Hodeiko soluzioek eta datuek markatzen dute digitalizazioaren bide-orria. Beraz, azpiegitura egokiak behar dira, enpresek eta erakundeek aukera izan dezaten informazio-kantitate handiak segurtasunez eta bermez eskuratu eta gorde ahal izateko eta informaziorako sarbidea izateko une oro.
Hala, Euskadi lehen mailako datu-zentro sorta batez hornitzeko sortu da ADI Data Center Euskadi.
Lehenengo zentroa eraikitzen ari dira dagoeneko, eta, aurreikuspenen arabera, martxan izango da 2024ko aurreneko seihilekoan.
Euskadiko data cloud biltegirik handiena izango da, eta Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkean izango du egoitza, Abanton.
Azaroaren 6an (osteguna), ekitaldi sinboliko bat egin zen, asmo handiko enpresa-proiektu teknologiko baten hasiera markatzeko. Han izan zen Euskaltel, berak ere parte hartzen baitu proiektuan.
Aurreneko harria jartzeko ekitaldi horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen, bai eta Eusko Jaurlaritzako, tokiko administrazioetako eta enpresa-ehuneko zenbait ordezkari ere.
Anfitrioi gisa, berriz, ADIko Administrazio Kontseiluko kideak, Roberto Tobillas lehendakaria buru zutelarik. Kontseilu horretako kide da Euskaltel, eta, ordezkari gisa, Norberto Ojinaga teknologia-zuzendariak parte hartu zuen ekitaldian.
ADI Data Center Euskadiren eginkizunak eta helburuak
ADI Data Center Euskadiren helburu nagusia da eremu atlantikoko enpresa eta erakundeen eraldaketa digitala bultzatzea.
Azpiegitura teknologiko berri horri esker, informazioa hodeian biltegiratzeko ahalmen handia izango dute enpresek. Beti ere, informazio-zerbitzuetarako azpiegiturek bikaintasuna, fidagarritasuna, jasangarritasuna, eskalagarritasuna, segurtasun maximoa eta hurbiltasuna izango dituzte irizpide nagusi.
Teknei Taldea, Dominion eta Euskaltel gara 2022ko irailean, eta 25 milioi eurotik gorako inbertsioarekin, jaio zen proiektu honen sustatzaileak.
Gutako bakoitzak % 21,25eko partaidetza du proiektuan (Teknei Taldeak partaidetza bikoitza du, taldeko enpresa batek —Sistemas y Tratamientos Automáticos— bere ehunekoa baitu). Horietaz gainera, Eusko Jaurlaritzak % 15eko partaidetza du, eta bazkide berriak sartu ahal izango dira etorkizunean.
Euskaltelen uste dugu ADI Data Center Euskadi proiektuak eraldaketa digitaleko prozesuak garatzen eta aurreratzen lagunduko diela enpresei, eta, gainera, eragin ekonomiko eta sozial handia izango duela bere eragin-eremuan.
Horregatik guztiagatik, gure proiektuak hazten jarraitu nahi du, eta aztertzen ari gara gerora beste leku batzuetan ere antzeko instalazioak martxan jartzeko aukera. Instalazio bakoitzak bi modulu izango lituzke, bakoitza 1 MW-ekoa, eta progresiboki jarriko lirateke martxan.
Oraingoz, eta instalazio berriak martxan jarri arte, Zamudioko Parke Teknologikoko gure azpiegitura erabiltzen du ADIk bere funtzionamendurako.
Enpresentzako gure soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinean, edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresetako gure sail komertzialarekin , inprimakiaren bidez. Eta azken albisteen berri izateko, jarrai iezaguzu LinkedIn-en.