Jasangarritasuna eta ingurumena zaintzea dira lehentasun nagusiak gure erantzukizun sozial korporatiboko politikan. Berriki, Carbon Disclosure Project (CDP) irabazi asmorik gabeko erakundeak aintzatetsi egin du klima-aldaketaren kontrako gure konpromisoa.

Euskaltel Taldeak B balorazioa eskuratu du Carbon Disclosure Project (CDP) nazioarteko erakundeak klima-aldaketaren gainean eginiko erreferentzia-galdetegi batean. Erakunde horrek mundu zabaleko informazio-sistema bat kudeatzen du, inbertitzaileek, enpresek, hiriek eta eskualdeek ingurumen-inpaktua neurtzeko.

Inkesta urtero egiten da, eta Euskaltel Taldeak 2016az geroztik parte hartzen du. Metodologia luze-zabala eta independentea baliatuz, CDPk enpresak ebaluatzen ditu, eta A eta F bitarteko kalifikazioa ematen die, hainbat parametro aintzat harturik:

- informazioaren zehaztasuna;

- arrisku klimatikoen gaineko kontzientziazioa eta kudeaketa;

- ingurumen-lidergoari loturiko jardunbiderik onenak erakustea, hala nola helburu handinahiak eta esanguratsuak definitzea.

Euskaltel Taldeak B balioespena eskuratu du, eta horrek mundu zabalean kalifikazio onena eskuratu duten konpainien artean kokatzen gaitu. Aitortzak, gainera, baliozkotu egiten du telekomunikazio-operadorearen jarduerari lotutako ingurumen-arriskuen kudeaketa, eta, era berean, eragiketa guztietan kudeaketa arduratsuarekin duen konpromisoa islatzen du.

Ingurumena zaintzearekin konprometiturik

Euskaltel Taldearen ingurumen-estrategia 2020-2025 aldirako Jasangarritasun Plan Estrategikoan zehaztutako gidalerroekin bat dago definiturik, eta haren konpromisoa da taldearen kudeaketan txertatzea Nazio Batuen Mundu Itunaren garapen jasangarriko 13. helburua (klimaren aldeko ekintza). Horretaz gainera, Euskaltel Taldeak badu Ingurumena Kudeatzeko Sistema bat, EMAS erregelamenduarekin eta ISO14001:2015 arauarekin lerrokaturik, bai eta Energia Kudeatzeko Politika eta Sistema bat ere, ISO50001:2018 arauan zehaztutakoari jarraitzen diona.

Oinarri horien gainean, apustu irmoa egiten dugu baliabideak arduraz kudeatzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko; berrerabiltzea lehenesten dugu birziklatzearen edo botatzearen gainetik, eta energia- eta erregai-kontsumoa murriztea dugu xede, CO2 Isurpenak Murrizteko urteroko planetan. Horretaz gainera, arrakastaz aplikatu dugu egoitza guztietan iturri %100 berriztagarrietatik eskuratutako elektrizitatea erosteko prozesua. Horri esker, %72 murriztu ditugu BEG berotegi-efektuko gas-isurpen zuzenak 2020an.

Hori guztia dela eta, bereziki pozik gaude aitortza horrekin, berretsi egiten baititu gure posizionamendua eta gardentasuna ingurumen-inpaktua eta klima kudeatzearekin loturik.

Hemen kontsultatu dezakezu gure politika sozial korporatiboari buruzko informazio gehiago.