Pandemia-garai hauek, zalantzarik gabe, aukera handia dira enpresa askok hasia zenuten eraldaketa digitalerako; orain, halabeharrez, modu intentsiboan probatu da eraldaketa hori. Azken hilabeteotan, ikusi dugu IP sareen bidezko trafikoa ia %40 hazi dela, eta mugikorraren erabilera ia bikoiztu egin dela.

Bat-batean, bulegoa etxera eramaten hasi gara gure jarduerarekin jarraitu ahal izateko, eta zenbait lankidetza-tresna ezagutu ditugu, hala nola Teams eta Skype. Eta, presa eta ezjakintasuna direla medio, batzuetan, gure enpresa ziberdelinkuentziarako helburu erraz bihur dezakegu.

Badira gure enpresa seguru mantentzen lagundu diezaguketen zenbait neurri, hala nola komunikazioak zifratzea, tresna egokiak erabiltzea, pasahitz eta mezu elektroniko seguruak erabiltzea, sistema operatibo eguneratuak erabiltzea eta beti segurtasun-kopiak egitea; izan ere, azkenaldian gehitu egin dira zibererasoak, bulegotik kanpo lan egiten duten pertsonen kopurua handitzearekin batera.

Egoera hori aztertzeko, Euskaltelek webinar bat antolatu du berriki, gaur egun gertatzen ari diren zibereraso-mota nagusiak aztertzeko eta lan-ingurune segurua mantentzeko zer neurri eta gomendio har ditzakegun azaltzeko.

Zein dira zibereraso-mota ohikoenak gaur egun?

Phising-a: helburua da zure informazioa lortzea edo ikustea, zu ohartu gabe, eta zure identitatea ordeztea. Horretarako, erakunde ezagunen mezu elektronikoak erabiltzen dira, eta erabiltzaileari informazioren bat berriro sartzeko eskatzen zaio, edo lotura maltzurrak dituzten mezuak erabiltzen dira zure ekipoa kontrolatzeko.

Ramsonware-a: hirugarren batek zure gailuko informazio pribatua edo isilpekoa birtualki bahitzea da. Izan daiteke enkriptatzea, pantaila-blokeoa, Master Boot Record, web-zerbitzuen enkriptatzaile bidezkoa edo gailu mugikorren bidezkoa. Edozein kasutan, eraso hori jasoz gero, zure datuak berreskuratzeko modu bakarra eskatzen dizuten diru-kopurua ordaintzea da. Hala ere, gure aholkua da inoiz ez ordaintzea, eta eskura duzun baliozko informazio guztiaren segurtasun-kopiak egitea.

Hornidura-katearen kontrako erasoak: banaketa-sareko elementurik ahulenari erasotzen zaio, enpresa batera sartzeko; informazioa galtzea, izen onari kalte egitea edo are DBEOren ondoriozko zigorrak ezartzea eragin nahi izaten dute.

Horiek guztiak krisialdian gertatzen dira, telelanaekonomia-jardueraren funtsezko pieza bihurtu denean eta lan-merkatuan behin betiko finkatzeko eta handitzeko joera duen testuinguru batean. 2002an telelanari buruzko Europako akordioa sinatu bazen ere, badirudi orain finkatu dela behin betiko enpresetan eta langileengan, eta, beraz, orain da garaia negozioaren beharrei erantzungo dien eta batez ere segurua izango den telelanerako estrategia bat planteatzeko.

Estrategia hori ezartzeko, antolamendu-neurri batzuk hartu behar ditugu: langileak kontzientziatu eta sentsibilizatu, segurtasun-politika bat zehaztu eta jakinarazi, artxiboen inbentarioa egin, sarbidea kontrolatzeko politikak (rolak) eta pasahitzak, altak, bajak eta aldaketak kudeatzeko prozedurak ezarri, betiere aplikatzekoa den arau-esparruaren barruan. Izaera teknikoko beste batzuk ere ezarri behar dira: back-up sistemak izatea eta aldian behin egiaztatzea, sistemak eta aplikazioak eguneratzea, direktorio bakarra izatea, dokumentuak partekatzeko tresnak, sareak segmentatu eta segurtatzea, sistemetarako sarbidea aldizka berrikustea, eta sareak eta baliabideak monitorizatzea.

Baina COVID-19aren pandemian zerbait ikasi badugu, telelana modu seguruan egin ahal izateko funtsezko elementu batzuk daudela ikasi dugu: suebakia eta ekipo espezifikoak izatea, lanpostua segurtatzea, konexioak zifratzea kautotze-faktore bikoitzeko VPN soluzio baten bidez, eta urruneko sarbidea monitorizatzea.

Azken batean, segurtasun-eredu bat bilatzen dugu, enpresa osoaren informazioa babesteko gai izateaz gain (bai postuak, bai sarbideak eta bai sarea) gerta litezkeen gorabeherei erantzuteko ere gai izango dena.

Honaino iritsi garenez eta prozesua geldiezina denez, krisialdian gutxieneko jarduera bati eusteko aukera eman diguna, zibersegurtasuna aintzat hartzeko garaia da, telelanean aritzea bulegoan lan egitea bezain segurua izan dadin.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan Enpresen Merkataritza Arloko taldearekin.