Smartphonea laguntzaile leial bihurtu zaigu. Familiarekin eta lagunekin komunikatzeko ez ezik, informatuta egoteko, tokiak aurkitzeko eta abarretarako ere erabiltzen dugu. Eta, gero eta gehiago, benetako bulegoa ari da bihurtzen.

Merkatuan aplikazio ugari ditugu eskura, mugikorrarekin erraz eta, batez ere, efizientziaz lan egiteko.

Talde-lanerako

Kontaktu fisikorik gabeko lankidetza errealitate bilakatu zaigu digitalizazio- eta pandemia-garai honetan. Trello, Slack eta halako erremintek aplikazio praktikoak dituzte mugikorrerako, eta, haiei esker, taldean egiteko proiektuak eta lanak antolatu daitezke: parte-hartzaile guztiak egoten dira informatuta, eta denbora errealean eskura dezakete dokumentazioa.

Googlek ere doako aplikazio-sorta bikaina eskaintzen du, biziki erabilgarriak guztiak ere ohiko lanak egiteko. Google Drive da app horietako bat: ezin hobea dokumentuekin, fitxategiekin, aurkezpenekin eta kalkulu-orriekin lan egiteko, eta, gainera, Internetera konektatu gabe aritzeko aukera ematen du. Google Docs, bestalde, hodeian gordetako dokumentu handiagoekin lan egiteko dago pentsatuta: banaka edo denbora errealean partekatuta aritu gaitezke. Google Duo da Googleren aukerarik ezezagunenetako bat, ezin hobea zure lankideei edo bezeroei dei bizkorrak egiteko.

Taldekideekin komunikatzeko, aukera bikainak dira Microsoft Teams, Zoom, Skype, Hangouts edo Jitsi Meet, konplikazio handirik gabe egin baitaitezke taldeko bideokonferentziak haien bidez. Bada alderik plataforma horien artean: baimendutako parte-hartzaileen kopurua, erregistratu beharra izatea ala ez, edo bilera grabatzeko aukera.

Fitxategi partekatuak igotzeko espazio bat behar baduzue, Dropbox aukera ona da. Badira beste plataforma batzuk ere, hala nola Box –hark ere hodeian gordetzen ditu dokumentuak–, OneDrive edo ZohoDocs; guztiek dituzte mugikorrerako aplikazioak, eta eroso asko instalatu ditzakezue zuen telefonoetan.

Erabilera espezializatuagoetarako

WhenIWork aplikazioa gero eta ezagunagoa da enpresa txiki eta ertainen artean; izan ere, langileen plangintza kudeatzea eta komunikazioa hobetzea ahalbidetzen du, batez ere ordutegiei dagokienez, langile bakoitzari denbora-erloju bat ipintzen baitio.

Badakigu fakturak buruhauste ederra izaten direla enpresa txiki eta ertain askorentzat. Quickbooks aplikazioarekin, fakturazio elektronikoa eramateaz gainera, inbentarioen eta diru-sarreren kontrola egin daiteke, eta egunean eduki daiteke kontabilitatea smartphonetik bertatik.

Invoice2go da beste aukera bat: txantiloietan oinarritutako aplikazio erabilgarri horrek aise bidaltzen ditu fakturak. Onlineko ordainketetarako edo txostenetarako ere erabil dezakezue.

PDF formatuaren ohiko erabiltzaileak bazarete, interesatuko zaizue AdobeFill&Sign: eremuak betetzeko, testuak editatzeko edo dokumentu horiek digitalki sinatzeko aukera emango dizue.

CamScanner, berriz, era guztietako dokumentuak eskaneatzeko eta gordetzeko aplikazio bat da, eta doikuntza txikiak egiteko aukera ere ematen du. Eskaneatu ondoren, editatu egin daitezke dokumentuok, eta oharrak ere gaineratu dakizkieke. Halaber, OCR osagarria instalatuz gero (karaktereen errekonozimendu optikoa), irudietan txertaturiko testua atera ahalko duzue.

Irudiak bilatzeko eta editatzeko

Irudiekin lan egin behar izanez gero, probatu Canva. Txantiloi bat aukeratu, eta nahi bezalaxe pertsonalizatu dezakezu diseinua: erreminta bikaina irudiak edo are bannerrak sortzeko.

Pexels, bestalde, stockeko irudi-banku ezagunenetako bat da, eta mugikorrerako aplikazio bat ere badu, funtzionalitate handikoa: askotariko irudiak deskargatu ahal izango dituzue doan. SparkAdobe aplikazioa grafikoak eta diseinuak sortzeko dago pentsaturik, txantiloietatik abiatuta.

Informatuta egoteko

Informatuta egotea ez da aukera-kontua, beharra baizik, eta horretarakoxe dugu Feedly. Gaurkotasuneko albisteekin eguneratuta egoteko modu polita da aplikazio hori, zeinaren bidez esku-eskura izango baitituzu blogetako eta beste hainbat orritako albisteak eta eguneratzeak. Gainera, edukietako batzuk antolatu edo gorde nahi izanez gero, Pocket instalatu eta noiznahi kontsultatu ahal izango dituzu irakurketa-zerrendak, zeuk administratutako moduan.

Oharrak hartzeko eta gogoratzeko

Googlek badu Google Keep izeneko ohar-aplikazio bat, hainbat plataformatako euskarriarekin. Ildo beretik, Googlez gainera, interesgarriak dira Evernote eta OneNote ere. Aplikazio horiekin, sistema pertsonalizatu bat sortu ahal izango duzu oharretarako, beste pertsona batzuekin partekatzeko edo beste formatu batzuetako fitxategiak integratzeko –bideoak, esaterako–.

Bestalde, Wunderlist agenda birtual bat da, eta, haren bidez, egitekoen zerrenda antolatu eta partekatu ahal izango duzu. Aplikazioak diseinu erraz eta moldakorra du; erraz mugitu ahalko zara fitxa batetik bestera, eta alertak, abisuak eta gainerako gogorarazpen erabilgarriak programatu ahalko dituzu.

Ikusten duzunez, gaur egun eskura ditugun aplikazioekin ez dago mugikorretik egin ezin den lanik. Zure beharretara ondoen egokitzen dena aukeratzea, horixe da koska.