Santiago Niño-Becerra ekonomiako katedraduna elkarrizketatu dugu. Euskaltelen “Gaur erabakiko duzu zer etorkizun nahi duzun” jardunaldi teknologikoetan parte hartu berri du. Pandemiaren ondoren bizi dugun egoera ekonomiko eta sozialari buruz hitz egin dugu, eta datorkigun eredu ekonomiko berriari buruz, zeinean teknologia faktore erabakigarria izango baita.

Hasteko, pandemia osteko munduaren azterketa labur bat.

SNB: Egoera zaila da. 2018tik desazelerazio-egoera batean geunden, eta banku zentralen injekzioen onurak agortzen ari ziren; eta birusak ekoizpena txikitu eta kate logistikoak haustea eragin du. Eta horri energiaren prezioa igotzea gehitu behar zaio. Pandemia osteko mundua itsusia da.

Zuk diozunez, eredu ekonomiko berri bat dator. Zein izango dira aldaketa nagusiak? Zertan egingo dugu hobera eta zertan, seguru asko, txarrera?

SNB: Teknologiak gero eta protagonismo handiagoa izango du; baita hurrengo mendeetan ere, nik uste. Estatuek gainbehera egingo dute, eta korporazioek gero eta botere handiagoa izango dute, eta oligopolioak eratuko dituzte. Udalerriek gero eta eginkizun garrantzitsuagoa izango dute lurraldearen egituratzaile gisa, lurralde-entitateak elkartuta. Kapitala kontzentratzen ari da, eta kontzentrazio hori gero eta handiagoa izango da. Errenta eta aberastasuna kontzentratu egingo dira, eta desberdintasunak handitu. Dagoeneko ari da gertatzen.

Zenbateko garrantzia izango du teknologiak etorkizun hurbil horretan?

SNB: Erabatekoa: produktibitatea hobetzen du, irtenbide jasangarriak lortzeko aukera ematen du, prozesuak errazten ditu..., baina lanpostuak suntsitzen ditu, eta langile horiek, adina edo gaitasunak direla medio, ezin dira birziklatu. Ez dakiguna da beharrezkoak izango diren ekoizpen-prozesuetarako.

'Futuro, ¿qué futuro?' liburuan, big datan eta adimen artifizialean oinarritutako fabrikazio malguaz hitz egiten duzu. Zer esan nahi duzu?

SNB: Une bakoitzean behar den produktu-kantitatea lekurik egokienean eta modurik eraginkorrenean ekoizteaz ari naiz, eta, horren ondorioz, nahi izanez gero, arrazoizko prezioan ekoizteaz. Baina segmentazioa azken txokoraino irits daitekeenez, herritarrek ez dute askatasunik edukiko, pertsona bakoitzak, bere errentaren arabera, zer ondasun eta zer zerbitzu kontsumi ditzakeen jakingo baita.

Produktibitatea ere funtsezko kontzeptu gisa nabarmentzen duzu. Zein dira produktibitatearen gakoak gaur egun?

SNB: Gorago aipatu dudan egoera horretara goaz: produktibitatea handitzeak produkzioa handitzea esan nahi zuen garaitik beste garai batera.

Ukrainako gerrak, Txinaren goraldiak, Brexitak... Zer ondorio dituzte eta izango dituzte epe laburrean gure ekonomian?

SNB: Ukrainan bizitzen ari den egoera, giza tragedia alde batera utzita, posizionamendu geoestrategikoko egoera bat da. Alderdi askotan, Angolako gerrarekin edo Kubako misilen krisiarekin parekatu daiteke, nahiz eta azken horretan ez zen eman azken pausoa. Txinarena beste kontu bat da: haren egiteko modua, populazioaren kontrola eta metodo diktatorialak erreferentzia bat izango dira datozen hamarkadetan toki guztietan, nahiz eta beste kolore eta forma batzuk hartu. Brexitari duen garrantzia emango nioke. AEBk hegazkin-ontzi iraunkor bat nahi zuen EBn, eta, Brexitari esker, Ingalaterrak egingo du hori. Ingalaterra diot, uste dudalako Eskozia independizatu egingo dela eta Ipar Irlandak Irlandako errepublikarekin bat egingo duela. Hori guztia argitutakoan, Ingalaterraren eta EBren arteko harremanak egonkortu egingo dira.

Kontsumitzaileei buruz ari zarela, 'alfa' belaunaldia aipatzen duzu, konparazioak egiteko daturik izango ez duen belaunaldia. Nola biziko dira elkarrekin alfabetatze digitaleko maila hain desberdinak dituzten belaunaldiak?

SNB: Ondo ez. Elkar baztertuz biziko dira, ez baitute elkar ulertuko. Nire ustez, alfek izango dituzten eguneroko arazoen ondorioz, ez diete kasurik egingo aurreko belaunaldiei, eta belaunaldi-eten bat sortuko da. Ikuspegi sozialetik ez dirudi mundu atsegina izango denik; are gehiago kontuan hartuta aurreko belaunaldiak, adina dela eta, gero eta mendekotasun handiagoa izango duela.

Zer nolako interakzioa izango du 'alfa’ belaunaldi horrek ekonomiarekin eta enpresekin? Nola bilatu, erosi eta salduko dituzte produktuak?

Hurrengo hamarkadetako (hamarkada askotako) esaldia hau izango da: “Beharrezkoa dena da garrantzitsua”. 'T belaunaldia'k edo 'alfa'k iraganeko erreferentziarik ez baldin badu, eta, gainera, teknologian murgilduta baldin badago, erraz onartuko du iradokitzen eta aholkatzen zaiona. Alde horretatik, erreibindikazio oso gutxiko belaunaldia izango dela uste dut.