Gaur egun, toki-administrazioak eraldaketa digitaleko prozesu batean murgilduta daude, eta prozesu horren helburua da eraginkorragoak izatea eta herritarren bizitzan eragin positibo handiagoa izatea. Aldaketa-egoera horretan, sektore publikoak erakunde pribatuetan ohikoak ez diren egoerei egin behar die aurre, eta adimen artifiziala aplikatzeak harentzat garrantzitsuak diren alderdiak hobetu ditzake, hala nola segurtasuna, gizarte-eragina eta gardentasuna.

Zertarako erabil daiteke adimen artifiziala sektore publikoan?

  • Zerbitzu publikoak kudeatzeko —hala nola ura eta hondakinak— eta mantentze-lan prediktiboak planifikatzeko. Hartara, larrialdiko konponketak saihestuko dira, eta gainkostuak eta ustekabeko zerbitzu-eteteak eragotzi.
  • Bide publikoen mantentze-lanak, seinaleztatzea eta errepideetako zerbitzua egiteko, modelo prediktiboak erabilita.
  • Herritarrentzako telefono bidezko arretarako; denbora errealeko ahots-ezagutza programatu daiteke, eta, hartara, itxaronaldiak eta horiei lotutako gainkostuak saihestu.
  • Administrazioen arteko izapide burokratikoak arintzeko. Izan ere, lanak automatizatzen dira, fakturen, inprimakien eta era guztietako dokumentuen ezagutze adimendunaren bidez.

Halaber, adimen artifiziala lagungarria izan daiteke herritarrentzako arrisku-egoerak identifikatzeko, espazio jakin batzuetako segurtasun-kameren irudiak aztertzen lagundu baitezake. Lagungarria izan daiteke, halaber, portuetara ekarritako merkantzia eta kontainerrak aztertzeko eta identifikatzeko, itsas labarretako higaduraren, uholdeen eta suteen arriskua kontrolatzeko, eta laborantzarako edo beste helburu batzuetarako babestutako lurren erabilera baimendu gabeak identifikatzeko. Gainera, hezkuntza-arloan, eskola-uztearen tasa txikitzeko ekintzak identifikatu eta aztertu ditzake, kolektibo zaurgarrietan etxeko abusuak, sexu-esplotazioa edo adingabeen abusuak identifikatzen lagundu, eta osasun-sektorean paziente bakoitzak zenbat langile beharko dituen edo ospitalean zenbat denbora beharko duen aurreikusi.

Baina AAk sektore publikoan duen aplikazio interesgarriena aurrekontu-eragikortasunarekin lotutakoa da. Zenbait administraziok dagoeneko erabiltzen dituzte adimen artifizialeko teknikak iruzurrak eta zergen ordainketan gertatzen diren irregulartasunak identifikatzeko, eta kaudimengabezia-egoerei aurrea hartzeko. Horretaz gain, ordea, adimen artifizialak aukera ematen du garapen ekonomikorako funtsezkoak izan daitezkeen eremuak eta eskualde jakin bat suspertzeko eragin handiena izan dezaketen estrategiak identifikatzeko, eta, hala, eskualde horretarako enplegua eta hazkundea modu pertsonalizatuan sortzeko.

Euskaltelek badaki abantaila asko dituela adimen artifiziala administrazio publikoan aplikatzeak. Adimen artifizialean espezializatutako gure taldeak, BAI Analytics-ek,, adimen artifiziala arrakastaz ezartzen lagundu diezazueke; hala, datuak aprobetxatu eta lehiatzeko abantaila handiagoa izango duzue, eraginkorragoak izango zarete, eta zerbitzu hobea emango duzue.

Adimen artifizialarekin erlazionatutako gure soluzioei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresa bezeroentzako sail komertzialeko taldearekin.