OpenAik sortutako adimen artifizialeko programa bat da DALL-E. Testu-deskribapenetatik abiatuta irudiak zerotik sortzen dituen tresna aitzindarietako bat da.
ChatGPTn integratuta dago DALL-E; zehazki, GPTren ezarpen multimodal bat da (-3 bertsioa), 12 mila milioi parametro erabiltzen dituena hizkuntza naturalaren sarrerak interpretatzeko eta testua pixelekin ordezteko.
Zertarako balio du DALL-E programak?
DALL-E irudi askotarikoak sortzeko gai da: objektu errealistak edo asmatuak, berregite historikoak, erretratuak, pinturak edo ikonoak.
Enpresen kasuan, produktuak sortzeko eta bertsio desberdinak nola geratuko liratekeen probatzeko erabil daiteke, adibidez.
DALL-Eren irudiak CLIPek aukeratzen ditu; horri esker, kalitate handiagokoak dira, eta, gainera, irudiak doitzeko, pertsonalizatzeko eta konbinatzeko aukera ere badago.
Erabilera librekoa da DALL-E?
Bada DALL-Eren bertsio libre eta doako bat, Bing bilatzailearen bidez balia daitekeena.
Beste aukera bat da ordainpeko bertsioa erabiltzea, ChatGPTren erabiltzaile bat baliatuta.
Microsoft Copiloten ere integratuta dago.
Nola erabiltzen da DALL-E?
Oso erraza da DALL-E erabiltzea: deskribatu erabili nahi duzun irudia prompt edo testu-komando baten bidez (ez dago karaktere-kopuru maximorik, ezta minimorik ere).
Adieraz dezakezu zer estilo, kolore, hondo edo irudi-mota behar duzun; zenbat eta zehaztasun eta xehetasun gehiagoko azalpena, orduan eta gehiago hurbilduko da emaitza zuk nahi duzunera.
Hala ere, lortutako irudiak konbentzitzen ez bazaitu, saiatu doikuntzaren bat edo beste irudi bat eskatzen (ez dago eskaera-mugarik).
Bertsiorik aurreratuenetan, DALL-Ek badu moderazio-sistema bat ere, tresna erabiltzean jardunbide desegokiak saihesteko pentsatua. Biolentziarekin lot daitezkeen edo gorrotora bultzatu dezaketen irudietarako dago pentsatua; pertsona ospetsuen irudiekin sortzeko aukerak ere mugatzen ditu, ez daitezen sortu edo zabaldu irudi faltsuak.
2021ean sortu zen DALL-E. 2022an, bigarren bertsioa atera zen, DALL-E 2, eta 2023an, DALL-E 3.