Enpresa adimenduna errealitatea da dagoeneko: erakunde arina da, sentsorizatua, milioika datu sortzen dituzten sareen bidez konektatua, eta laugarren industria-iraultza saihetsezinak eskatzen duen erritmoan egin duena eraldaketa digitala.

Eraldaketa hori posible egiten duten teknologiak esparru guztietan dauzkagu, ez bakarrik enpresa-eremuetan: Big Data eta analitika, gauzen Internet, adimen artifiziala, errealitate areagotua, cloud computing, fabrikazio aditiboa…

Egoera horretan, eraldatzen ez diren eta prozesuak automatizatzen ez dituzten enpresak atzean geratuko dira. Enpresen eraldaketa-prozesu hori zailtzen duten faktoreei erreparatzean, ikusiko dugu, ingurunea gero eta globalizatuagoa izanik, lehiakide batzuek —hots, korporazio handiek— dagoeneko aldatu dituztela beren prozesuak eta negozio-ereduak. Big Dataren eta gauzen Interneten garai honetan, gainera, zibererasoak azaldu dira, zeinek arriskuan jartzen baitituzte negozioak, eta beharrezko bihurtzen informazioa babestea.

4.0 iraultzako aldaketa teknologikoen abiadurak bi alde ditu: Alde batetik, teknologia berriak eta digitalizazioa gero eta beharrezkoagoak dira lehiakorragoak izateko, baina, horrekin batera, ezinbestekoa da gure lanean geldialdi bat egitea eta gure negozioaren funtzionamendua optimizatzeko hausnarketa estrategikoa egitea.

Baina, aldi berean, enpresek leku askotan dauzkate egoitzak, eta presentziazkoak ez diren kanalak sustatu behar dituzte beren produktuak eta zerbitzuak hedapen-inguruneetan merkaturatzeko; eta horretarako, gainera, eraginkorrak eta azkarrak izan behar dute, eta azpiegituretako inbertsioak minimizatu.

Egoera hori izanik, telekomunikazio-operadoreen zeregin bakarra ez da teknologia berriak ahalbidetuko dituzten azpiegiturak eraikitzea. Euskaltelen kasuan, aukera bat da gure bezero diren enpresentzat eta gure bazkideentzat. Gure indarra hurbileko operadorea izatea da; bezero ditugun enpresen beharrak ezagutzen ditugu, eta haiekin besoz beso lan egiten dugu. Horregatik, “Gertutasuna, urrun iristeko” da gure leloa. Izan ere, gure lana da digitalizazioak dakartzan erronka global berrietan laguntzea gure bezeroei. Horretarako, irtenbide eta teknologia berrien aholkulari bihurtzen ari gara, gero eta gehiago, eta, horri esker, bezero ditugun enpresek hobekuntzak egin ditzakete beren operatiboetan, eta lehiakorrago bihurtu, bezero-arretan bikaintasuna lortu, kostuetan eraginkorragoak izan, edo, zuzenean, negozio-aukera berriak sortu.

Lehen, enpresen lehentasuna produktuak sortzea zen. Gaur egun, berriz, aldatzen ari dira: behar jakin batzuetarako zerbitzu-soluzioak nahi dituzte, denbora errealean, azkar eta erraz kontsumitzekoak. Pertsonalizazio deritzo horri. Hala, hauek eskaintzen ditugu: gauzen Internet, Big Data eta analitika (hirurak zerbitzu gisa), gure bost datacenterretan ostatatutako hodeiak eta mutur batetik besterainoko zibersegurtasuneko irtenbideak. Guztiak beharrezkoak dira negozioari bultzada emateko: diru-iturri berriak sortzen dituzte, lehendik daudenak optimizatzen dituzte, eta aukera ematen dute prozesuak automatizatzeko eta erabaki hobeak hartzeko.

Ibilbide horretan, aliantzak egiten ditugu punta-puntako enpresekin. Baina hori ingurune berritzaileetan bakarrik da posible, eta halakoxea da Euskadi: gurean, enpresek eta start-upek hazten jarraitzen dute, administrazio publikoen eta hezkuntza-arloko zentro espezializatuen laguntzari esker.

Isidro Fernández de la Calle
Director Corporativo de Empresa del Grupo Euskaltel

Guía de la innovación en el País Vasco 2019
DAFO a la innovación Vasca