Covid-19a mugarria izan da gu guztion bizitzan, gure gizartean eta gure erakundeetan, eta, enpresa askotan, denboran bat etorri da eraldaketa digitala eta adimen artifizialeko soluzioak mahai gainean jarri diren unearekin. Testuinguru horretan, funtsezkoa iruditzen zaigu pandemiaren aurkako borrokan mota desberdinetako adimen artifizialak eta haien ahalmenak aprobetxatzea. Dagoeneko emaitza onak lortzen ari dira bide horretatik.

Dagoeneko erabili dira adimen artifizialeko zerbitzuak giza genomaren sekuentziazioa bizkortzeko —eta horixe da txerto eraginkorra bilatzeko lehen urratsetako bat—, sintomak dituztenen diagnostikoak eta eskanerrak azkarrago egin eta marjina-errore txikiagoa izateko, eta gaitzaren fokuak non agertuko diren aurreikusteko.

Pandemiaren jatorria, adimen artifizialaren bidez ikusita

Hain zuzen ere, Kanadako adimen artifizialeko enpresa batek eman zuen lehen aldiz birusaren berri, MOEk lehen alerta argitaratu baino 9 egun lehenago. Horretarako, hainbat iturritako 100 datu-multzo baino gehiago erabili zituen, gizakiak inoiz egin ezingo lukeen moduan. Hortik ondorioztatu dezakegu lehen unetik jabetu zirela osasun-arloko erronka izugarri hari erantzuteko lagungarri izan zitezkeela adimen artifizialeko soluzioak. Harrezkero, gero eta gehiago eta gero eta hobeto erabiltzen dira.

Lehendik ere erabili izan dira aplikazio informatikoak biomedikuntzan eta ikerketan, eta ildo horretan kokatzen da adimen artifizialaren erabilera ere: antzeko xedea du, baina emaitzak konplexuagoak dira. Esate baterako, proteinak nola tolestuko diren aurreikusten duten algoritmo batzuek birusak hedatzeko moduari buruzko informazioa ematen diete zientzialariei, eta horretarako ahalmen handia du AAk. Halaber, erakutsi du baliogarria dela tratamendu eta txerto eraginkorrak garatzeko.

Ospitale askotan, batez ere Txinan, modeloak entrenatu egin dira arnasbideetako gaixotasunak (hala nola koronabirusa) detektatzeko. Sistema horiei esker, segundo gutxian ehunka eskaner prozesa daitezke, eta emaitza fidagarriak lortu (bestela, orduak beharko lirateke). Eta diagnostikoa azkar egitea oso garrantzitsua da denbora gutxian kasu asko baieztatu edo ezeztatu behar direnean.

Pandemiaren aurkako borroka: erronka globala, lankidetza eta datu-trukea

Pandemiaren aurkako borrokan, ezinbestekoa da lankidetza, sektore guztietako jakintza partekatzea, eta adimen artifizialak gizarte osoaren esku jartzen du datu-analisirako ahalmena. Baina ez da nahikoa informazio asko biltzea; gai izan behar dugu informazio hori analizatzeko eta, helburuaren arabera, datu garrantzitsuenak erauzteko.

Esate baterako, 2019ko abenduan, birusaren ondorioei, ustezko tratamenduei eta pandemiaren dinamikari buruzko bi mila lan baino gehiago argitaratu ziren. Erronka handia da AAko ereduentzat, eta erakutsi dute ahalmen handia dutela dokumentazio hori guztia prozesatzeko eta, helburuaren arabera, informazio garrantzitsuena eskuratzeko: pazienteen arrisku-faktoreei, tratamenduei, birusaren propietateei edo txertoa lortzeko egin diren ahaleginei buruzko informazioa.

AAren ekarpena: iragartzeko eta analizatzeko ahalmena

Pandemiaren ondorioak gutxitzeko, fokuen bilakaera kontrolatzea da beste erronketako bat, eta, horretarako, birusaren hedapenari jarraipena egiteko eta hedapen horren abiaduran gehien eragiten duten aldagaiak detektatzeko modeloak ditu adimen artifizialak. Modelo horietako batzuk erabiltzen dira, dagoeneko, Espainiako eskualde batzuetan.

Guk, Euskaltelen, badakigu zer ahalmen dituen adimen artifizialak, eta denbora daramagu zuen enpresetarako adimen artifizialeko soluzioak eskaintzen, BAI Analytics gure ekipo espezializatuaren bidez zuen behar komertzial, teknologiko eta zientifikoei erantzuteko.

Enpresetarako adimen artifizialeko soluzioei buruz gehiago jakin nahi baduzu, eman izena gure buletinean edo jarri harremanetan Enpresen Merkataritza Arloko taldearekin.