Josep Piqué elkarrizketatu dugu, enpresaria, ekonomialaria eta nazioarteko hizlari aditua. Duela gutxi Euskaltelek antolatu duen “Garai berriak, aukera handiak” jardunaldi teknologikoan parte hartu du. Jardunaldian, enpresen eraldaketa digitaleko joerak eta esperientzia arrakastatsuak aztertu dituzte.
Garai bakoitzean, une horretako teknologiak du eragina. Zer eginkizun du teknologiak gaur egungo munduan?
J.P.: Teknologiak beti baldintzatu du uneko egoera ekonomiko eta politikoa. Hala izan zen Harri Aroan, Metal Aroan, ontzigintzako teknologiaren garaian (XV. mendearen amaieraz geroztik itsas bidaia luzeak egin ahal izan ziren) eta Industria Iraultzan, eta hala izan da Mendebaldearen azken mendeetako nagusitasunean ere. Subjektu politiko gisa Txinak duen jarraitutasun historikoa oso lotuta dago haren nagusitasun teknologikoarekin eta, beraz, militarrarekin. XIX. mendearen erdialdera nagusitasun hori galdu izanak azaltzen du, halaber, zergatik dabilen itsututa hegemonia globala berreskuratzearekin nagusitasun teknologiko horren bidez, zeina gaur egun iraultza digitalari eta haren garapenei lotuta baitago (hots, adimen artifiziala, big data, bloke-katea, ikaskuntza automatikoa, etab.). Teknologia funtsezkoa da, berriz ere, mundu mailako ordenaren bilakaeran.
“Teknologia funtsezkoa da, berriz ere, mundu mailako ordenaren bilakaeran”
Ez da zalantzan jartzen teknologia garatzeko eta zabaltzeko beharra, baina kontua zaildu egiten da elkarlanean aritzeari edo informazioa trukatzeari buruz hitz egiten dugunean. Non kokatzen gaituzte indibidualismo horiek? Nola gainditu daitezke oztopo eta errezelo horiek?
J.P.: Iraultza digitala hain da konplexua eta hainbeste sektoreri eragiten die, ezen ezin baitzaio heldu eragile politiko edo enpresa-eragile zehatz baten ikuspegitik. Inoiz baino gehiago, aliantzetara eta lankidetzara ohitu behar dugu, publiko-pribatua barne. Eta onartu behar dugu ohitu ezean ez dugula arrakastarik izango.
Dagoeneko hemen da adimen artifiziala. Garbi ikusten ari gara zeinen erabilgarria den, besteak beste, osasun-sektorean edo sektore militarrean. Horren erakusgarri da duela gutxi Australiak, Erresuma Batuak eta AEBk egin duten AUKUS itunaren parte izatea. Zer ematen dio adimen artifizialak pandemia betean dagoen eta geopolitikoki hain konplexua den mundu honi?
J.P.: Adimen artifiziala ez da desagertuko; aitzitik, gero eta funtsezkoagoa izango da edozein esparrutan lehiakorrak izateko. Adimen artifiziala aurreko iraultza teknologikoak baino haratago doa. Aurreko iraultza haiek makinak jartzen zituzten muskuluen ordez; adimen artifizialak, ordea, neuronak jartzen ditu makinen ordez, eta onartzen da gaur egun giza talentuaren bidez egiten diren jarduera asko eta asko askoz ere eraginkortasun handiagoz egin daitezkeela adimen artifizialarekin. Giza talentua beti izango da ezinbestekoa, baina haren jardun-eremua makina baten ahalmena gainditzen duen horretara mugatuko da gero eta gehiago; batez ere emozioei, senari edo sormenari lotutakora. Baina adimen artifizialak gauzak erraztuko ditu, talentua kontzentratzeko eta espezializatzeko aukera emango baitu.
“Adimen artifizialak gauzak erraztuko ditu, talentua kontzentratzeko eta espezializatzeko aukera emango baitu”
Gizartea hiperkonektatuta eta digitalizatuta egoteak datuen pribatutasuna kolokan jartzen du, eta askatasunik urratu gabe datu horiek babesteko modua jomugan jartzen du. Ildo horretan, zer neurri nagusi ari dira hartzen eta eztabaidatzen?
J.P.: Arlo horretan, Europar Batasunak lidergoa hartu du. Arauak emateko duen ahalmena global bihurtzen da, haren barne-merkatuaren indarragatik, nahiz eta ez duen enpresa teknologiko propio handirik (AEBk edo Txinak duten bezala), eta ez den punta-puntakoa berrikuntzan eta I+Gn. Kontziente izan behar dugu babestu beharreko balioei buruzko ageriko eztabaida bat dagoela horren guztiaren atzean. Pribatutasunerako edo intimitaterako eskubidea gordetzea eta hura enpresen edo politikarien ahalmenetik babestea funtsezkoa da gizarteak irekiak izan daitezen eta pertsonen askatasunean eta aukera- eta eskubide-berdintasunean oinarrituta egon daitezen. Gaiaren funtsa da, ordea, nor den datuen jabea eta nola kudeatzen diren. Bistakoa denez, horri desberdin erantzuten zaio mendebaldekoak ez diren gizarteetan, baita Europan eta AEBn ere. Norbanakoen eskubideak bermatu behar dira botere politikoek edo merkatua menperatzen dutenek gehiegikeriaz jokatzen dutenean.
Egunero entzuten dugu esaten edozein sektore, tamaina edo tokitako enpresetan zibererasoak izan direla. Hortaz, zibersegurtasuna kezka nagusietako bat bihurtu da. Zein dira mehatxu nagusiak eta nola egin behar diote aurre enpresek arrisku horri? Benetan halako arriskuan daude?
J.P.: Zibersegurtasunari seriotasun eta zorroztasun handiz heldu behar diogu. Zibererasoak gero eta ohikoagoak dira, eta enpresak gero eta arrisku handiagoan daude. Zibererasoei aurre ez egiteak arrisku handiak dakartza; besteak beste, merkatutik desagertzekoa. Inbertitu egin behar da, eta babes eraginkorra bermatzen duten enpresekin elkartu behar da; horretarako, ordea, etengabe egokitu behar da; ezin da behin egin eta kito.
Berrikuntza, eraldaketa digitala, big data, Gauzen Internet… Ba al dute etorkizunik teknologian inbertitzen ez duten enpresek?
J.P.: Beren portaera, prozesu eta produktuen digitalizazioan inbertitzen ez duten enpresak bizkor desagertuko dira merkatutik, iraganean bilakaera teknologikora egokitu ez ziren enpresa haiek bezala. Ez dago protekzionismorik. Oso bizkor aldatzen den errealitate batera etengabe egokitzea beste aukerarik ez dago.