko ekosistemak aurrerapen teknologikoarekin duten konpromisoaren emaitza baita.

Edonola ere, gaur egungo espezialista-profilek ez dituzte asetzen lan-merkatuaren eskari gero eta handiagoak, non dagoeneko 7.500 profesional baino gehiago ari baitira AAn lanean. 2028ra begira, kopuru horiek handitzea espero da, bai beharrei dagozkienak, bai prestakuntzakoak; gutxi gorabehera, % 20 haziko da AAn espezializatutako prestakuntza duten pertsonen kopurua.

Euskadin, biztanleria aktiboaren % 0,68k egiten du lan adimen artifizialean, eta, arlo horretan, enpresa handiek dute langile-kopuru handiena (guztizkoaren % 60); enpresa txiki eta ertainetan % 32 dira, eta startupetan % 8.

Datu horiek kontuan hartuta, esan dezakegu Euskadik erakusten duela baduela ekintzailetza-ahalmena soluzio berritzaileak garatzeko, bai tokiko irismena dutenak, bai mundu mailakoa dutenak, eta AAko eskaintzen merkatuan hazkunde-potentzial handia duela. Argi gelditzen da, halaber, teknologia hori erabiltzea diru-sarrerak nabarmen handitzen laguntzen ari zaiela mota guztietako enpresei, nahiz, enpresen tamainaren eta motaren arabera, ez guztiei berdin eragin.

Adimen artifiziala da Euskaltelen apustu handietako bat. Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun gure soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Azken albisteen berri izateko, jarraitu guri LinkedInen.