Slopa adimen artifizialak sortutako kalitate baxuko eduki digitala da.
Izan daitezke testu, irudi, bideo edo audio errepikakorrak, azalekoak, ez oso zehatzak edo okerrak, testuinguruan gaizki kokatuak eta bolumena sortzen dutenak baina baliorik ez dutenak. Esan genezake spam berria dela.
Sloparen ezaugarriak
Slopa nonahi dago. AA-sloparen ohiko adibideak dira kontu automatizatuek kudeatutako posta-hari polemikoak eta ahots sintetikoekin sortutako bideoak.
Ez dago slop-mota edo -kategoria bakar bat, baina ezaugarri komun batzuk adieraz ditzakegu.
-
Erabilera arduragabea edo masiboa. Azkar eta kantitate handitan sortutako edukia da.
-
Automatikoki sortua izan ohi da, gizakiak editatu gabea.
-
Kantitatea kalitatearen gainetik jartzen du.
-
Eduki generikoa eta zehaztugabea da, testuinguruan kokatu gabea.
-
Sarrerak eta amaierak berdintsuak izaten dira beti, errepikakorrak dira.
-
Ez du soluziorik edo datu egiaztaturik eta benetan baliagarririk ematen; orokortasunak baino ez.
-
"Clickbait" edukia izaten da, helburu bakartzat duena publizitate-elkarrekintza eta -sarrera errazak sortzea eta bilaketa-motorren metriketan (SEO, SEM...) eragitea.
-
Askok partekatzea eta biral bihurtzea izaten da helburua.
-
Bideo eta audio hiperrealistak izaten dira, baina koherentziarik gabeak.
-
Ausazko argitalpen masiboak egiten dituzte sare sozialetan.
-
Eduki digitalak imitatu eta erreplikatu egiten ditu, baina kalitate txikiagoarekin.
AA-slopa: gero eta arazo handiagoa
Slopari eduki zaborra deitu geniezaioke, eta gero eta ohikoagoa da. Hala, The Economist egunkariak eta Merriam-Webster argitaletxeak —Estatu Batuetako ingeleseko hiztegi nagusiaren arduraduna da— slop aukeratu dute 2025eko urteko hitz.
Zer ondorio zuzen dakartza slop gero eta ugariagoak?
-
Interneten kalitatea murrizten du, zarata eta betegarri gehiago eta informazio erabilgarri gutxiago dakarrelako.
-
AArekiko eta eduki digitalekiko mesfidantza areagotzen du.
-
Zailago egiten du eduki benetan baliotsua eta kalitate eskaseko edukia bereiztea.
