Produktibitatea handitzea funtsezkoa da edozein negoziotan, haren mende baitaude diru-sarrerak, errentagarritasuna, merkatuko kokapena eta, laburbilduz, etorkizuna. Nahiz enpresa bakoitza desberdina den eta behar eta lan-fluxu berezkoak dituen, aholku eta gomendio batzuk erabilgarri izango zaizkizue denei, enpresa bakoitzaren sektorea edo tamaina gorabehera.

- Ezagutu zure enpresa eta prestatu negozio-estrategia bat. Zure helburu nagusiak modu errealistan eta ahalik eta zehatzen definitu behar dituzu, ibilbide-orri bat egiteko eta ahalegina han jasotakora bideratzeko.

- Hitz bakarrean esateko: sinergiak. Talde-lana eta lankidetza eta komunikazioa sustatzea funtsezkoak dira negozio batean arrakasta lortzeko. Kontuz bilera-kopuruarekin, gehiegi eginez gero langileen ordu asko hartuko baitute eta antzu bihurtuko baitira azkenean; bilerak aurrez ondo prestatzea komeni da, eta gai-zerrenda garbi zehaztua eramatea bilerara.

- Ikasi lana besteen esku uzten. Ez dira gauza bera zure enpresa ezagutzea eta zehatz-mehatz jakitea zer jarduera egiten duen pertsona eta departamentu bakoitzak, batez ere enpresa hazten ari denean. Buru izateak berekin dakar erantzukizunak era ordenatuan eta lan bakoitzerako pertsonarik egokienari esleitzea.

- Etengabeko trebakuntza. Enpresako giza baliabideak funtsezko elementuak dira. Gure makinak, zerbitzariak eta teknologiak modernizatu behar izaten ditugun bezala, gure langileek ere behar adina ezagutza eguneratu izan behar dituzte beren lanean produktibo izateko, eta ez bakarrik maila teknikoan, baita beste alderdi hauetan ere: komunikazioa, marketina, jendaurrean hitz egitea, krisi-kudeaketa, negoziazioa, lidergoa, talde-lana eta plataforma eta teknologia digital berriak.

- Malgutasuna, sormena, talde-lana. Lanarekin gustura, motibatuta eta konprometituta dagoen langile bat produktiboagoa da. Eta gustura egoteko faktore asko hartu behar dira aintzat, ez soilik ekonomikoa; esate baterako, malgutasuna, autonomia, talde bateko kide sentitzea, karrera profesionala, trebakuntza-plana eta zeregin errepikakor eta mekanikoak ez egitea.

- Berrikuntza eta teknologia gehiago. Gaur egun, teknologia eta berrikuntza enpresen aliatu oso garrantzitsuak dira. Teknologia produktibitatea areagotzeko akuilu izatea ez da kontu berria: 1990eko hamarkadan ere hala izan zen, orduan heldu baitziren merkatura aurreneko teknologia berriak. Gaur egun, teknologia iraultzaileek, hala nola Big Datak eta adimen artifizialak, laguntzen dute prozesuen eraginkortasuna hobetzen, produkzio-ahalmena handitzen, akatsak eta akatson ondorioak minimizatzen, denborak eta baliabideak optimizatzen, prozesuak automatizatzen eta, are, baita lanpostu berriak sortzen ere.

Aipamen berezia merezi dute hodeiko aplikazio eta soluzioek; izan ere, aukera paregabea dira segurtasunez eta eraginkortasunez lan egiteko, inbertsio handirik gabe eta unean uneko beharrei egokitzeko gaitasunez. Lankidetza-tresnak eta telelana egunero baliatzen ditugun garai honetan, hodeiak (cloud) aukera ematen du, adibidez, dokumentuak partekatzeko edo fitxategiak edozein gailu eta lekutatik bidaltzeko.

Teknologia egokian inbertitzeak, betiere kalitate-estandarrak eta sektore bakoitzari dagokion araudia kontuan hartuz, gure bezeroen balio-proposamena hobetzea esan nahi du, aukera emango baitigu bezeroen beharrak hobeto ezagutzeko eta fidagarritasun eta nortasun bereizgarri handiagoa lortzeko merkatuan.

Badakigu ez dela erraza ETE bat eraginkorra izan dadin lortzea, hasi berritan batik bat, baina produktibitatea nahitaezkoa da enpresa ororen bideragarritasuna bermatzeko. Jardunbide egokiak eta teknologiak lagungarri izan dakizkizuke ahalegin horretan.

Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresa bezeroentzako sail komertzialeko taldearekin.