Gaur egungo bezeroek —eta etorkizunekoek— zuen enpresaz, produktuez eta zerbitzuez zer pentsatzen duten jakiteko modu asko daude:

focus group direlakoak, landa-laneko edo sare sozialetako azterketak (gero eta gehiago eskatzen dira), landako probak, lehiakideen azterketa, ebaluazio proiektiboak... Azkenaldian, ordea, onlineko inkestak eta estatistikak erabili izan dira gehien; izan ere, eraginkorrak eta azkarrak dira, ez dute baliabide askorik eskatzen, eta ez dute kostu handirik.

Hasteko, onlineko inkesta bat erraz sortzen da, nahi den unean, pertsonalizagarria da, eta informazio erabilgarri asko jasotzeko aukera ematen du.

Merkatuan zenbait aukera daude, enpresaren tamainaren edo beharren arabera aukeratzeko, baina, nolanahi ere, ziurtatu beti aukeratutako plataformak edo softwareak datuak babesteko indarrean dagoen araudia betetzen duela, eta garden jokatu bezeroekin: eskatu beti haien baimena, eta azaldu zein den galderen helburua eta zertarako erabiliko dituzuen erantzunak.

Gaur egun erabiltzen diren tresna eta aplikazio batzuk bildu ditugu hemen zuentzat.

Visitor Analytics

Visitor Analytics dena batera eskaintzen duen analisi-aplikazio bat da; jarraipena egiten du eta estatistikak eta bisitariak analizatzen ditu, guztia aplikazio berean. Webgune ia guztiekin da bateragarria, eta berehala prozesatzen ditu datuak.

Webguneko trafikoari buruzko estatistika zehatzak ematen ditu, eta bisitarien saioen grabazioak, bero-mapak eta bihurtze-inbutuak (ingelesez, conversion funnel) eskaintzen ditu.

Survey Monkey

Survey Monkey softwarerik ezagunenetako bat da, aukera ugari ematen dituelako batik bat: inkestak metodologo espezialistek ziurtatutako txantiloiekin sortzeko aukera, merkatu-ikerketak egiteko aukera eta, barrura begira, enpresako langileek enpresaz duten iritzia ezagutzekoa.

Merkatu-ikerketako inkestek bezero potentzialen eta dagoeneko bezero direnen iritziak ezagutzeko balio dute, zer nahi eta behar dituzten eta zer espero duten jakiteko, kontzeptuak testatzeko eta markaren ezagutza-maila neurtzeko.

Google Forms

Google Forms Googlek onlineko inprimakiak sortzeko eta erantzunak denbora errealean aztertzeko eskaintzen duen doako softwarea da.

Erabilerraztasuna du abantaila nagusietako bat. Galdera-mota desberdinak hauta daitezke, eta galderak arrastatu eta askatu daitezke ordena aldatzeko.

Gainera, gai da dokumentuen koloreak, irudiak eta letra-tipoak pertsonalizatzeko, markaren irudi korporatibora egokitu daitezen.

Crowdsignal

Crowdsignal plataforma malgu bat da, aukera ematen duena ikerketak eta inkestak egiteko CMSn, WordPress-en edo sare sozialetan (hala nola, Twitter eta Facebook) eta ikerketa interakiboak posta elektronikoz bidaltzeko.

Datuen erabateko kontrola izango duzue, eta emaitzen datuak excel-orri batera edo Google Drive-ra esportatzeko aukera.

QuestionPro

QuestionPro oso plataforma intuitiboa da hainbat gailutan (tabletan, PCan, mugikorrean) bistaratu daitezkeen inkesta erabilgarriak sortzeko. Jada ez duzu hutsetik hasi beharrik inkestak prestatzeko, ez eta 100 txantiloi eta 50 galdera baino gehiagoren artean aukeratu beharrik ere.

Gainera, logika adimenduna eta testu-analisi aurreratua baliatzen ditu balio handiagoko datuak biltzeko.

Survicate

Inkestako datuak zuen enpresan baliatzen dituzuen beste sistema batzuekin erraz konektatu nahi izanez gero, aukera ona da Survicate. Adibidez, HubSpot edo Intercom-en integratzen da, eta bezeroari buruzko informazio-fluxu etengabea lortzen du etapa guztietan.

Bereziki baliagarria da bezeroen iruzkin guztiak tresna bakar batean izateko ematen duen aukera.

Survio

Survio ere tresna ezaguna da: bezeroaren gogobetetasunari buruzko onlineko inkestak, merkatu-ikerketa edo iritzi-azterketak egiteko softwarea da.

Inkestei irudiak eta bideoak eransteko aukera ematen du erakargarriagoak izan daitezen, eta esteka, helbide elektroniko edo sare sozialen bidez partekatu ditzakezue, bai eta zuen webgunean txertatu ere.

Zoho

Minutu batzuk besterik ez duzue beharko inkesta bat sortzeko, eta emaitzak modu grafikoan eta denbora errealean ikusiko dituzue.

Prestatzen dituen txosten pertsonalizagarriak erantzunen joerak bistaratzen laguntzen du, bai eta erabaki arrazoituak hartzen ere.

Gainera, erantzunak jasotzen ere laguntzen du. Nahikoa duzue nahi duzuen eremu demografikoa aukeratzea, eta Zoho arduratuko da erantzun-bilketaz.

Videoask

Videoask aurrez aurreko enkontru birtual bat da. Laburbilduz, mezu bat grabatu, esteka partekatu eta erantzunak azter ditzakezue. Ezin hobea da zuen audientziarekin harremanetan sartzeko eta harreman komertzial sendoagoak eratzeko.

Typeform

Giza ukitua da tresna honen alderdirik garrantzitsuena. Inkestetan, galdera bat egiten da aldiro, elkarrizketa natural batean bezala, eta galdera bat edo bestea erakuts daiteke, inkestaren erantzunen arabera.

Horren ondorioz, hobeto pentsatuak izan ohi dira erantzunak eta handiagoa inkesta bukatzen dutenen kopurua.

Horiek dira zuentzat aukeratu ditugun tresnak; gehienak doakoak dira, edo doako bertsioak dituzte behintzat. Onlineko inkesta errazak egiteko aukera ematen dute denek, datuak gero zuen datu-baseetara bidaltzeko eta zuen audientziaren behar, lehentasun, iradokizun eta kexak ezagutzeko.

Badakizue: zenbat eta informazio gehiago izan zuen bezeroei buruz, orduan eta hobeto egokituko duzue zuen eskaintza, orduan eta eraginkorrago eta errentagarriagoak izango zarete, eta orduan eta hobeto kokatuko zarete merkatuan.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresetarako ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera, edo jarri harremanetan enpresetarako gure sail komertzialarekin formulario honen bidez edo zure aholkulari pertsonalaren bidez.