Lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatu nahi duzue enpresek, eta gero eta gehiago baloratzen dituzue zuen enplegatu eta langileen ezaugarri bereizgarriak. Soft skill edo gaitasun bigunez ari gara. Pixkanaka, indarra hartzen hasi dira orain arte nagusitu diren “gaitasun gogor” edo teknikoen aldean.

Soft skills kontzeptua Estatu Batuetako armadaren entrenamendu-eskuliburu batean sortu zen 70eko hamarkadan, eta gaur egun ohiko hitzak dira giza baliabideetako sail gehienetan.

Baina zer dira soft skillak? Askotariko gaitasunen multzo batez ari gara termino hori erabiltzen dugunean. Barne hartzen dira gaitasun sozialak eta komunikatzeko gaitasunak, adimen emozionala eta eguneroko lana efizientziaz gauzatzeko funtsezkotzat jotzen diren jarrera eta trebeziak.

Testuinguru jakin batean erlazionatzeko eta jokatzeko gaitasuna markatzen dute soft skillek; hau da, pertsonarteko harremanak eta harreman sozial eta profesionalak definitzen dituzte.

Enpresa-mundura eramanda, gaitasun horiei esker, lantaldeek hobeto ulertzen dute elkar, arintasunez eta efizientziaz egiten dute lan, eta haien produktibitatea areagotzen da.

Gaitasun horiek ezin ditugu ikastaro bizkor batean edo arratsalde batean gureganatu. Beraz, garrantzitsua da gaztetatik garatzea, prestakuntza-garaian, geroago sendotu ahal izateko eta lan-merkatuan (eta bizitzan oro har) praktikan jartzeko.

Gaitasun bigunak vs gaitasun gogorrak

Gaitasun gogorrak, oro har, neurtu eta ikas daitezkeen talentu eta gaitasunak dira, eta lan-ingurunean bakarrik aplikatzen dira. Aldiz, gaitasun bigunak zailak dira kuantifikatzen eta ebaluatzen, beti ezin dira eskuratu, eta bizitzako alderdi guztietan aplika daitezke, ez eremu profesionalean bakarrik.

Tradizionalki, gaitasun bigun horiek gaitasun gogorrak (hauek zuten lehentasuna) edo teknikoak osatzen zituzten. Baina, azken urteetan, gaitasun bigunak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira enpresa-esparruan. Hala, gero eta gehiago bilatzen eta baloratzen dira, eta lehentasuna ere ematen zaie.

Gaur egungo testuinguruan, soft skillek gero eta garrantzi handiagoa dute lanpostu baterako hautagaiak ebaluatzeko garaian.

Izan ere, inork ere ez du zalantzan jartzen gaitasun bigun pertsonalek lantalde baten eta erakunde baten arrakasta lortzen laguntzen dutenik.

Hala erakusten dute esperientzia praktikoak eta azterketek. Harvardeko Unibertsitateko txosten baten arabera, karrera profesional bateko lorpenen % 80 gaitasun bigunek erabakitzen dituzte, eta, gaitasun gogorrek, % 20 bakarrik.

Zein dira gero eta gehiago eskatzen diren gaitasun bigun horiek?

Gaitasun asko sar ditzakegu gaitasun bigunen artean, baina nabarmenenetariko batzuk azalduko ditugu:

  • Erresilientzia. Prozesu guztiek dituzte gorabeherak. Funtsezkoa da oztopoen aurrean jarduera ez geldiaraztea eta presioa kudeatzen jakitea, arazoak konpontzeko modu egokiena aurkitu ahal izateko.
  • Enpatia eta adimen emozionala. Gainerakoen emozioak eta sentsibilitatea ulertzeko gaitasunak, talde-lanean laguntzeaz gainera, bezeroaren premia eta gustuak hobeto eta gehiago ulertzeko balio du.
  • Pentsamendu kritiko eta estrategikoa. Proiektu edo zerbitzu bat ebaluatzeko garaian, aukera bakoitzaren alderdi positiboak eta negatiboak ebaluatzeko eta zenbait ikuspuntu kontuan hartzeko gai izatea ezinbestekoa da gabeziak eta premiak detektatzeko eta hobekuntzak planteatzeko; hala, azken emaitza hobea izango da. Gainera, xehetasunetan arreta jartzen laguntzen du.
  • Sormena. Ez da erraza lehiakideen artean nabarmentzea. Enpresek berritu egin behar duzue, eta praktikan jarri behar dituzue merkatuan tarte bat irekiko dizuen ideia berri eta gehigarriak, zuen esparruko eskaintza zabalean ez galtzeko.
  • Lidergoa. Lidergo-dohainek segurtasuna eta lana egiteko eta taldeak koordinatzeko eta zuzentzeko gaitasuna erakusten dute, eta, halaber, lan-ingurune konstruktiboa sortzen laguntzen dute.
  • Etengabeko ikaskuntza. Teknologiak markatzen duen mundu honetan, aldaketak oso bizkor gertatzen dira. Horregatik, etengabeko ikaskuntzako prozesua behar da atzean ez geratzeko, edozein dela ere norberaren lanpostua, lan-mota edo enpresaren jarduera.
  • Malgutasuna. Egokitzen eta nork bere burua moldatzen jakitea ezinbestekoa da. Aldatzeko prest dauden eta erronka eta/edo egiteko berriak har ditzaketen enpresek aukera gehiago dute profesionalki hazteko.
  • Gaitasun digitalen garapena. Eta, zehazki, egokitzeko eta eguneratzeko premia handienetako batek teknologia digital berriekin du zerikusia. Izan ere, digitalizazioa geldiezina da, mota horretako ezagutzak ezinbestekoak dira eremu guztietan: bezeroarekiko harremana, stockaren kudeaketa, salmenta…
  • Komunikazioa eta negoziazioa. Funtsezkoa da ongi hitz egiteko eta idazteko gaitasuna eta tonua eta mezua ingurunera eta entzulera egokitzen jakitea, bai enpresa barruan, bai kanpoko bezeroei dagokienez. Zalantzarik gabe, negoziazio batean, lagungarriagoa da jendaurrean aurkezpen arin bat egitea datu tekniko mordo bat eskaintzea baino.
  • Talde-lana. Emaitza onenak lortzeko, ezagutza eta errendimendu indibiduala talde-dinamika egoki batean txertatu behar dira. Izan ere, lan on bat egiteko, beharrezkoak dira lankidetza, elkar ulertzea eta rol desberdinak dituzten eta begirada helburu komun batean jarrita elkar ulertzeko gaitasuna duten pertsonen ahaleginen batura.
  • Denboraren kudeaketa. Baliabideak mugatuak dira…, baita denbora ere. Denbora (eta larrialdiak, halakorik baldin badago) ongi antolatu eta lehenesteak kostuak murrizten ditu, eta efizientzia areagotzeko aukera ematen du. Beren denbora ongi administratzen duten langileak produktiboagoak dira.

Gaitasun horiek guztiek markatzen dituzte desberdintasunak enpresa batean, eta teknologia berrien aplikazioaz, automatizazioaz eta eraldaketa digitalaz harago doaz.

Robotizazioak eta adimen artifizialak hartu duten garrantziaren aurrean, gizakiaren gaitasun bigunak gero eta preziatuagoak dira. Teknologiak egiten duen jarduera osatzen dute, teknologiak ezin baitu gizakia ordezkatu.

Izan ere, soft skillek dakarten giza balio diferentziala zaila da kuantifikatzen, baina haren emaitzak erraz ikusiko dituzue.

Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Eta azken albisteak ezagutu nahi badituzu, jarraitu gaitzazu LinkedInen.